Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Bittor Oroz | Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuordea

“Euskal produktua kalitatezkoa da eta oso ondo egokitzen da kontsumo paradigma berrietara”

Bittor Orozen iritziz, euskal produktuak benetako altxorrak dira eta oso ondo ikusita daude nazioarte mailan

Ramon Basaldua - 2018(e)ko martxoaren 20a, asteartea - 06:02etan eguneratua

Bittor Oroz, nekazaritza, arrantza eta elikagai politikako sailburuordea

Bittor Oroz, nekazaritza, arrantza eta elikagai politikako sailburuordea

Galería Noticia

Bittor Oroz, nekazaritza, arrantza eta elikagai politikako sailburuordea

donostia- Arrantzak eta Nekazaritzak garrantzi handia izan dute beti Euskal Herrian. Aspaldi zuen garrantzia galdu arren, lehen sektoreak bizirik dirau eta kalitatearen aldeko apostu garbia egin du etorkizuneko erronkei aurre egiteko. Gainera, oso ondo egokitu dira kontsumo ohitura berrietara, merkatu globalizatuan lehiatu ahal izateko. Jaurlaritza ahaleginak egiten dabil lehen sektorea erakagarria izan dadin euskal gazteentzat.

Arrantzaleak hasi dira berdeletan eta antxoatan. Zelan doa kanpaina?

-Dakigunez arrantzaldia ondo hasi da, normaltasunez. Gainera, harrapaketak kostaldetik gertu lortu dituzte eta hori garrantzitsua da errentagarritasuna neurtzeko orduan. Kostera ona izatea espero dugu aurreko urteetan gertatu den bezala.

Arrantzaleak kexu dira berdelaren kuota urria delako eta gure kostaldean arrain asko egon arren, ezin dutelako harrapatu.

-Zaila da egoera honi konponbide bat ematea. Egia da Estatuak duen berdel kuota urria dela. Kuota osoaren %3a baino ez daukagu eta zatirik handiena Europako Iparraldeko estatuek dute. Zientzilariek esan dute murriztu egin behar dela harrapaketa kopurua eta hortik dator aurten izan dugun %20ko jaitsiera. Zaila da benetan kuotetan aldaketa orokorrak izatea, oso ondo neurtua dagoelako dana. Gainera, erabakiak nazioarte mailan hartzen dituzte. Gure flotarentzat garrantzitsuak diren beste espezie batzuetan, ordea, kuotek gora egin dute. Hegaluzeari dagokionez, %20ko igoera onartu zuen ICCAT azken batzarrean datozen hiru urteetarako. Igoera hori oso garrantzitsua da gure sektorearen-tzat, hegaluzearen arrantzaldiak pisu handia baitu. Hegalaburraren kuota ere hasi egin da, %18 hain zuzen, eta aurreikuspenak positiboak dira etorkizunera begira.

Behin baino gehiagotan salatu dute Frantziako eta Irlandako ontzi pelajikoek hegaluzearen eta hegalaburraren arrantzaldian eragiten duten kaltea.

-Horixe da gure kezka nagusia, pelajikoek triskantza handia egiten baitute itsasoan. Ontzi horien jarduna kontrolatzeko neurriak hartu behar dira. Arrain asko harrapatzen dute, ale onenak aukeratzen dituzte eta besteak itsasora botatzen dituzte. Hori ez da zilegi. Madrilen izan gara eta estatuko arrantza arduradunei eskatu diegu neurri zorrotzak hartzeko pelajikoen jarduna kontrolatzeko.

Antxoari dagokionez, azken urteetako harrapaketak oso onak izan dira eta AZTIk egindako ikerketen arabera ‘stock’-a egoera onean dago. Baikor egoteko arrazoiak daude.

-Zorionez antxoa ondo errekuperatu da urte txarrak igaro ondoren. Ez dugu ahaztu behar desagertzeko zorian egon zela. Urtetik urtera aurkitzen ditugun datuak gero eta handiagoak dira eta horrek garbi erakusten du antxoa populazioa oso ondo errekuperatu dela gure uretan. Esan dezakegu antxoa oso egoera onean aurkitzen dela.

Arraina konsumitzea osasungarria dela frogatuta egon arren, arrain freskoaren kontsumoak behera egin du azken urteotan.

-Orokorrean elikadura guztiarekin gertatzen ari da. Kontsumo ohiturak aldatu egin dira eta produktu freskoen kontsumoak pixka bat behera egin du eta aldiz gora egin du plater prestatuen eta kontserbenak. Nolanahi ere, Euskadi hirugarren herrialdea da Europan arrain kontsumoari dagokionez, Portugal eta Letoniaren atzetik. 43 kilo jaten ditugu urteko eta pertsonako. Hemen oraindik ere badago arraina jateko ohitura.

Belaunaldi aldaketa arrantza sektorearen gabezietako bat izan da. Gaur egun, ordea, Pasaia, Ondarroa eta Bermeoko Nautika Eskolak ikaslez beteta daude.

