Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Ziritik

Surrealismo egunerokoa

Xabier. Euzkitze - Domingo, 11 de Junio de 2017 - Actualizado a las 06:07h

Atitte ta amama / joan ziran mendira / aizkoria galduta / hasarratu ziran. / Attittek amamai / iletikan tira, / amamak attittei / mailukia tira

Ikastolan ikasitako kanta da, oso ume ginela. Melodia xinple eta oinarrizkoa du erabat,. Ez naiz oroitzen zein maisu-maistrak erakutsi zigun, baina denok pozik kantatzen genuen. Neure baitako haur-hausnarketetan, oso zentzugabea iruditzen zitzaidan. Zer arraiotarako eraman ote zituzten attittek eta amamak aizkora eta mailua mendira? Hori zen lehen galdera. Baina harridurarik handiena bigarren erdiak eragiten zidan. Aizkora galdu izanak eragindako haserrealdian, attittek amamari iletik tiratzen zion, eta amamak attitteri mailua jaurtitzen. Gure attitte-amamak hain bestelakoak ziren, ezin baikenezakeen surrealismotik baizik ulertu kanta hori. Eta surrealismoa zer den ikasi baino hainbat urte lehenago, bakoitzak bere erara irudikatutako eszena ilogiko eta bortitz horrekin barre egiten genuen.

Inoiz ez dut jakin nork sortutako musika eta hitzak diren, eta gaur egungo haurrei kantatu izan diedanean denek muturra okertu izan didate. Ez dute ezagutzen. Handik urte batzuetara ikasi genituen Azpeitiko Urkamendiari buruzko bertsoak, Aiako Muatz baserriko semearen krimena kontatzen dutenak: semeak aita tiroz hil ondoren, Donostiara joan eta ostatu eman zion emakumeari mesede bat eskatu zion: norbaitek hartaz galdetzen bazuen, esan ziezaiola bi egun bazeramatzala Donostian. Emakumeak egoki erantzun zion: “hortik inori okerrik ez badatorkio, bai.” Okerra berehala hedatu, ordea. Kartzelatik ihes egiteko saioa ez zitzaion ongi irten, eta Azpeitiko Garmendigainen urkatu zuten Joxe Tejeria 1900. urteko urtarrilean, sei mila lagun bildu bide zituen ikuskizun makabroan. Orduan ere izaten ziren horrelako gertaerak.

Gaur egungo umeek muturra okertzen dute, baina beldur naiz guri bezain surrealista ez ote zaien begitanduko kanta. Gaur egungo albistegietan agertzen dira attitteri mailua jaurtitzen dioten amamak baina, bereziki, amamari iletik tiratzen dioten attitte asko agertzen dira, emazte eta bikotekideak hiltzen dituzten senar eta mutilagunak, edo bikotekide ohiari min ematearren seme-alabak hiltzen dituzten gurasoak. Aste honetan bertan jakinarazi dituzten datuen arabera, ikaskideen irainak eta jazarpena jasaten dituzten haur eta gaztetxoen kopuruak ere biziki kezkagarriak dira. Bortxaren pean bizi gara, surrealismoa egunerokotzeraino.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902