Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
bertako gaia

Iragana eta oraina ulertzeko gutunak

Amagoia Gurrutxaga kazetariak (Matxinbenta, 1971) ‘Zarauzko gutunak, 36ko gerra’ liburua kaleratu berri du. Gerra eta frankismo garaiko istorioen testigantzak jaso ditu garai hartako egoeraren argazki orokor bat osatuz.

Ane Rotetaren erreportajea. Argazkiak: Aritza Elkartea / Arregi-Uranga sendia - 2017(e)ko ekainaren 8a, osteguna - 06:13etan eguneratua

Valeriano Saizar, Orion hil zuten, familiarekin.

Valeriano Saizar, Orion hil zuten, familiarekin.

Galería Noticia

Valeriano Saizar, Orion hil zuten, familiarekin.Loiola Bataloiko Jose Mari Arregi ‘Xagua’ (ezkerrekoa).Bernardina Antzuola familiarekin.Amagoia Gurrutxaga idazlea liburuarekin, Garoa liburu-dendaren atarian.
  • Flecha Ver anterior
  • Flecha Ver siguiente

1936ko gerrak eta ondorengo frankismoak utzitako zauriak eta arrastoak bizirik diraute oraindik ere Zarautzen, eta garai hartan zenbait bizilagunek bizitako istorioak benetan dira gogorrak eta mingarriak. Baina orain dela gutxi arte bizipen horiek isilean egon dira, aspalditik Zarautzen bizi den Amagoia Gurrutxaga kazetariak (Matxinbenta, 1971) Zarauzko postalak, 36ko gerra liburua 2013an kaleratu zuen arte hain zuzen ere. Lan horrek gerrak herrian utzitako arrastoaren argazki orokor bat eskaintzen zuen, eta kaleratu berri duen Zarauzko gutunak, 36ko gerralanak, berriz, garai hartako “pixelak” eskaini nahi ditu, “testigantza eta gutun bakoitzarekin argazki orokor horri xehetasunak eransteko”.

Duela 80 urte Zarauzko (eta Euskal Herri osoko) egoera ez zen inolaz ere erraza: zarauztar asko erail zituzten, asko kanporatuak eta espetxeratuak izan ziren, etxe asko desjabetu eta hustu zituzten eta emakumeen aurkako jazarpena ere izan zen. Istorio horiek aztertzen hasi zen Amagoia Gurrutxaga kazetaria orain dela 15 bat urte, biktimei edo biktimen familiartekoei elkarrizketak eginez, eta lehen liburu horretatik kanpo geratu behar izan ziren istorio asko kontatzen ditu testigantzez, gutunez eta agiriez osatutako bigarren lan honek.

“Liburu hibridoa dela esango nuke, kazetari lana ikerketa lanarekin nahasten delako. Izan ere, urte hauetan guztietan elkarrizketak egin ditut, baina horrez gain, artxibategietara joan behar izan dut materiala biltzera. Testigantzek esaten zutena agiriek diotenarekin gurutzatzea izan da ariketa eta lana ahalik eta kontrastatuen egiten saiatu naiz. Testigan-tza asko daude eta horietako bakoi-tzak bere mundutxoa kontatzen du, baina guztien artean halako koadro edo argazki orokor bat atera dut”, azaltzen du kazetariak.

Gurrutxagaren ustez, garai hartan gertatutakoa ezagutzea “ezinbestekoa” da nondik gatozen ulertzeko eta berak barruan zuen kezka baten ondorioz hasi zen lanean. “Garai hori bizi zutenak pixkanaka hiltzen ari zirela ikusi nuen eta istorio horiek inon jaso gabe geratzeko bidean zirenez, jendea elkarrizketatzen hasi nintzen, gure iragana ezagutuz gure orainaldia ulertu ahal izateko”, zehazten du kazetariak. Zentzu horretan, gerrak gaur egungo gizartean eragina izan duela ere uste du: “Gure aiton-amonak giro hori bizi-tzetik datoz eta beldurrezko giro izugarria zegoen. Horrek eragina izan zuen garai hori bizitzea tokatu zi-tzaienei, eta errebotez, guregan ere izan du eragina, beraiek hazi eta hezi gaituzte eta”.

Istorio gogorrak

Bestalde, lan hau kaleratzea justiziazkoa dela dio: ”Orduko indarkeria politikoaren, jazarpen sistematikoaren eta krimenen erantzule bakarrak ere ez du inoiz konturik eman ez epaileen ez biktimen senideen aurrean. Ia ez da geratzen nori kontuak eskatu. Biktimen ondorengoei geratzen zaien azken aukera gertatu zena ahalik eta zehaztasun gehienez jasotzea da, beren historia denon historiaren zati gisa onartua eta barneratua gera dadin, 80 urteko atzerapenez bada ere”.

Istorio oso gogorrak entzun dituela, lan honek asko eragin diola eta askotan etxean negar-saioak egin dituela ere aitortzen du kazetariak, baina “jende zoragarria eta imajinatu ezin nituen bizipen sorta bat ezagutzeko aukera” eman dio Gurrutxagari ikerketa lan honek. Gainera, joan den asteko aurkezpenarekin eta publikoaren harrerarekin “oso gustura” dago liburuaren egilea: “Liburuko pasarteekin irakurketa bat egin genuen Literaturian. Modelo bete egin zen ekitaldi hori egin genuenean eta izugarrizko esker ona adierazi zuen jende mordo batek. Joan den osteguneko aurkezpenean ere harritu egin nin-tzen jende asko joan zelako Garoara eta batzuk kanpoan geratu behar izan zutelako. Esker oneko hitzak izan ditut jendearekin aldetik eta hori niretzat izugarria da”.

Bigarren liburu honekin lana amaitutzat ematen du, baina ez du guztiz baztertzen hirugarren lan bat egitea. “Gauzak jasotzen jarraitzeko prest nago baina ez diot lan hori jarri nahi nire buruari eta bi liburu hauekin gustura nago. Dena den, bildutako materialarekin zerbait egin ahal bada ikusiko dut momentua iristen denean”, dio Gurrutxagak ateak itxi gabe.

Zortzi hamarkada pasatu dira dagoeneko gehiegikeria eta injustizien garai horietatik, baina gaur egun oraindik ere beldur handia dagoela uste du idazleak: “Eguneroko bizitza goitik behera aldatu zuen estatu kolpeak, eta ondorengo gerrak eta diktadurak denon bizimodua markatu zuen goitik behera. Orduko argudioak barruraino sartuta ditugu gaur egun ere. Ni ondorio horretara iritsi naiz eta ez dugu horren kontzientziarik. Oraindik ere badago lan asko egiteko”.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902