Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
XABIER MENDIGUREN, IDAZLEA ETA EDITOREA

“Zaintzaren gaiak fribolitate puntu bat hartu duela uste dut”

Alfonbra azpiko zikinkeriak aireratu ditu Mendigurenek‘Zu entzuteko gaude’ bere azken liburuan. Andrazkoakprotagonista, zaintzari lotutako hiru istorio bildu ditu bertan

JONEBATI ZABALA - 2018(e)ko apirilaren 6a, ostirala - 11:07etan eguneratua

Xabier Mendiguren idazle eta editorea, atzo, Donostian.

Xabier Mendiguren idazle eta editorea.

Galería Noticia

Xabier Mendiguren idazle eta editorea, atzo, Donostian.

ZAINTZAREN inguruko liburu bat argitaratu nahi izan ez duen arren, Zu entzuteko gaude laneko orrialdeetan barrena hedatzen da gai hori. Hiru ipuinez osatu du bere argitalpen berria Xabier Mendigurenek (Beasain, 1964). Horietan, Irati, Edurne eta Berta protagonistek bakardadea, menpekotasunak dituzten pertsonen zaintzak ekar dezakeen sakrifizioa eta izateari zentzua aurkitzeko zailtasunekin bizi beharko dute. Aurrez planifikatu gabe, orain arte argitaratu dituen liburuekiko ezberdinak diren elementuak bildu ditu idazleak liburuan, tematika eta tonu aldetik batez ere. Hala, Mendiguren beraren esanetan, “orain arte landu duen libururik diferenteena” da Zu entzuteko gaude (Elkar, 2018).

Egunerokotasunean topa ditzakegun gai anitz landu dituzu liburuan: bakardadea, menpekotasunak dituztenen zaintza eta horrek ekar dezakeen sakrifizioa, bizitzari zentzurik aurkitu ez eta suizidioaren aukera. Zer nolakoa izan da istorio bakoitzaren sortze prozesua?

Beste edozein liburutan bezala, istorioak zure buru barruan hasten dira sortzen, mamitzen, gorpuzten… Gero, une batean idazten jartzen zara, eta hasieran uste ez zenituen bideak hartzen ditu ipuinak. Oro har, esan liteke ez dela aurrez planifikatutako prozesua. Gero, istorio horiek ahalik eta txukunen, ederren utzi nahi izaten dituzu berrirakurtze eta berridazteen bitartez, eta azkenik, istorio batzuk liburu barruan utzi, beste batzuk kanpoan utzi, osotasunak izan dezan zentzu bat, batasun bat.

Zaintzaren gaia oso presente dago liburuan, baina esan izan duzu ez duzula zaintzari buruzko liburu bat egin nahi izan.

2016an hasi nintzen liburuko istorioak idazten. Orduan ez zen hainbeste aipatzen gai hori, baina geroztik modan jarri dela ematen du. Horrek, batetik, poztu egin nau, beharrezkoa iruditzen zaidalako gizarte osoak izatea gai horren kezka eta ardura, baina bestetik, iruditzen zait fribolitate puntu bat ere hartu duela batzuen ahotan. Horregatik, liburuko azken istorioan, 2018 honetan idatzita, badago halako ziri bat. “Zaintza da gure iraultza” esaten du artista batek irratian, eta hori entzuten duen protagonistak bere artean hauxe pentsatu: “Eta Teresa Kalkutakoa Che Guevara berria”.

Emakumeak dira hiru protagonistak eta emakumeei ‘lotutako’ egitekoa izan ohi da zaintza. Hain beharrezkoa, baina era berean hain ikusezindua eta gutxietsia dagoena.

Ez nuke nahi inola ere inork pentsatzerik zaintzak emakumeen kontua izan behar duenik. Baina egia da emakumeak gehiago arduratzen direla besteez, eta baita lan hori oharkabean pasatzen zaigula ere. Hala ere beste gai asko agertzen dira ipuinetan, zaintzaz gain.

Alfonbra azpiko sekretuak, ‘zikinkeria’ agerian utzi nahi izan duzu... Istorio triste samarrak direla esan dezakegu.

Ez dira komeriak... Baina ez pentsa;aurrekoan, jendaurreko irakurketa bat egin nuen, eta ohartu nintzen umore eta ironia ugari dagoela lerro artean.

Orain arte argitaratu dituzun liburuekin alderatuz, esan duzu hau dela diferenteena, gaiei dagokionez, bereziki. Zer dela-eta aldaketa?

