Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Eñaut Solaguren eta Eneko Balerdi, AIAKO LARDIZABAL ESKOLAKO GURASO ELKARTEKO KIDEAK

“Belaunaldien arteko abesbatzarekin gazte eta helduen arteko harremana sustatu nahi dugu”

Haurrak, gazteak eta helduakkantuen inguruan elkartzekohelburuarekin, AiakoLardizabal eskolako gurasoelkarteak ‘Goazen abestera’proiektua jarri du martxan

Ane Roteta - 2018(e)ko martxoaren 28a, asteazkena - 09:55etan eguneratua

Aiako Lardizabal Eskolako guraso elkarteko kideak.

Aiako Lardizabal Eskolako guraso elkarteko kideak.

Galería Noticia

Aiako Lardizabal Eskolako guraso elkarteko kideak.

AIA – Aiako Lardizabal eskolako guraso elkarteak belaunaldien arteko abesbatza sortzeko ekimena jarri du martxan, eta ekaina bitartean lau saio egingo dituzte, ikasturte amaierako festan emanaldi bat eskaintzeko. Lehen saioa dagoeneko egin dute, eta hurrengoak apirilaren 13an, maiatzaren 11n eta ekainaren 15ean egingo dituzte, 18.00etatik 19.00etara Aiako kultur etxean.

Zertan datza ‘Goazen abestera’ proiektua?

–Eñaut Solaguren: Abesbatza bat sortzea da proiektuaren oinarria, ume, gazteak eta helduak elkartuz. Azken finean, adin desberdinetako jendea nahi dugu elkartu elkarrekin zerbait egiteko, kasu honetan, abestu. Abesteko saio batzuk egingo ditugu, eta, ondoren, Lardizabal eskolako festan, ekainaren 16an, proiektuaren bukaera moduan, parte hartu eta kantu batzuk abestuko ditugu. Helburu nagusia belaunaldien arteko harreman hori sortzea da;izan ere, gazte eta helduen arteko harremana ez dela horrenbeste sustatzen ikusten dugu eta hori da bultzatu nahi duguna.

Eta nola sortu zen ekimen hau sortzeko ideia? 

–E.S.: Guraso elkarteak, berez, batzorde itxi baten moduan funtzionatzen du eta iaz funtzionamenduari buruzko gogoeta bat egin genuen. Hala, interesen araberako batzorde desberdinekin funtzionatzea egokia izan litekeela ikusi genuen, batzorde desberdinak egonda nolabait batzorde itxi hori irekitzeko aukera izango genukeelakoan. Modu honetan, pedagogia batzordea sortu genuen eta hortik bideratu zen pedagogiarekin harremana daukaten ekintza desberdinak egitea. Batzordean proposatutako proiektuetako bat izan zen hau.

Ze onura ikusten dizkiozue horrelako ekimen batean belaunaldi desberdinak elkartzeari?

–Eneko Balerdi: Azken finean, eskolatik abiatutako ekimen bat baldin bada ere, herrira zabaltzen da. Esan dezakegu herria nolabait sektoreka banatuta dagoela, eta belaunaldien arteko harremanak ez dira horrenbeste ematen;izan ere, topaguneak bizi zikloen arabera antolatzen dira eta hori apurtzeko edo bestelako dinamika bat proposatzeko asmoarekin sortu dugu. Transmisio naturala familia girokoa izan da, baina hori gauzatzen den proiektuak edo guneak ez dira horrenbeste, eta hori da nahi duguna, transmisioa bideratzeko eta ondo pasatzeko baliabide bat izatea.

Horrelako eredurik ikusi al duzue beste nonbaiten? 

–E.S.:Taldean dagoen partaide batek komentatu zuen kongresu batean parte hartu zuela eta bertan ikusi zuela horrelako ekimen bat. Beraz, horrelako zerbait egitea erraza izan litekeela proposatu zuen. Hala, eskolako festa egiten denez, saio hauek eta festa hori elkartzea erabaki genuen eta horrelaxe hasi zen dena.

Ze dinamika izango dute saioek?

–E.S.: Guztira, lau saio izango dira eta emanaldia eskolako festan egingo da. Ekimena guztiz irekia da, nahi duenak har dezake parte, lehenengo saioan izan ez bada ere. Iosu Txapartegi Txapas zarauztarraren laguntza dugu horretarako;izan ere, berak horrelako taldeak dinamizatzen eta musikaren inguruan esperientzia eta eskua du. Euskal abestiak lantzen dira saioetan eta lehenengo egunean hiru abestirekin hasi ginen. Pixkat motz geratu zela ikusi genuenez, 8 edo 10 abesti inguruko errepertorioa egingo dugu.

Eta lehen entseguaren ondoren, zer nolako sentsazioa duzue?

–E.B.: Egia esan saioa oso ondo joan zen eta jendea oso gustura atera zen, baita gu ere. Orokorrean, sentsazio oso onak eta positiboak izan ditugu.

Proiektu honi jarraipena emateko asmoa al duzue?

–E.B.: Oraindik ez dugu erabaki, ondorioak ateratzeko goiz da eta. Ekainean, emanaldiaren ondoren, ikusiko dugu zer egingo dugun, eta agian, nork daki, proiektu honek beste proiektu baterako aldaketa ekartzen du.

Entseguetan parte hartu nahi duenak zer egin behar du?

–E.S.: Entseguetako egunetan kultur etxera bertara agertu, edo parte hartu duen edozeini edo guraso elkarteko norbaiti abisatzearekin nahikoa da. Horretaz gain, eskolara ere jo daiteke. Eta esan beharra dago, musika-tresnaren bat jotzen dutenak ere ongi-etorriak izango direla.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902