Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa

Udaberriko poesia ufadak

Ezra Pound eta Al Bertoren antologiak dakartza Munduko Poesia Kaierak bildumak. Luigi Anselmikeuskaratu ditu poeta estatubatuarraren poemak, eta Joxemari Sestorainek, berriz, portugaldarrarenak

JULENE LARRAÑAGA - 2018(e)ko apirilaren 7a, larunbata - 11:16etan eguneratua

MUNDU zabaleko poesia euskarara ekartzeko bere ahalegin etengabean, beste bi ale berri gehitu ditu bere uztara Susaren Poesia Kaierak bildumak. Hain zuzen, Ezra Pound estatubatuarraren eta Al Berto portugaldarraren poesia antologiak gehitu dira zerrendara. Kaiera berri hauekin 26 zenbakira iritsi da 2014ko martxoan abiaturiko bilduma.

Al Berto, jatorrizko izenez Alberto Raposo Pidwell (Coimbra, 1948 – Lisboa, 1997), XX. mendeko Portugalgo idazlerik erreferentziazkoena da. “Bazterreko etiketa atxiki izan zaio sarri, baina gaur egun Fernando Pessoaren ondorengo poeta portugaldar antologatuenen artean dago”, Poesia Kaieren zuzendari Beñat Sarasolak azaldu duenez. Hala ere, ez da idazle ezaguna euskal letretan, euskaraz ez baitugu bere poemarik izan orain arte. Joxemari Sestorainek euskaratu ditu aurrenekoz haren poemetako batzuk, eta, beraz, antologia hau balio handikoa dugu euskal irakurleek autore honen berri izan dezaten.

O Medo (Trabalho Poético 1974-1986) antologia hartzen da Al Bertoren poesiaren lan gorena;Sestorainen itzulpenaren oinarria, ordea, O ultimo coraçao do sonho (Ametsaren azken bihotza) antologia izan da. “Oso poeta pertsonala eta aberasgarria da, eta ez oso ezaguna. Merezi du deskubritzea”, nabamendu zuen Sestorainek antologiaren aurkezpenean. “Bazterreko jendearen erretratugile fina” izan zen poeta portugaldarra, itzultzailearen esanetan.

Ezra Pound (1885-1972) XX. mendeko poesiaren ezinbesteko erreferentzia da, “imaginismoa deitu izan zitzaion mugimendu abangoardistako buru garrantzitsuenetakoa”, Sarasolaren esanetan. Sona handiko idazlea den arren, euskaraz oso gutxi irakurri ahal izan dira bere lanak. Bernardo Atxagaren Etiopia-n ageri dira haren erreferentziak, besteak beste, eta bere olerki batzuk ere euskaratuta daude, Jabier Kaltzakorta edo Eduardo Gil Beraren eskutik, besteak beste. Oraingoan Luigi Anselmi itzultzaileak harrapatu du Pounden unibertso poetikoa, eta euskaraz eman du, haren ibilbidearen lagin bat osatuz.

“Ezra Pound XX. mendeko poetarik handienetarikoa izan zen”, uste du Anselmik. “Ez bakarrik idatzi zituenengatik, baita, nola edo hala, bere aroko zenbait olerkari eta idazlerengan izan zuen zuzeneko edo zeharkako eragin handiagatik ere: T. S. Eliot, D. H. Lawrence, Robert Frost, John Doss Passos, Beat belaunaldikoak eta William Carlos Williams, besteak beste, James Joyce ahaztu gabe. Aipatzekoa da, baita ere, Erdi Aroko poesia –Arbaut Daniel, Guido Cavalcanti, Dante bera– eta, batez ere, Ekialde Urrunekoa –Txinerazkoa, batik bat– Europara hurbiltzeko egin zuen lana”, nabarmendu du Anselmik.

FAXISMOAREN ITZALPEAN Idahon jaio bazen ere, 1885ean, artean gaztea zela, Europara joan zan Pound, eta Italian finkatu zen. Bigarren Mundu Gerraren atarian, faxismoaren aldeko idazkiak idazten hasi zen. Faxismoa babestea, horixe izan da, Anselmiren esanetan, bere figura zikindu zuena, eta, neurri batean, bere literatura ekarpenari itzala egin diona. “Jendea oroitu ohi da batez ere, Italian zegoela, Mussoliniren faxismoaren alde egin zuela. Sobera ordainduko zuen hori hamahiru bat urtez eroetxe batean zarraturik...”. Halere, Anselmiren esanetan, lan handia egin zuen beste idazle kide batzuk laguntzen, adibidez: “Inork gutxik aipatzen du nola egin zuen lan bere idazle-kide eta lagunen alde Ingalaterran bizi zenean, batez ere, hauen karreren hastapenetan, bakarrik eta laguntzarik gabe zeudenean. Bera gabe agian ez genuen Eliot-en The Waste Land (Lur Eremua) ezagutuko guregana heldu den bezala. Berebizikoa izan zen, halaber, James Joyce-ren Ulysses Parisen argitaratzeko eta zabaltzeko egin zuen ahalegin arrakastatsua, liburu hori Ingalaterran eta Estatu Batuetan debekatu zuten garaian”. Kartzelan eta ospitale psikiatriko batean preso egon ostean, Italian hil zen Pound, 1972an.

Idazleak bere bizitzan egindako literatur-lan ugariaren lagin bat baino ez da Anselmik itzulitakoa “idazlearen garai eta estilo guztietatik zerbait ekarri nahiko lukeena”. Pounden sorkuntza aldia luzea izan zenez –mendearen hastapenetik 1970eko hamarkadara arte– eta idatzitako obra motak oso ezberdinak –poema laburrak, itzulpenak, kantu luze eta landuak–, zailtasunak izan ditu Anselmik aukeraketa egiterakoan. “Dena den, zailtasunik handiena, itzulpen guztietan bezala –eta batez ere poesia itzulpen guztietan bezala–, itzulpena dela nabaritzen ez den testu poetiko bat birsortzea izan da, xede hizkuntzan sorburukoa balitz bezala irakurriko litzatekeena”. 


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902