-Egia da, bai, gazte asko daude arrantza eskoletan. Gazte horiek gero sektoreratzeko jauzi bat dago. Horrezaz gain, muga handi bat dago ontzi bat erosteko orduan. Muga hori gainditzeko gauza ba-tzuk behar dira: alde batetik ontzi horrek arrantzarako kuotak izan behar ditu eta horregaitik uste dugu kuoten banaketa positiboa dala. Bestetik, tresna finanzieroak behar dira, ontzi bat erosteak diru kopuru handia eskatzen duelako. Tresna horiek diseinatzen ari gara baina muga handi bat dugu aurrean, Europako Batzordeak ez baitu baimentzen diru laguntzak ematea ontziak erosteko. Muga hori nola gainditu dezakegun aztertzen ari gara. Ekimen pribatuak uztartu beharko ditugu gazte horiei ontziak erosteko aukera emateko orduan. Beste alde batetik, itsasoratzen diren gazte askok atunontzi izoztatzaileak aukera-tzen dituzte, baxura flotaren kaltetan. Edozein kasutan, garrantzi-tsua da gazteek itsasora joan nahi izatea. Aurreko urtean “Itsasoratu” bekak atera genituen eta 25 gaztek gure flotako ontzietan itsasoratzeko aukera izan zuten. Gazteak animatu nahi ditut arrantza sektoreak etorkizuna duelako.

Kuotak ontzien artean banatzearen alde agertu zara eta banaketa hori berdelaren arrantzaldian baino ez da egin. Antxoa eta hegaluzearen kasuetan, ontzi bakoi-tzak ahal duena harrapatzen du Estatuari dagokion kuota orokorra agortu arte. Etorkizunean arrantza “olinpikoa” desagertu egingo da eta ontzi bakoitzak bere kuotak izango ditu?

-Guk uste dugu bide horretatik joan behar dela, flotaren autogestioa garrantzitsua baita. Geroz eta kontrol handiagoak daude eta merkatuarekiko dagoen harremana ere globalizatuagoa eta zeha-tzagoa behar du izan. Beraz, garrantzitsua da neurtzea noiz atera behar zaren itsasora eta noiz ekarri behar duzun arraina lonjara produktuari balio erantsia emateko. Hurrengo urteetarako joera hortik joango dala uste dugu. Kuota banaketak, behintzat ziurtasun bat ematen dizu harrapatu dezakezunaren inguruan.

Akuikulturak indar handia hartu du eta etorkizunari begira haztegietan hasitako arrainaren kontsumoak gorakada nabarmena izango du. Euskadin martxan dago muskuilu haztegia Ondarroa eta Lekeitio arteko uretan.

-Hemen akuikulturaren gaineko ezagutza handia dago, enpresak ditugu jarduteko prest eta merkatua. Aldiz, ez daukagu akuikulturarako unerik. Horregaitik, plan estrategikoa jarri dugu martxan eta bi arlo aurreikusten ditugu, itsasokoa eta lurreko akuikulturakoa Lemoizko instalazioetan. Itsasokoa martxan dago Mendexa parean 40 hektareako itsasgune batean. Guztira mila hektearea daude aurreikusita. Orain arte egindako frogak oso emaitza onak eman dute eta ateratako muskuiluak kalitate handikoak dira. Ale handiak dira, aragitsuak eta zapore handikoak. Aurten hasiko dira merkaturatzen eta espero dugu udazkenerako merkatuan izatea. Garrantzitsua da bertako arrain sektoreak eta enpresek parte hartzea proiektuan. Bertatik sortutako ekimen bat da. Beste proiektu bat martxan jartzeko asmotan gaude, eskaria egon dagoelako.

Nekazaritza oso sustraituta egon da beti gure herrian. Nola dago sektorea?

-Gure sektorea oso zabala da. Kasu batzuetan produktu gordina zuzenean saltzen da eta beste batzuetan eraldaketa bat du. Garbi dago transformazioa duten produktuak eta balio erantsia dutenak egonkorragoak direla. Ardoarena da adibiderik onena. Bost jatorri izendapen ditugu: hiru txakolinarenak, Arabar Errioxako ardoarena eta cavarena. Oso internazionalizatuta dagoen produktua da eta arabar errioxako upategiek ekoizpenaren %40a atzerrian saltzen dute. Gure ardoak kalitate handikoak dira eta oso estimatuak daude nazioarte mailan. Teknikarien arabera, Arabar Errioxa munduko gunerik onenetakoa da ardoa ekoizteko, lurraren ezaugarriak eta eguraldia bikainak direlako. Orokorrean esan dezakegu sektore gehienak nahiko ondo daudela, euskal produktua oso ondo egokitzen delako kontsumo paradigma berrietara. Gure produktuak ez dira globalizatuak. Kalitate handikoak dira, osasungarriak eta lurrari lotuak. Gure sektoreak duen adierazgarri nagusia kalitatea da.

Nolako kaltea egin dio albentzan-tza sektoreari haragi gorria kon-tsumitzearen aurkako kanpainek?

-Egia esateko haragiaren kontsumoa estabilizatu egin da. Ez du gorantz egin. Orain merkatura goazenean ez dugu haragi freskoa bakarrik aurki-tzen. Izan ere balio erantsiko produktuak aurkitzen ditugu. Eraldaketari lotua dagoen produktua egonkorragoa da merkatuan.

Euskal produktuak zeharo lotuta daude gure gastronomiarekin

-Gastronomia oso potentea dugu eta gure produktuak gure gastronomiara lotuta dauden heinean, oraindik ere ospe handiagoa dute, jendeak ondo baitaki gure sukaldarien arrakastaren oinarrietako bat goi mailako lehengaia erabiltzean datzala. Gure lehengaia kalitatezkoa da eta kanpoan horrela ikusten dute.

etiquetas: bittor oroz


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902