Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Ziritik

Arrastoa uzten duten pertsonak

Xabier. Euzkitze - Domingo, 18 de Junio de 2017 - Actualizado a las 06:02h

Ez nuen Mattin Trekurekin kantatzeko zoririk izan. Hark 1981eko uztailean egin zuen azken plaza, hil baino 18 egun lehenago, eta nik hurrengo urteko apirilean lehenbizikoa. Halere, hura hil baino pare bat hilabete lehenago bisita egin genion Eskolarteko 1. Bertsolari Txapelketan parte hartu genuen gazteok. Ordurako adinak otzandua zuen, baina gizon alaia, bizia eta maitagarria atzeman genuen. Hizketan ere ba omen zuen grazia eta txispa. Hori adierazten duen pasadizo bat entzun izan diot Lazkanori:

- Mattin, kafea ere hartu beharko duk, ala?

- Bai, deskafeinatua.

- Deskafeinatua?

- Bai. Nik kafea hartzen dudalarik, emazteak ez dik lorik egiten.

Halatsu ibilia izango da gurea ere, denbora puska bat bazeraman behintzat kexu. Lokartu ondorengo ordubetean saltoka aritzen omen naiz, 20-30 segundoz behin botea egiten omen dut. Hori entzuten nazkatuxe, joan naiz, bada, espezialistarengana. “Euskaldun berria naiz, nire euskara oso txarra da”, esan dit artatu nauen mediku abegitsuak. “Zure euskara zoragarria da”, erantzun diot. Euskarak ez du mediku hobea egingo, baina haren tratua bai hurbilagoa.

Loaren proba egin behar dudala esan dit, baina etxean bertan egiteko tresneria emango didatela. Halere, ziurrenik ez omen nau berak artatuko probaren ondoren, erretiroa hartzeko egun batzuk falta omen zaizkio eta. Handik aste gutxira, joan naiz proba egiteko tresneriaren bila. “Luke doktoreak hartu al du erretiroa?” galdetu diot erizainari eta...negarrez hasi zait. Bihar izango du azken laneguna eta aztoratuta dabiltza. Lanak berrantolatzeak buruhausteak damaizkie, baina burua baino hautsiagoa dute bihotza.

Badira arrastoa uzten duten pertsonak. Mediku ona izateko ez da aski karreran nota onak ateratzea, etengabe birziklatzea. Mediku onak pertsona ona ere behar du. Horiek uzten dute arrastoa.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902