Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Iritzia

Gipuzkoan Eskola Kirolak 25 urte. Aukera galdua? Politika neoliberalaren aldarria?

Beñat Amenabar eta Juanjo Sistiaga - 2017(e)ko uztailaren 17a, astelehena - 06:11etan eguneratua

Aurten bete dira 25 urte Eskola Kirolaren lehenengo foru dekretuak argitaratu zirenetik eta gaur egun arte indarrean iraun dute bertan zehaztutako ereduak eta espirituak, nahiz eta urtez urte zenbait egokitzapen egin diren. Urte luze hauetan, Gipuzkoan Eskola Kirolaren gaiak izan ditu hainbat tira-bira eta, egiari zor, ikuspuntu desberdinak plazaratu dira gaia jorratu denean.

Orain, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol arduradunek 2017/18 ikasturtetarako argitaratu behar den dekretu berria baliatu nahi izan dute, urteurren berezi honetan, hausnarketa bat abian jartzeko eta programa berrian behar diren egokitzapenak txerta-tzeko. Arduradunek diote hausnarketa prozesu hau parte hartze dinamika eta metodologia desberdinak erabiliz egin dela, bertara askotariko eragileak gonbidatuz: kirol elkarteren bat, ikastetxeren bateko arduradunak, guraso elkarteak eta abar. Guztiak Aldundiko kirol sailak gonbidatuak.

Prozesu hori guztiz amaitu gabe, Politikari arduradunak (Denis Itxaso eta Goizane Alvarez, batez ere) plazaratzen hasi ziren programa berriak jasoko zituen zenbait neurri. Lehenengoetako bat, adibidez, hastapen urtea 8 urtetik 6 urtera pasatzea izan zen. Azken egun hauetan, berriz, prozesuaren amaieran, beste hainbat neurri jakin dira eta hauek kalapita handia sortu dute komunikabideetan. Gehienak proposatutako neurrien kontra azaldu dira.

Hau ikusirik, azpian sinatzen dugunok iritzi artikulu hau idaztea pentsatu dugu gai honen inguruan gertatutakoak sortu dizkigun hausnarketak eta zalantzak plazara-tzeko. Hasieratik, argi eta garbi adierazi nahi dugu oraindik ez dela argitaratu behin-betiko programa eta guk geuk ez dugula zehazki dokumentu osoa irakurtzeko paradarik izan (idazten ari garen bitartean behintzat) eta, beraz, komunikabideetan irakurritakoan oinarrituko garela gure iritziak plazara-tzeko.

Argi gera dadila, beraz, ez dugula balizko parte-hartze prozesu horretan gure iritzia emateko paradarik izan. Gure ustez, hausnarketa prozesu horrek ez du 25 urte bete-tzeak beharko lukeen hedapena izan;ez da zabaldu, ez dira eragileak behar bezala deitu, herritar soilari ere ez zaio aukera eman eta horrek guztiak (beste batzuen artean, Hezkuntza sailaren parte-hartzea bota dugu faltan...), gure uste apalean, prozesu hau mugatu eta kontrolatu bilakatu du, komunikabideetan iragartzeko modukoa bai baina benetako hausnarketa sakon bat egin gabe eta benetan dauden arazo, kezka eta ikuspuntu desberdinei heltzeko aukerarik eman gabe. Behatzaile ikuspuntu honetatik, egin den guztia itxurakeria bat izan dela dirudi;gainera, sortutako tentsioen ondorioz, badirudi atzera pausuak emateko prest dagoela Aldundia eta, beraz, azkenean kontua hainbat neurri “kosmetiko” hartuz amaituko dela eta, funtsean, programak bere horretan jarraituko duela.

