Bote prontoan

Hotz

Karmele Jaio - 2018(e)ko martxoaren 2a, ostirala - 08:21etan eguneratua

Elurra ari du. Praken eta boten arteko zirrikitutik elurra sartu eta galtzerdiak busti zaizkizu. Baina laster etxean izango zara, edo lantokian, edo leku beroren batean, eta han berogailuaren gainean jarri ahal izango dituzu lehortzera galtzerdiak, prakak eta esku-larruak. Batzuetan busti egiten gara, baina badakigu lehenago edo beranduago helduko garela leku epelen batera, badaukagu eta nora heldu berotzera. Batzuek. Ez pertsona guztiek.

Pantailari begira, egun bateko elurtearen hamaika argazki ikusi ditut. Norbaitek, ironiko, idatzi du: gaur ez baduzu elurtutako zure herriaren argazki bat sareetan argitaratzen, loser bat zara. Eta dirudienez inork ez du galtzaile izan nahi. Eta elurtearen argazkien artean, bat batean, Siriako argazki latz bat: begietan beldurra iltzatuta duen neskato batek besoetan darama bera baino gazteago den ume bat, dirudienez bere neba;ihesean doaz, hauts eta odolez estalita. Euren etxea zena bonbardatu dute. Noraezean doaz. Eta arnasa eten egiten zait, segundo batzuk. Baina gero, gehiegi pentsatu gabe, pantailan beherantz noa, eta elurtutako paisaiak erakusten dizkidaten argazkiak agertzen zaizkit berriz: umeak elurretan jolasten, herriko leku esanguratsuak elurrak zurituta

Autodefentsarako zein mekanismo jartzen da martxan nire barruan, beltza den errealitatea nik zuri, elurraren zuriak estalita, ikusi ahal izateko? Kolore kontua da akaso? Agian daltonismoa da gure gaitza eta horrek egiten gaitu hain gogor, bihozgabe? Edo distantzia kontua da? Siria hain dago urrun gure zuritutako mendietatik, merkatuko azken mugikorrarekin atera ditugun elurtearen postal horietatik...

Norbait kexaka ari da Facebooken, bere lagun batek Siriako argazki latz batzuk argitaratu dituelako. Dioenez, egun osoa lanean igaro eta gero, Facebooken entretenitzera edo erlaxatzera sartu eta zergatik ikusi behar ditu berak bada halako irudi latzak? Zergatik ekarri behar dizkio norbaitek zorigaiztoko irudi horiek bere horma birtualera?

Elurra ari du. Elurra ari du munduan. Baina guri ez zaigu beti elurra sartzen boten eta praken arteko zirrikitutik. Ez dugu beti hotza sentitzen. Bereziki benetako hotza beste batzuek sufritzen dutenean.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902