Bote prontoan

Minak

Karmele Jaio - 2018(e)ko otsailaren 16a, ostirala - 13:50etan eguneratua

Datorren otsailaren 20an hamabost urte beteko dira Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria bortizki itxi zuenetik. Euskaldunon gehiengoari begi ninietan iltzatuta geratu zitzaizkigun egun haietan ikusitako irudi asko. Begietan, eta askoz barrurago ere, urdailetik gertu hor nonbaiten. Guardia Zibilaren patrolak Martin Ugalde kultur parkea inguratzen, adibidez.

Nik bereziki bi gogoratzen ditut. Bat, Guardia Zibilak Joan Mari Torreadai Jakineko bulegoetatik ateratzen zuenekoa. Haren bulegoa miatu ondoren zeramaten berriz eurekin eta guardia zibil batek burua jaisten zion Torrealdairi autoan sartzeko. Oraindik esku hura imajina-tzen dut Torrealdairen buruaren gainean presioa egiten. Oraindik esku hura gogoratzen dut euskararen alde lan egiten dutenen guztien gainean presioa egiten.

Bereziki gogoratzen dudan eta ziur denok gogoratzen dugun beste irudia Martxelo Otamendirena da, kartzelatik atera zen egunean, komunikabideen aurrean adierazpenak egiten, espetxe ondoko iluntasunean. Zuzen zuzenean ikusi genuen denok minaren eta inpotentziak ematen duen amorruaren adierazpen latz hura. Arratoiak balira bezala tratatu zituztela esan zuen, hitz etenez, eta isiltasuna egin zen. Aho zorrotzeko isiltasun mingarri bat.

Hamabost urte pasatu dira baina minak dirau. Bidegabekeri guztien kasutan bezala, zauriak gutxika ixten joaten badira ere, orbaina beti geratzen da hor, azalean, noizbait gertatu zenaren testigu eta seinale.

Abilezia berezia du minak denboran zehar irauteko. Erraza da esatea, Catherine Milletek bortxaketei buruz esan duen bezala, bera biktima balitz ahalik eta lasterren ahazten saiatuko litzatekeela (bortxaketa bat jasan dutenek hura ahaztea nahiko ez balute bezala!), baina bidegabekeria azalean sentitu duenarentzako ez da hain erraza. Eta Egunkariaren itxierak eta berarekin ekarri zuen guztiak eragindako minak oraindik dirau, eta luzerako izango da hor.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902