Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
bertako gaia

Altzoko Handiaren pausoen atzetik

Migel Joakin Eleizegi edo, ezagunagoa den moduan, Altzoko Handiaren bizitzari buruzko ibilbidea osatu eta panel informatiboak kokatu ditu Udalak bere jaioterrian.

Marta San Sebastianen erreportajea - Domingo, 2 de Julio de 2017 - Actualizado a las 06:02h

Altzoko Handia aita eta anaiarekin, garaiko grabatu batean.

Altzoko Handia aita eta anaiarekin, garaiko grabatu batean. (Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia)

Galería Noticia

Altzoko Handia aita eta anaiarekin, garaiko grabatu batean.

Txotxongiloekin antzezteko haurrentzako opera konposatu du orain gutxi David Azurzak eta pelikula bat ere egiten ari dira. Sona handia hartzen ari bada ere Altzoko Handia azken urteotan, ez dute behar bezala balioetsi herria promozionatzeko herritar ezagunenak izan dezakeen balioa. Hala uste du bederen Udalak eta helburu horrekin inauguratuko dute gaur (10.30ean plazan) Migel Joakin Eleizegiren bizitza panel informatiboen bidez ezagutzeko sortu duten ibilbidea.

“Duela urtebete inguru Udalean sortu zen hausnarketa. Azken denboran hainbat proiektu jarri dira martxan Altzoko Handiari buruz eta gaiak halako dimentsioa hartu du. Herrian beti izan da ezaguna pertsonaia eta eskultura bat ere badago bere jaiotetxea izan zen Ipintza baserrian, baina ez zitzaion aparteko garrantziarik eman. Uste genuen garaia zela plangintza berri bat egiteko eta Altzoko Handiaren figura erabiltzea egokia ikusten dugu herria promozionatzeko”, adierazi du Lurdes Murua Kultura zinego-tziak.

Haurtzaro eta gaztaro arrunta izan zuen Migel Joakin Eleizegi (Altzo, 1818-1861), baina 20 urterekin akromegalia gaixotasuna izan zuen eta izugarri handitu zen. Une hartan bere bizitza errotik aldatu zen. Europako pertsonarik handiena izendatu zuten;2,42 metro neurtzera eta 203 kilo pisatzera iritsi omen zen. Bere oinek 42 zentimetro neurtzen zuten eta bere beso luzera 2,42 metrokoa zen. Gaur egun oraindik ere Paris hirian berak erabiltzen zituen ahutz larruz egindako eskularruak gordetzen dira, hatz loditik txikira 31 zentimetrokoak.

Herrian bere “handitasunarekin” ohituta zeuden, baina Tolosara jaisten zenean ikusmira sortzen zuen Eleizegik eta Tolosaz aratago ere bai. Garai hartan, Phileas Taylor Barnum izeneko gizon iparramerikarra ospetsua egin zen mundu osoan, zirkuan akromegalia gaixotasuna pasa eta desfiguratuak geratu ziren pertsonak ikusgai jartzen zituelako eta horrek eraginik izan zuen Lekunberriko Jose Antonio Arzadunen egitasmoan, elkarte bat osatu baitzuen, erraldoia herriz herri eraman eta dirua egiteko. “Normalean gaixotasun hau zuten pertsonak deformatuak ziren, baina ez zen hori Migel Joakin Eleizegiren kasua, gainera, nahiko guapoa zela ere esaten da idazkietan”, azaldu du Lurdes Murua Kultura zingotziak. Munduan barrena ibiltzeko sinatu zuen kontratua bera ere bitxikeriaz josia dago: Migelek erretzeko behar zuen tabako guztia elkartearen gain egongo zela eskatu zuen eta, zegoen lekuan egonda ere, elkarteak mezara joateko aukera eman beharko zion. “Ez dakigu oso ondo bere handitasuna aprobetxatu zuen edo bere handitasunaz aprobetxatu ziren”, dio Muruak.

“Altzoko Handia dimentsio handia hartzen ari da eta herrian bertan garrantzia eman behar genion”, azaldu du Lurdes Muruak

Altzotar ezagunenari buruzko bizipenak, bitxikeriak, garaiko istorioak eta bere garaikide zen Imaz bertsolariari buruzko azalpenak kontatuko dituzte gaur egingo dute inaugurazioan. Ibilbidea plazan hasten da, bigarren geldialdia Eleizegiren jaiotetxea izan zen Ipintza baserria da, hirugarrena Altzo Azpiko eliza, eta frontoiaren parean amaitzen da. “Lau panel kokatu ditugu, leku esanguratsuak direla iruditzen zaigulako. Lehenengoan ongi etorria ematen da, bigarrenean bere jaiolekuari buruzko datuak eskaintzen dira, hirugarrengoa eliza da, non bere altueraren eta beso luzeraren markak dauden, eta azkena frontoian, non Juanito Lopek egindako eskultura dagoen”, dio Muruak.

Lau gune ibilbidean

Altzoko plaza. Bisitariei ongi etorria egiten zaie plazan dagoen lehen panelaren bitartez. Bertan, Migel Joakin Eleizegiren garaiko gertakari esanguratsuenak aipa-tzen dira, izan ere Altzoko Handia munduan zehar ibili zen ikuskizunak eskaintzen. Gaurko ekitaldian, gainera, panelen diseinuak egin zituen eta zendu berri den Juanba Berasategiri omenaldia egingo zaio lehenengo puntuan.

Ipintza baserria, jaiotetxea. Bere jaiotexean kokatu dute bigarren panela. Altzoko Handiaren oinordeko batek bere etxean jasotakoa azalduko du, izan ere oraindik Altzon eta inguruko herrietan bizi dira Altzoko Handiaren senitartekoak.

Altzo Azlpiko eliza. Gune honetan kokatu dute hirugarren panela. Ibilbidearen puntu honetan elizaren horman dauden Handiaren alturaren eta beso luzeraren marken berri emango du beste herritar batek. Gainera, eliza honetan bataiatu zuten eta bertan egin zitzaion azken agurra 43 urterekin biriketako tuberkulosi baten eraginez hil zenean.

Frontoia. Laugarren panela herriko frontoian kokatu dute, bertan baitago Altzoko Handiari eskainitako eskultura, Juanito Lopek egina bere benetazko neurriekin. Gaur egingo den ibilbidearen baitan beste herritar batek pasadizo batzuk kontatuko ditu garaikidea zen Imaz bertsolariaren inguruan. Azkenik, hamaiketakoarekin bukatuko dute inaugurazio ekitaldia.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902