Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa

Euskadiko ibai eta aintziren bilakaera positiboa da herritarren ustez

2018(e)ko martxoaren 22a, osteguna - 18:09etan eguneratua

Galería Noticia

DONOSTIA. herritar gehienek -gero eta kontzienteago ingurumen-arazoen gainean- gure ur-masen bilakaerak hobera egin duela antzematen dute. Euskal herritarren % 62k uste du Euskadiko ur-baliabideen egoera ona edo oso ona dela;% 56k uste du hala, kostaldeko guneez eta estuarioez galdetzen zaienean. Lurpeko urak direla eta, ezjakintasuna da nagusi;izan ere, % 51ek dio ez dakiela zein den egoera edo ez dio galdera horri erantzun nahi izan.

% 60k uste du ibai eta aintziren egoera hobea dela gaur egun duela 10 urte baino;% 52k uste du hala kostaldeko guneei eta estuarioei dagokienez. Lurraldeen arabera, ibai eta aintziren bilakaeraren balorazio positiboagoa egiten da Gipuzkoan (% 67k hobetu dela uste du), Bizkaian (% 59) eta, batik bat, Araban (% 44) baino.

Datu horiek guztiak "Uraren inguruko iritziak" txostenean jaso dira;txostena Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoko Kabineteak egin du. Txostena Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak aurkeztu du Bilbon, gaur goizean, Uraren Mundu Egunarekin bat, Elena Moreno Ingurumeneko sailburuordearekin eta Ernesto Martínez de Cabredo URA - Uraren Euskal Agentziako zuzendariarekin batera.

Euskadin otsailaren 14aren eta 16aren artean 18 urtetik gorako mila bat laguni egindako elkarrizketetatik abiatuta prestatutako galde-sortaren helburu nagusia izan da Euskadiko biztanleek urarekin zerikusia duten zenbait gairen inguruan dauzkaten iritziak eta jarrerak ezagutzea. Horren inguruan eginiko lehen azterlana da, eta denboran irautea da helburua.

Datuetatik ondorioztatzen den bezala, % 50ek uste du uraren arazoei buruzko informazio gutxi duela;% 33k uste du horren gaineko informazio asko edo nahikoa duela eta % 15k uste du ez duela batere informaziorik.

Herritarrek ez dute arazo handirik ikusten uholdeekin, lehorteekin edo uraren kalitatearekin;eta gehienek uste dute Euskadik nahikoa ur duela bere beharrizanei erantzuteko.

Halakorik egonez gero, arazoak uholdeekin antzematen dira;% 41ek uste du oso larriak edo nahiko larriak direla, eta % 55k uste du arazoa ez dela oso larria edo ez dela batere larria. Atzetik daude lehorteak. % 25ek uste du arazo oso larria edo nahiko larria dela, eta % 72k ez dela oso larria edo ez dela batere larria, hurrenez hurren. Ehuneko txiki batek baino ez du uste Euskadin uraren kalitatea arazotsua dela (% 14k baino ez du uste larria edo oso larria dela), eta % 82k uste du edo ez dela arazo bat edo arazo txikia dela.

Uholdeen kasu nagusi gisa uholdeak har ditzakeen guneetan eraikitzea (% 36) eta, neurri txikiagoan, ibaien egoera txarra edo zikintasuna (% 20), klima-aldaketa (% 18) edo naturalki gertatzen dena izatea (% 16) aipatu dira. Gipuzkoan eta Bizkaian uholdeak har ditzakeen guneetan eraikitzea aipatu dute gehien eta, Araban, ibaien egoera txarra.

Hamar pertsonatik bederatzik (% 90) uste du Euskadik nahikoa ur duela bere beharrizanei erantzuteko. % 41ek uste du hala izaten jarraituko duela datozen 10 urtean, eta % 31k uste du ur-kopuruak behera egingo duela asko edo nahiko. Ordea, % 12ren ustez baino ez da Euskadin eskuragarri dagoen ura areagotuko datozen urteotan.