Bai, orain arte, bikote kontuak eta gizarte arazoak ateratzen zitzaizkidan batez ere, edo biak nahastuta. Eta baliteke hurrengo nire liburuetan ere horiek agertzea, baina liburu hau desberdin atera da. Zergatik? Ba, ez nuke jakingo esaten. Ez da aurrez hartutako erabakia izan. Bizitzak berak eramaten zaitu batzuetan leku batera edo bestera, eta ederra da ez jakitea zer etorriko den hurrena.

Hiru ipuinetako protagonistak emakumezkoak izateaz gain, andrazkoak dira istorioetako harreman esanguratsuenetakoak ere. Hori ere berria dela esan duzu. Zer dela-eta aldaketa?

Gauza bera esan beharko nuke: berez atera zaidala. Beharbada, inguruan emakumeak ditudalako, haiei entzuten diedalako eta zerbait ikasi nahi nukeelako. Barrako solasgaiek ez naute askorik erakartzen.

Aurreko liburuetan izenik gabeko kokapenak ziren nagusi eta oraingoan argi ageri da Donostia eszenatoki gisa.

Beste edozein leku ere izan zitekeen. Bertan bizi naizelako, modu naturalean atera zaizkit Donostian kokatuak. Baina geografiak ez du markatzen istorioen nondik norakoa, erreferentzia ezagun batzuk emateaz gainera, irakurleei ezagunak egingo zaizkienak.

Berrikuntzen bila gabiltza beti? Ala erronka bat ere izan daiteke idazlearentzat?

Idazleok ahots, tonu, estilo baten bila ibili ohi gara urtetan. Eta lortzen dugunean, tentazioa izan dezakegu bertan goxo egiteko, errepikapenean jausteko… Ni ez naiz berariaz tematu berrikuntzak bilatzen, eta oro har esango nuke nire ohiko idazkera topatuko duela irakurleak, baina egia da, baita ere, landuriko gaietan badirela desberdintasunak.

Idazlea editore, editorea idazle. Idazle gisa baino, hedabideetan gehiagotan agertzen zara editore lanari lotutakoekin. Jada liburu asko duzu atzean, baina zelan bizi izaten duzu beste aldean egote hori?

Nire ogibidea da editore izatea, eta horrez gain, izugarri maite dudan zeregina da, aukera ematen baitit jende oso interesgarria ezagutzeko, besteen istorioak inork baino lehenago irakurtzeko, eta istorio horiek hobetzen laguntzeko. Neure istorio propioak idaztea oporretako eta denbora libreko lan bat da, gero eta gehiago. Bigarren honek ere asko ematen dit, neurri batean, baina ez da zentrala nire eguneroko bizitzan.

Idazle gisa denetik probatu duzu, baina ipuinetara jo duzu oraingoan ere.

Batetik, istorio bakoitzak esaten dizu, nolabait, zein den hori garatzeko generorik, luzerarik, tonurik egokiena. Bestetik, baina, uste dut urteekin neureago sentitzen ditudan formak hobesten joan naizela, eta fidelitate handiena ipuinari diodala esan liteke. Ipuin luze samarrak, estilo errealistan emanak, zailtasun tekniko berezirik erantsi gabe.

Duela gutxi Elkar fundazioak euskarazko kulturaren kontsumoaren inguruan egindako azterketak datu kezkagarriak atera zituen argitara. Editore eta idazle gisa zein hausnarketa egiten duzu honen inguruan?

Zuk zeuk esan duzu, datu kezkagarriak dira. Gainera, uste dut errealitatean datu horiek are kaxkarragoak izango direla. Noski, ezin horrekin poztu, baina ezta etsi ere. Akuilatu egin behar gaitu gogorrago ekiteko: euskaltzale gisa exijenteago izateko, bai gure bizitza pribatuan bai erakundeen aurrean, bai kontsumitzaile garen neurrian. Eta herri gisa ere, erosokerian eta etsipenean erori gabe, aurrerapausoak eman behar ditugu, ausardiaz eta argitasunez.

Esana duzu transmisioak huts egiten duela. Hori izan daiteke arrazoietako bat?

Hori konstatazio bat da. Aldi berean da gabezia askoren efektua eta arazo zenbaiten iturria. Konponbideak jartzeko, mila arlotan egin behar da lan, batera: euskal kultura erakargarriago eginez, baina baita ere bideak jarriz sorkuntza garatzeko, gazteengana iristeko, gizarte osoak euskaraz funtzionatzen hasteko…


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902