Zirrikituetatik begira

Gabonak hotz

Ana Urkiza - 2018(e)ko urtarrilaren 8a, astelehena - 11:26etan eguneratua

Gaur, beherapenak hasiko dira. Kaleetako argiak kenduko dituzte. Etxeetako jaiotzak eta Gabonetako arbolak kutxara bilduko ditugu. Gaztetxoenek ikastetxerako bidea hartuko dute. Gainontzeko gehienak, oporrak izan dituztenak, lanera bueltatuko dira. Eta urte berrian sartzen garen sentsazioa izango dugu. Egun hauetan ez loterian zorterik, ez familian zorigaitzik izan ez dugunontzat, ezer gertatu ez balitz bezala. Urte bat gehiago. Aurtengo Gabonetan, kantua bota dut faltan. Beharbada, ez naiz ibili behar zen leku eta orduetan baina ez dut kale, etxe eta bazterretan gabon kantarik aditu. Ez denda, ez tabernetan. Ez kaleko ikuskizunetan.

Gabon gau egunean, arratsalde pasa, Biarritzera joan nintzen familiarekin. Hango argi ikuskizunak ezagutu nahi genituen eta txokolate beroaz gain, handiki gozatu ahal izan genuen hango argiztapenarekin. Hala ere, ez zen Gabonak aurkezteko eta bizitzeko ezagutu dugun modua. Turistak erakartzeko amu goxoa eta modernoa besterik.

Aurreko ostiralean, berriz, Bilbon izan nintzen Errege kabalgata ikusten. Euria izan genuen lagun, eman ahala. Eta karroza gainekoak baino areago aterkiak izan genituen errege. Hala ere, kaleetan barrena luzatutako desfileari usaina hartu ahal izan genion. Eta ez zigun, inola ere, bihotzik berotu. Erregeei gutunak helarazteko postontzi erraldoiak izan ziren lehenbiziko karrozak, ipuin miragarri eta filma arrakasta-tsuetako pertsonaiak ondotikoak, eta bukaeran bai agertu ziren hiru erregeak, jantzi dotorez apainduta. Musika, ordea, bozgorailu erraldoiek agintzen zutenera: zinemaren bidez ezagunak egin zaizkigun musika-bandak, dezibeliotan. Ez dakit euriaren hezetasunak edo historiaren oihartzunik ez aurkitzeak zerk hoztu ninduen areago.

Gure atzean erregeei uluka aritu ziren umetxoei begira geratu nintzen. Opariak zergatik jasotzen dituzten galdetzen ote duten neure buruari galdezka, euripean.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902