Bestalde, euskal herritarren % 87 erabat ados (% 64) edo ados (% 23) dago kutsatzen dutenek gehiago ordain dezaten erabiltzen duten uragatik, baina biztanleriaren herena (% 35) baino ez litzateke prest egongo kontsumitutako uragatik gehiago ordaintzera, urak kalitate hobea izateko. Erantzun hori euskaldunek kontsumitzen duten uraren kalitateaz daukaten hautematearekin dago lotuta. Horrela, gehienek uste dute beren etxeetara heltzen den uraren kalitatea oso ona dela (% 41) edo nahiko ona dela (% 48). Zentzu berean, gehienek uste dute ura eroateko tutuen egoera udalerri barruan ona dela (% 56). Baina uste dute, halaber, ura eroatean ur asko xahutzen dela (% 20) edo nahikoa xahutzen dela (% 32).

Gure ibaietan sortzen den kutsaduraren arduradun direnen harira, % 42k uste du enpresak direla arduradunak, % 15ek herritarrak oro har direla, % 10ek administrazioa eta % 2k nekazaritza eta abeltzaintza. % 26k, ordea, lau talde horiek batera direla arduradun uste du.

Ura berrerabiltzea

Galde-sorta bete duten pertsonek ura berrerabiltzearen alde agertu dira, batik bat nekazaritzan (% 85) eta industrian (% 84), baina baita etxeetan ere (% 65). Hiriburuetan bizi diren pertsona gehiago agertu da uraren berrerabiltzearen alde, udalerri txikietan bizi diren pertsonen aldean.

Gehienek (% 71) uste dute uraren kontsumo-maila arrunta dutela, baina gehienek uste dute, halaber, kontsumo-maila txikitu dezaketela beren bizi-kalitatea murriztu gabe (% 63), batez ere gazteenen artean.

Gehienek txorrotako ura edaten dute (% 86), % 5ek txorrotakoa eta ur botilatua eta % 9k baino ez du edaten bakarrik ur botilatua.

Galde-sorta bete duten pertsonen % 72k baieztatu du etxeko olioa birziklatzen duela, eta ia erdiak (% 46) erabiltzen ditu ingurumenarekin errespetuzkoak diren etxeko garbiketa-produktuak. Bestalde, % 17k paper-zati bustiak erabiltzen ditu, eta horietatik herenak baino pixka bat gehiagok komunetik behera botatzen dituzte (% 36). 30 eta 45 urte bitartekoek baieztatu dute gehien beren etxeetan paper-zati bustiak erabiltzen dituztela.

Biztanleriaren erdiak baino gehiagok ezagutzen du URA, Uraren Euskal Agentzia (% 57), eta ezagutza hori areagotzen joan da, azken urteotan. Eta, oro har, Euskadin uraren gaia kudeatzeko moduaren balorazio positiboa egin da (% 8k oso ona dela uste du eta % 63k ona).

Arriola sailburuak azterlan soziologikoaren balioa nabarmendu du;"izan ere, erreferentzia gisa balia dezakegu uraren inguruko politika publikoak zehazteko orduan". Politika horiek -esan du- oso beharrezkoak dira, baliabide horretara jo daitekeela eta hura kontserbatzen dela ziurtatzeko, kontuan hartuta gero eta balio gehiago duela eta gero eta ezegonkorragoa dela, klima-aldaketaren ondorioz".

Arriolak nabarmendu du herritarrek gure ur-masen bilakaeran hobekuntza antzeman dutela, baina errealitate horrekin batera oraindik kutsadura- eta isuri-arazo larriak daudela. Eta esan du "egokitasunik eza horien aurrean gero eta gizarte-sentsibilitate handiagoa dagoela eta hori dela administrazio publikoek eta baliabide horren kudeaketaz arduratzen diren erakunde publikoek duten eragingarririk handiena".



COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902