Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa

Zeru gorriek dakartena

‘Egunsentiak alferrentzat’ diskoan, gaixotasunaz eta zaintzaz aritu da Andoni Tolosa ‘Morau’,amarekin pasatako azken urteak modu intimista eta sakonean islatuz, hitzez zein doinuz 

OLATZ PRAT - 2018(e)ko martxoaren 29a, osteguna - 11:02etan eguneratua

Andoni Tolosa "Morau".

Andoni Tolosa "Morau". (Oskar Montero)

Galería Noticia

Andoni Tolosa "Morau".

ZAILA suertatzen da gaur egun gure gizartean hainbat gaien inguruan lasai eta zabal hitz egitea. Horietako bi baino ez dira heriotza eta gaixotasuna;ezinbestean lehenengoa, eta probabilitate handiz bigarrena, geure azalean edo gertuko senide eta lagunengan sufritu behar izaten den arren, bizipen horiek sortzen dutena hitzetan jartzea ez da beti nahi bezain erraza edo naturala suertatzen.

Horretaz asko ikasi du Andoni Tolosa Morau-k azken urte hauetan. Oraindik ez da urte eta erdi bat pasatu ama galdu zuenetik. Hain zuzen, amarekin azken hamabi urtean bizi izandakoak bildu ditu Egunsentiak alferrentzat diskoan. “Ama aspalditik ateratzen zen paseatzera, lagun batekin joaten zen beti. Baina, lagunak ezin izan zuenean, berari laguntzen hasi nintzen, beti egunsentian joaten ginen. Handik bi urtera alzheimerra diagnostikatu zioten eta ordutik aurrera berarekin paseatzean burura etorri zitzaizkidanak apuntatzen hasi nintzen, egunerokoan sortutako hausnarketak, esaldiak, testuak...”.

Horiek blog batean jasotzen joan zen eta denborarekin ohartu zen bazegoela zer kontatu. Testu haiek ordenatu eta kantuetarako letrak ateratzen hasi zen eta gero haiei musika jartzen. Irailean Ereinotzuko Aieka estudioan grabatu zuen Peio Gorrotxategirekin, eta Jonan Ordorikak masterizatu du diskoa, Azkarateko Mamia Estudioan. Otsailean ikusi zuen argia Egunsentiak alferrentzat lanak, Iñaki Martiarena Mattin-ek diseinatu eta eskuz egindako 500 aleko edizio mugatuan.

HITZ EGITEKO BEHARRAInoiz egin duen diskorik intimistena eta pertsonalena da. Hitzetan nabari da egileak barru-barrutik atera dituela bere emozio eta sentimenduak. Zerbait bazetorren susmoa, amaren lehen ahanzturak, osasun zentroetako bizipenak, diagnostikoa. Eta hortik aurrera, abestiz abesti deskribatu du ama zaintzea beretzat izan dena eta ama “urruntzen” ikusteak sortu ziona. Alzheimerraren alderdirik bistakoena izanik, memoriaren azpikeriak ditu hizpide kantu askotan: Bi argazki egin une berean leku berari, bat ohartzeko, bestea ziurtatzeko une hori inoiz existitu izana (Bi argazki), Mara mara ari du dena estali arte, aspaldi ez du atertzen inolaz ere, marraztu bideak ahaztu baino lehen (Maleta), Ezagutu egin nau irribarre egin dit, urrun estutasuna egunon argiari, tartetxo bat lapurtu diogu eritasunari (Gaixo). Beste zenbaitetan, zaintzaz aritu da: Gerta daitezkeen gaitz guztiak idatziko ditut, min bakoitzari izen egokia jartzeko, izutu beharrean haiekin ohitzen hasteko, bidean adore apurrik ez galtzeko (Mina), Halabeharrari ipurdia garbitzea, larrialdiei begirunea galtzea, hatsa alperrik ez xahutzea, disimuluarekin amore ematea (Ona).

Berarentzat “irakaspen bat” izateaz gain, berak egindako prozesu hau azalarazi eta hitzez adierazi izana beste zenbaiti ere lagungarri gertatu zaio, izan ere, diskoa atera duenetik jendea hurbildu zaio eskerrak ematera: “Jendeak asko baloratu du, gaixotasunaren gaiaz gain, zaintzaren gaia ere plazaratu izana, hori kontatu izana dramatismorik gabe, baina, era berean, ezer ezkutatu gabe. Badirudi gaixotasunez hitz egitea madarikazio bat esnatzea dela, ez dakit lotsa soziala den edo zer den. Ez da horretaz hitz egiten, baina egia dena da horretan gabiltzanok sekulako beharra daukagula hitz egiteko. Hala ere, zorionez, uste dut poliki-poliki ari garela aurrera egiten, eta nik egin bezala, beste musikari batzuk ere ari dira gai hauek lantzen, eta hori bada normaltasunerako pauso bat”.

BAKARKAKO LEHENA Bakarlari bezala kaleratu duen lehen lana da hau, aurretik taldean aritu izan baita beti. Horrek are pertsonalago egiten du diskoa. “Musikalki desberdina da disko hau, kantuak bakarka sortu baititut, bakarka defendatzeko zuzenekoetan ere, eta horrek alor berriak lantzeko aukera eman dit”. Gitarra eta ahotsaz soilik osatu du diskoa eta hala ariko da zuzenekoetan: “ausartu beharko naiz biluztasun horretan aritzera”, dio musikariak. Edonola ere, izan ditu kolaborazioak lan honetan. Hainbat urtetan bidelagun izan duen Beñardo Goietxek (Mugaldekoak) ahotsak sartu ditu abestietan eta Giorgio Basmatti donostiarrak (Oso Fan) Tolosaren Bi argazki abestiaren bertsio bat egin du. Ez da diskoko bertsio bakarra, izan ere, Morauk Itoitz taldearen Clash eta Pistols abestia moldatu du bererako. “Ama azkenekoz ospitalean zela eta hura zaintzeko txanda aurreko eta osteko paseotan buruan sartu zitzaidan kantu hau. Iragarpen bat izan zen niretzat, orduan sentitu nuen ama bazihoala. Esan dezaket kantua nik aukeratu beharrean, berak aukeratu ninduela ni”.

Diskoa Bandcamp plataforman doan entzun daiteke. Zuzenean entzuteko, berriz, aukera izango dute entzuleek maiatzaren 20an, Berako Kataku tabernan. Maiatzaren 27an Zarauzko Literaturiako solasaldi batean parte hartuko du Andu Lertxundi eta Maddi Zubeldiarekin batera, alzheimerraren inguruko bizipenez hitz egiteko.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902