Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Xabier Castrillón Revuelta ‘Zorionak, hondarribia!’ liburuaren egilea

“2015. urteko denboraldi historikoaren kronika egiten hasi, eta azkenean, denboran atzera egiten bukatu nuen”

Xabier Castrillónek 62 urte ditu eta “txikitatik” da arraun zalea eta ‘Ama Guadalupekoa’ traineruaren jarraitzailea. Liburu batean bildu berri ditu TKE Ligaren urteetan (2003tik 2016ra) gertaturikoak, etxekoengan zentratuz, baina ez soilik

Xabier Sagarzazu - Domingo, 25 de Junio de 2017 - Actualizado a las 06:03h

Xabier

Galería Noticia

Xabier

hondarribia- Xabier Castrillónek aste honetan aurkeztu du “oso edizio txikian, ia soilik lagun eta ezagunentzat” sortu duen Zorionak, Hondarribia!liburua. Hondarribia Arraun Elkartea aspaldidanik jarraitzen du baina azken urteetan, bereziki, bere semea Julen Castrillón tostetan dagoelako.

Nondik datorkizu arraunerako zaletasuna?

-Nire gurasoak Miranda de Ebrotik etorri ziren hona, trenbidean lan egitera eta nire txikitako oroitzapenak ditut arraunarekin eta Ama Guadalupekoa traineruarekin. Izan ere, 1960.eko hamarkadan, Hondarribiak Kontxa irabazi zuen aldi haietan, Irunen harrera jaso ostean, Lujambiok eta kuadrillak lehenengo geldialdia Mendelun egiten zuten, Txanpa elkartearen egoitzan. Eta gu justu gainean bizi ginen. Handia zen Hondarribiak garai hartan irabaztea, Frankismoaren ikono izan zen Pedreñarekin lehia bizian. Gero, emaztearen anaia ere arraunlaria izan zen eta Julen, gure semea, hamabi urterekin hasi zen arraunean, Manex Alday bere lagun minaren atzetik, gaur arte.

Zergatik pentsatu zenuen liburu hau egitea? Nola sortu zen ideia?

-Ama Guadalupekoak 2015. urtean sekulako denboraldia egin zuen, TKE Ligan errekorrak hautsiz, Kontxan bigarren geldituz eta abar. Une horretan bururatu zitzaidan merezi zuela kronika moduko bat jasotzea. Hori izan zen hasierako asmoa, 2015. urteko denboraldi itzel hori laburbiltzea eta kontatzea. Gero, pixkanaka, denboran atzera egiten hasi nintzen eta pentsatu nuen egokia izan zitekeela 2003an TKE Liga hasi zenetik datuak bildu eta horiek azaltzea. Eta denboraren poderioz, liburua ia amaituta neukanean, dagoeneko 2016. urteko sasoian geunden. Eta hor arraunlari batek esan zidan egunera jarri beharko nuela liburua. Eta hala osatu nuen Zorionak, Hondarribia!, 2003tik 2016rako ibilbidearekin.

Zer da liburuan aurkitu ahal duguna?Hondarribiar zaletuentzat propioki egindakoa al da?

-Liburuan urte hauetako guztietako kronika ahalik eta objektiboena egiten saiatu naiz. Alde batetik, Hondarribiko traineruaren ibilbidean zentratuta dago, bai, Ama Guadalupekoak irabazitako estropada guztietako datuak biltzen direlako: noiz izan zen, zeinek osatu zuten eskifaia estropada hartan, denborak... Urte hauetan Hondarribiko tostetan izan diren 64 arraunlari desberdinen fitxak ere bildu ditut. Baina badira edozein arraunzalerentzat interesagarriak diren bestelako edukinak. TKE Ligako estropadak jokatzeko balio izan duten 48 eremuen fitxak, zenbat aldiz erabili diren, nork daukan hango errekorra... Eta nola ez, Kontxako Estropadaren historiari ere begiratu bat ematen diot. Eta datu eta zenbaki horien guztien artean, arraunaren munduko zein beste esparruetako jende ezagun eta anonimoaren hitz, esaldi edo hausnarketak tartekatu ditut, estropada bakoitzaren harira egun haietan egindakoak, edo arraunarekin eta honen filosofiarekin zerikusia dutenak. Egunkariak, aldizkariak, telebista eta irratietako artxiboak edo liburuak izan ditut lan honetarako iturri, eta TKE Ligatik zein Hondarribia Arraun Elkartetik ere datu mordoa pasa zizkidaten.

Hondarribiko kasuan, eta bereziki azken urte hauetan, argi dago arraunak mugimendua sortu duela bere inguruan. Udako garaipenen ospakizun eta harrerek hainbeste jende elkartzea, txiki eta gaztetxoen arraunarekiko zaletasuna piztu izana... Nola ikusten duzu zuk fenomeno hau?

-Suposatzen dut ez dela hain ez ohikoa, kirol elkarte batek lorpenak dituenean jendea bere inguruan biltzea eta zaletasun hori pil-pilean egotea. Hala ere, Hondarribiak beti izan du zalegoa atzetik. Baina bai, bereziki azken urte hauetan nolabaiteko poza sortu du traineruak jendearengan. Harrobia ere beti landu da, baina ume gehiago gertura-tzen dira arraunera. Hori, puntu bateraino behin-tzat, normala dela esango nuke. Hala ere, hiri honen kasuan eta zorionez, arraunak eta traineruak, beste ideia eta ikusezin askoren gainetik, jende guztia bere inguruan batu duela nabarmena da, eta oso pozgarria.

Zure Gipuzkoako txokoa. Mutrikuko Olatz auzoa, oso leku ederra.

Mendi bat. Guadalupe eta honen inguruak zoragarriak dira. Maiz joaten naiz zakurrekin.

Paisaia bat. Txingudiko badiaren ikuspegia Aiako Harritik. Ikusgarria da benetan.

Hondartza bat. Hendaiakoa, paseo luzeak emateko.

Jai bat. Hondarribiko Alardea, publikoa zen garaietan.

G

ipuzkoatzen


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902