Ziritik

Jende ona

Xabier. Euzkitze - 2018(e)ko otsailaren 18a, igandea - 06:02etan eguneratua

orain 40 urte, Azpeitiko astotegia, Zelaitxo zinema eta berdura-plazaren arteko zabalgunea, izenaren jabe zen. Astoak bertan uzten zituzten, sokak zirgiluan lotuta, euren gaiak saltzera jaisten ziren baserritarrek. Gaur egun astoek edo zaldiek tiratutako gurdietan ibiltzen dira Senegalgo milaka herritar, baita Dakar hiriburuko kale nagusietan ere, auto eta kamioiekin borroka etengabean. Duela 40 urte arraza beltzeko pertsonarik sekula ikusi gabeak ginen euskal herritarrik gehienak. Asteon topo egin dugu inoiz zuririk ikusi gabeko jendearekin. Begiak zabal-zabal eginda begiratu eta ukitu egiten gintuzten, hezur-haragizkoak ote ginen jakin nahirik edo. Orain 40 urte makilak eskopeta eta harri-koskorrak kanika bihurtzen zituzten Euskal Herriko haurren irudimenak. Gaur egungo haur senegaldarrek tresna bertsuekin egiten dute jolas. Orain 40 urte bide bazterrean jarri, erpurua luzatu eta autoestopean aritzen ziren Euskal Herriko gazte eta ez hain gazteak. Gaur egungo Senegalen gauza bera egiten dute garraiobideren bat behar duten herritarrek. Han errazago gelditzen dira gidariak. Hori bai, bidaia kobratu egiten dute.

Duela 40 urte asko ziren euskaldun elebakarrak, inongo erdararik ez zekitenak. Senegal sakonean gehienek bertako jatorrizko hizkuntza besterik ez dute mintzo. Wolofera nagusiki, baina baita eremu urriagoko beste zenbait mintzaira ere. Duela 40 urte elizak husten hasiak ziren. Senegalgo meskitetara ere heltzen hasia da fedearen krisia, edo derrigorrezko praktikekiko laxotasuna. Otoitz-orduetan bozgorailu bidez dei egiten dute. Horrek berak argi erakusten du musulmanen nagusitasuna, baina eredugarria da erlijioen arteko bizikidetza.

Beste zenbait alorretan ez da nabari hainbesteko leizerik. Mugikorrekiko menpekotasuna gurearenera asko hurbiltzen ari da, oraindik askoz jende gutxiagok izan arren. Euskal Herrian bezala, han ere arraza zurikoak dira hotel, saltoki eta orotariko negozioen jabeak. Hemen bezala han, han bezala hemen, badira ustelak eta lapurrak, baina Senegalen askoz lehenago antz ematen zaie, indentifikazioa eramaten baitute: polizia. Denak ez dira lapurrak izango, baina guri lapurreta egin diguten guztiak hala ziren. Han eta hemen, hemen eta han, jende ona da nagusi, bizi eta bizitzen utzi besterik nahi ez duena.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902