Ziritik

Kakademia

Xabier Euzkitze - 2018(e)ko otsailaren 4a, igandea - 06:03etan eguneratua

gizartea aldatzen den heinean, hizkuntzak ere mudatu egiten dira. Trataerak -berori, zu, hi...-, hitzak, esamoldeak, etengabeko bilakaeran doaz. Ezarian-ezarian, erabilerak normaltzen ditu hasieran belarrien kolpatzaile gertatzen diren esan-moduak. Ulermena eragozterainokoak izan daitezke aldaketak baina, testuinguruan jarrita, menderik mende baliagarri izaten segitzen dute mintzairek. Shakespeare, Cervantes edo Lazarraga maila itxurosoa duen edozein ingeles, gaztelera edo euskal hiztunek goza ditzake gaur egun ere.

Batzuetan pentsa liteke hizkuntz akademiek -ingelesak ez du halakorik- uzkur samar jokatzen dutela aldaketekiko, harresi lana egiten dutela. Egin beharra ere ba ote den begitantzen zait, zenbait hitz eta esamolde berri gustuaren eta gozamenaren aurkako atentatuak izaten baitira, belarri-kolpatzaile ez ezik. Egokitzapenak ez du, ordea, hizkuntzaren araberakoa soilik izan behar, gizartearen eta justiziaren eboluzioaren baitakoa baizik.

Real Academia Españolak eskuzabal eta ulerbera jokatu du zenbait hizkera-molderekiko. “Tío, esta peña es guay”, esate baterako, bere horretan oso-osorik onartutako esaldia da. Aitzitik, guztiz baztergarri eta salagarri diren beste hainbat adierari eutsi egiten die. Fácil hitzaren sarreran, 4. adierak hau dio: “dicho de una persona, accesible en el trato”. Eta 5.ak beste hau: “dicho especialmente de una mujer: que se presta sin problemas a mantener relaciones sexuales”. 2018. urtean RAEk eutsi egiten die bereizketa -persona, mujer- lotsagarri eta adiera iraingarri horiei. Campeón sarreran horrelako zerbait biltzea falta du: “dicho de un hombre, que consigue tener relaciones sexuales con muchas mujeres fáciles”. Bata jarri dutenentzat logika bete-betea luke besteak. Edo huts-hutsa.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902