Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa

Iñigo Urkulluk Euskadiko Filmategia bisitatu du

2018(e)ko martxoaren 28a, asteazkena - 12:36etan eguneratua

Galería Noticia

DONOSTIA. Erakundearen 40. urteurrena ospatzeko asmoz, bai eta Filmategiak eta Etxepare Euskal Institutuak kudeatzen duten Kimuak programaren 20. urtemuga ere, Iñigo Urkullu Lehendakariak Euskadiko Filmategiaren egoitza bisitatu du gaur goizean. Nabarmendu dutenez, azken proiektu hori funtsezkoa izan da euskal zinemagintza sustatzeko. Bisita Filmategiak bere funts guztiak Tabakalerako egoitza berrira eramaten bukatu duen unean etorri da, orain arte Urdanibia Jauregian eta Oñatiko Herrialde Artxiboan gordeta egon ostean.

Bere hitzaldian euskal zinemagintza ondarea babeste aldera Euskadiko Filmategiak izan duen garrantzia nabarmendu du Iñigo Urkullu Lehendakariak: "Gure filmak gure memoria lekuak dira, eta gure kultura eta nortasuna ezagutzeko beste modu bat eskaintzen digute. Gure zinemagintza ondarea babestearen aldeko apustua berretsi egiten dugu, biharko euskal kulturarentzako funtsezko ekarpen bat delakoan baikaude". Lehendakariarekin batera, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria, Kultura sailburuorde Joxean Muñoz, Filmategiko zuzendari Joxean Fernandez eta Tabakalerako zuzendari orokor Edurne Ormazabal izan dira, besteak beste.

Bisitan zehar Filmategiak Tabakalerako bigarren solairuan dituen instalazioak ezagutu dituzte, bai eta eraikinaren behealdean dauden erakundearen funtsak ere. Ekitaldiaren amaieran Tabakalerako kultura ekosistemako ordezkariekin batera, erakundeen arteko lankidetzak euskal zinemagintza sustatzen jarraitu ahal izateko duen garrantzia azpimarratu du. "Euskal zinemagintza gure mugez gaindiko froga gainditzen ari da, ezbairik gabe, baita euskaraz egindako zinemagintza ere, eta gure kulturak nazioartean duen proiekzioaren erreferentzietako bat bilakatu da. Gure babes eta laguntza guztia emango dugu erronka horiei erantzuten jarraitzeko. Euskadiko Filmategia, Kimuak programa, Zineuskadi, Donostiako Zinemaldia, Etxepare Institutua, Elias Querejeta Zine Eskola edota Tabakalera funtsezko erremintak dira etorkizunean izan ditzakegun erronkei aurre egiteko", gaineratu du Lehendakariak.

Filmategia

Euskadiko Filmategia 1978ko maiatzean sortu zen, euskal ikus-entzunezko ondarea biltzeko xedearekin. Mota honetako erakunde bat izan zuen lehen autonomia elkargoa izan zen Euskadi, eta Filmategia Film Artxiboen Nazioarteko Federakuntzako kide ere bilakatu zen. Egoitza ezberdinak izan ditu azken 40 urteotan, guztiak ere Donostian;baina 2015eko irailetik aurrera Tabakalera Kultura Garaikideko Nazioarteko Zentroan du egoitza.

Egoitza berriak aurrerapauso bat suposatu du euskal zinemagintza ondarea babesteko bere xedea betetzeari begira. "Gure helburuak ez dira aldatu: zinemagintza orokorrean eta euskal zinemagintza bereziki ikertzeko interesgarriak diren filmak edo, orokorrean, kultura zinematografikoa kontserbatzea, ikertzea, berreskuratzea, artxibatzea eta hedatzea. Kultura edo historia ikuspegitik kontserbatu beharko litzatekeen dokumentazioa eta material teknikoa bildu eta babesteko ardura dugu ere. Finean, gure zinemagintza ondarea babesteko ardura duen euskal erakundea gara, oso garrantzitsua den eginkizuna", adierazi du Euskadiko Filmategiko zuzendari Joxean Fernandezek.

Egoitza berri honetatik, Euskadiko Filmategiak, besteak beste, ondoko aukerak eskaintzen ditu: berezko programazioa, espezializatutako liburutegia eta ikus-entzunezko industriako profesional eta ikertzaileei zuzenduriko ikuskaldi zerbitzua. Filmategiak, halaber, bere argitalpenak sustatzen ditu urtero eta beste erakunde ezberdinekin batera lan egiten du nazioarteko izaera duten beste argitalpen batzuetan.

