Bote prontoan

'Performance'

Karmele Jaio - 2018(e)ko otsailaren 23a, ostirala - 10:09etan eguneratua

Horma zuri batek, batzuetan, argazkiz beteriko horma batek baino gehiago esan dezake. ARCO arte garaikidearen Madrilgo azokan horma zuri bat artelan bihurtu da, bihurtu dute, seguru aski han eskegita zeunden eta kendu dituzten argazkien egileak salatu nahi zuena, edo adierazi nahi zuena, inoiz baino ageriago geratu delako ezarri zaion debekuaren bitartez. Azken finean, debekuarekin bozgorailua jarri diote haren adierazpen nahiari. Horma zuria hitz egiten ari da etengabe.

Santiago Sierraren 24 argazkietan, besteak beste, Egineko zuzendaritzako kideak, Itoizko solidarioak, Altsasuko gazteak, Oriol Junqueras, Jordi Sànchez eta Jordi Cuixart agertzen ziren, Presos Políticos de la España Contemporánea izenburupean, eta aurretiaz antolatutako eta pentsatutako performance baten antza hartu du denak azkenean, bere artelanaren debekuaren bitartez adierazpen askatasunaren falta oraindik ageriago geratu delako.

Aste berean, eta hau ere performance bereko elementu balitz bezala, Auzitegi Nazionalak hiru urte baino gehiagoko kartzela zigorra ezarri dio Valtonyc izeneko rap abeslari Espainiako koroaren eta erregearen kontrako irainengatik eta terrorismoa goratzeagatik (deigarria da, bide batez esanda, ETAk borroka armatua eten zuenetik gora egin dutela terrorismoa goratzeagatik jarritako salaketak). Eta honekin batera, Galiziako narkotrafikoari buruzko Fariña izeneko liburua ere bahitu du epaile batek Pontevedrako O Grove herriko alkate ohiak eskatuta, bere izena aipatzen omen delako bertan. Hau guztia Egunkariaren itxieraren hamabosgarren urteurrenean gertatu da, eta Katalunian gauzak dauden bezala egonda. Botere harremanak hor daude. Botereak nahi duena zapaltzeko duen ahalmena. Horren guztiaren adierazpen ia artistikoa osatu dute gertakari guzti hauek. Izan ere, askatasuna murriztea helburu duten ekimen guzti hauekin osatutako performance-a benetan geratu da indar-tsu, benetan esanguratsu. Gauza bakarra falta zuen, borobiltzeko: himnoa. Baina aste honek hori ere ekarri digu. Performance berezi honek izan du bere soinu banda, Marta Sancheze n hitz, ahots, pasio eta bihotzak jarri diona.



COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902