Bote prontoan

Begirada

Karmele Jaio - 2018(e)ko urtarrilaren 26a, ostirala - 09:37etan eguneratua

Injustiziak, dominazioak eta agintekeriak aurpegi asko ditu eta ikusgarrienak eta latzenetako batzuk egunkarietan eta telebista kateetan agertzen dira: gizon batek emaztea hil du, mutil homosexual bat jipoitu dute kalean, emakume txiro bati su eman diote kutxazain batean lo egiten zegoela, gizon talde batek neska bat bortxatu du…

Egunero gure munduan ematen diren injustizia askok osatzen duten izeberraren punta dira horiek. Egunero gertatzen diren eta egunkarietara heltzen ez diren beste injustizia askoren ondorio dira. Eta batzuetan desoreka horiek keinu txikietan antzeman daitezke. Adibidez, begirada alboratze batean: norbaitek begietara begiratzen dizu, eta zuk lurrera daramazu begirada. Zergatik?

Emakumeek, emakume izaten hasten garenetik, eta lehenagotik ere, ikasten dugu kalean gizon talde batekin gurutzatzen bagara ezin diegula begietara begiratu, bereziki guri begira geratu badira. Begirada alboratu behar dugula, alegia. Haiei begietara begiratzea desafio baten moduan edo gonbidapen baten moduan ulertu dezaketelako. Begirada alboratzen ikasten dugu, finean, geure burua defendatzeko.

Natalie Portman aktoreak Los Angeleseko Emakumeen martxan salatu du 13 urterekin, zineman lortu zuen bere lehen arrakastaren ondoren, “terrorismo sexualaren” biktima izan zela. Jarraitzaile baten lehen gutuna bera bortxatzearekin izandako fantasiak kontatzen zizkion gizon batenak izan ziren, zine kritikariek bere titi hasiberriei buruzko komentarioak egiten zituzten, eta irrati batean atzerako kontaketa bat hasi zuten berak 18 urte bete artean, adin horrekin jada ez zelako legez kanpokoa berarekin oheratzea. Hortik aurrera Portmanek bere gorputza estaltzeko beharra sentitu zuen eta saiatu zen eraikitzen identitate kontserbadore eta serio bat. Hitz batean, begirada alboratu zuen, begirada jaitsi, bere burua defendatzeko.

Norberaren burua defendatzeko eta bestearen dominazioa onartzeko modu bat da begirada jaistea, baina guzti horren kontra altxatzeko modu bat ere bada begirada eta ahotsa altxatzea. Eta egun momentu horren lekuko izaten ari garela iruditzen zait.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902