Artxibo bakarra

Tabakalerako egoitza berriari esker, beste erakundeekin zuen lankidetzan sakontzeko aukera izan du Filmategiak eta, batez ere , bere funtsak leku bakarrean bildu ahal izan ditu. Erakundearen 40. urteurrenaren harira Lehendakariak egin duen bisita Filmategiaren funts guztiak Tabakalerako egoitzara eramaten bukatu duten unean iritsi da. Gaur arte, film funts horiek Urdanibia Jauregian eta Oñatiko Herrialde Artxiboan zeuden gordeta.

Prozesua amaitu ostean Filmategiaren funts guztiak 845 metro karratuko artxibo batean gordeta daude, Tabakalerako 0. solairuan. Artxiboak honako elementuak ditu: 35 milimetrotako 6.963 kopia, 1.416 bilkari film-negatiborekin, 16 milimetrotako 1.091 kopia, 9,5 milimetrotako 350 bilkari, 8 milimetrotako eta Super-8 milimetrotako 665 film-depositu, 4.678 VHS zinta, 1.364 Betacam SP zinta eta 2.226 kartel. .

Kimuak programa

Euskadiko Filmategiaren eginkizunetako bat da Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikak sustatzen duen Kimuak programa kudeatzea, Etxepare Euskal Institutuarekin batera. Ekimen hori 1998. urtean jarri zen martxan, euskal laburmetraien arloak pairatzen zuen arazo bat konpontzeko helburuarekin. Aurreko mendearen amaieran laburmetraien ekoizpenak une bikaina bizi zuen Euskadin, bai ekoizpen kopuruari bai horien kalitateari zegokionez ere. Laburmetraia horiek proiektatzea ia ezinezkoa zen, ordea, zuzendari eta ekoizleek beren lanak hedatzeko zituzten zailtasunak zirela eta. Kimuak arazo horrekin bukatzeko xedearekin jaio zen.

Programa publiko horren funtsezko xedeak dira urte bakoitzeko laburmetraia hoberenak sustatzea, hedatzea eta gizarteratzea. Ekimen honek nazioartekotze-joera argia badauka ere, lehen hartzaileak euskal ikusleak dira. Lanen hedatzea Euskadin sustatu ahal izateko, harreman estuak ditu jaialdi, udale, elkarte eta hezkuntza zentro ugarirekin. Aipatu hedatzea nazioartean bermatu ahal izateko, programak munduko laburmetraia merkatu ezagunenean (Clermont-Ferrandeko Jaialdia) parte hartzen du urtero eta katalogo bakoitza mundu osoko 1.000 jaialdi baino gehiagora bidaltzen da zuzenean.

Azken urte hauetan, 144 laburmetraia sartu izan dira, guztira, Kimuak programan. 2001. urtean erregistro zehatzak egiten hasi zenetik, aipatu lanak 12.982 aldiz izan dira aukeratuak, 2.263 sari lortuz. Ondokoak dira lortutako lorpen esanguratsuenak: bi hautagaitza Oscarretarako, bi hautagaitza European Film Awards (EFA) sarietarako, Urteko fantasiazko laburmetraia europar onenari (Méliès d'Or) sari bat eta bi Goya sari.

Euskadiko Filmategiko zuzendari Joxean Fernandezek ekimenak euskal zinemagintzaren aro bikain hau sendotzeko izan duen garrantzia nabarmendu du: "Filmategiaren 40. urteurren pozgarri hau egungo euskal zinemagintzaren une bikain honekin batera dator. Eta kasualitateak gehiegizko esanahia baino ez dira ziurrenik. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren Kimuak programak 20 urte bete ditu. Orain Etxepare Euskal Institutuarekin batera kudeatuta eta lehenago Donostia Kulturarekin, ekimen hori euskal zinemagileen talentuari laguntzeko politika publiko nabarmenenetako bat izan da".

Iñigo Urkullu lehendakariak Kimuak programak euskal zinemagileen talentua sustatzeko izan duen garrantzia nabarmendu du ere. "Kimuak proiektuaren 20 urteko historiak harreman zuzena dauka talentu handiko euskal belaunaldi honen agerpenarekin. "Kimuak belaunaldi" honek gure zinemagintzaren hiru asmo bete ditu: industriaren presentzia profesionala sendotzea Euskadin, 'Madrilerako exodoaren' aurrean;gure zinemagintzaren nazioarteko proiekzioa sustatzea;eta euskarazko lan profesionala sendotzea", aipatu du.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak osotasunean finantzatzen du Euskadiko Filmategiaren funtzionamendua, patronatuan foru aldundiak ere daudelarik. Filmategiak ekitaldi bat antolatuko du datorren apirilaren 26an bere 40. urteurrena ospatzeko, bai eta Kimuak programaren 20. urtemuga ere.



COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902