Gainera, zalaparta guzti honetan, gure ustez, oso gutxi hitz egin da, benetan, Eskola Kirolaz... eskolan egiten den kirolaz, alegia. Ez da baliatu aukera eskola kirolak benetan bete beharko lituzkeen funtzioez eta helburuez hitz egiteko, horretarako jarraitu beharreko bide eta metodologiez, hori aurrera eramateko eragileak zeintzuk izan behar duten eta non kokatu behar den jarduera zehazteko, zein administraziok duen ardura eta zertarako, eta abar luze bat. Honek guztiak atsekabe sentipen bat sortu digu eta aukera galdu izanaren sentsazioa izaten ari gara.

Hau horrela, ez bada Eskola Kirolaz hitz egin, zertaz aritu dira, bada? galdetuko du batek baino gehiagok… Gure ustez, derrigorrezko eskola adineko haurrek egiten duten kirolez aritu dira;eta ez da gauza bera. Uste dugu azken honetaz ere hausnartu behar dela eta batez ere administrazio publikoek neurriak hartu behar dituztela, baina zehaztu dezagun. Eskola adineko haurren kirolaz ari garenean jakitun izan behar du gizarte osoak, esparru horretan hainbat interes pilatzen direla eta, askotan, ez haurraren onerako. Interes hauek ez dute beti haurra babesten;are gehiago esango genuke: zenbait kasutan, haurren eskubideak urratzen dituzte.

Errealitate hori hor egonik, Eskola Kirolaren dekretuak betidanik ahalegin berezi bat egin du adin txikikoen interesak eta eskubideak defendatzeko eta, noski, horretarako hainbat neurri mugatzaile ezarri behar izan ditu historikoki. Neurri hauek izan dira gehienetan katramila sortu dutenak, eta beti Kirol Elkarteak (Federazioak) alde batetik, eta Aldundia, Udalak eta ikastetxeak, bestetik. Aipatzen ari garen aurtengo kasuan horixe da hain zuzen gertatu dena. Proposamenen artean badaudela (orain, akaso, malgutuko dituzte) neurri mugatzaile batzuk, eta horien aurka agertu dira hainbat Kirol elkarte eta federazio ere;batez ere futbol mundu boteretsukoak (azkena agertzen Gipuzkoako Futbol Federazioa izan da) baina ez bakarrik.

Ezagun zaigu, zoritxarrez, neurri mugatzaile hauek gehiegizkoak direla esatea, hau da, mugatzaileegiak direla adieraztea eta norberak bere burua zuritzea (“guk neurriz, proportzioan eta haurren eta gurasoen nahia errespetatzen dugu” esanez) eta, azkenik aukera askatasunaren aldarria egitea. Gure jendarteak, dagoeneko, ongi daki aukera askatasunaz hitz egitean batzuetan zapalkuntza eta homogeneizazioa bultza-tzen ariko garela;besteak beste, adibidez, hizkuntzari dagokion esparruan, parekidetasunaren alorrean, eta abar. Printzipio gisa, administrazio publiko batek mugarik gabeko aukera askatasunaren defentsa egingo balu, gure ustez, politika neoliberalak bideratzen arituko litzateke eta, honela, haurrak eta herritarrak guztiz babesik gabe utziko lituzke, eragileen eta interes desberdinen autorregulazioaren menpe/eskutan. Azken batean, dagokion ardurari muzin egingo lioke.

Laburbilduz, gure ikuspuntutik, Eskola Kirolaren programak 25 urte betetzen dituen honetan aukera paregabea dugu Eskola Kirolaz benetako hausnarketa sakon bat egiteko eta, neurri zuzentzaileak hartu behar badira, izan daitezela adostasunez eta eragileekin landutakoak. Hitz egin dezagun eskola kirolaz behingoz beraz, eta egin dezagun proiektu aurrerakoi eta hezitzaile bat. Ezin dugu amaitu iritzi artikulu hau, azpimarratu gabe atsekabe sentsazioa nagusitu zaigula gai honek orokorrean izan duen trataeragatik eta antzeman diogun arinkeriagatik eta, ondorioz, ezerezean geratzeko arrisku handia duela. Ea ez den horrela.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902