Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
IRITZIA

Fantastikoaz

IBAN ZALDUA - 2018(e)ko martxoaren 29a, osteguna - 11:07etan eguneratua

EUSKAL literatura garaikidearen historian une bat egon zen zeinetan ematen baitzuen fantastikoak garrantzi berezia irabaziko zuela, gure letra berrituen osagarri ezinbesteko bihurtuko zela. Kafka, Calvino, Cortazar, Borges eta enparauen eskutik berrikuntza heldu zen, euskal ipuingintzara bereziki, eta generoaren zaleok biziki poztu ginen Joseba Sarrionandiak, Bernardo Atxagak, Juan Garziak edo Karlos Linazasorok, besteak beste, egindako ekarpenekin, 1980-90 hamarraldien arteko buelta loriatsu hartan: euskal literaturak, azkenik, Munduko Letren Errepublikaren trena harrapatu zuenekoa.

Gero –zilegi bekit sinplifikatzea– Carver iritsi zen eta ildo hori menostuta geratu zen gure literaturan: errealismoa nagusitu da, nabarmen, azken hamarraldi hauetako euskal unibertsoan –ingurukoetan bezala, bestalde: ez gara horren berezi eta orijinalak–. Errealismoa, fikzioaz ari garenean, beste konbentzio bat baino ez dela ahaztuta, fantastikoa bezain formulaikoa izan daitekeena.

Horregatik guztiagatik bakarrik oso seinale ona iruditu zitzaidan Urt Zubiaurreren lehenengo ipuin liburuaren kaleratzea, Izenik gabeko lurrak (Erein, 2016);lan bat, tamalez, oihartzun berezirik gabe pasatu zena gure kulturaren erakusleihoetatik –hots, ohikoa dena baino oihartzun txikiagoarekin–.

Opera prima gehienei dagozkien gorabeherak alde batera utzita, aire freskoaren arnasaldi bat iruditu zitzaidan egileak bertan darabilen fantastikorako hurbilketa, kontzientea, eraginkorra, lotsarik gabekoa, klasikoa bezain berritua: fantastikoa ez da, generoko idazle onengan bezala Zubiaurrerengan, errealitatetik eskapo egiteko modu bat, egiari –batzuetan egia sakonei– tamaina hartzeko beste modu bat baizik. Bakardadea, Zoroarena eta Zama bezalako ipuinak irakurtzea besterik ez dago horretaz jabetzeko.

Antzeko zerbait gertatu zitzaidan Pasazaite argitaletxeak egiten dizkigun opari horietako batekin: Hassan Blasin-en Kristo irakiarra bildumaz ari naiz (2017). Ekialde Hurbileko egoera belikoa hain da lazgarria ezen ematen baitu fantastikoaren erabilerara baino ezin duela jo jazotakoa minimoki ulergarria egin dakion idazleari –eta baita irakurleari ere–. Blasinek berak iradokitzen du, elkarrizketa batzuetan, Irakeko gerrak eta gerraosteak amesgaizto bat izan direla, eta, beraz, amesgaiztoetako baliabideekin baino ezin dela kontatu;naturaz gaindiko –edo azpiko– xehetasunek eragin ohi duten disonantziek beste dimentsio bat hartzen dute izugarrikeria guztien erdian.

Izugarrikeria batzuk, bide batez esanda, ez direnak mugatzen gerra urrun batzuetara: gure Europa gotorlekura sartzen saiatzen diren errefuxiatuen istorioak ere elementu fantastiko esanguratsuez zipriztinduta ageri dira –Blasin berak, egun Finlandian bizi denak, Turkiako eta Bulgariako mugetan barna egin behar izan zuen, luze, ibilbide klandestino eta, gu europarrontzat, ezin lotsagarriago hori–.

Julio Cortazarrek Berkeleyko Kaliforniako Unibertsitateko ikasleei 1980. urtean eman zizkien eskoletan esan zuen bezala: “Nik maite dudan fantasia, fantastikoa, imajinagarria, zeinarekin neure obra egiten saiatu bainaiz, inguratzen gaituen errealitate hori argiago eta indartsuago proiektatzeko balio duen guztia da, funtsean”.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902