Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Zirrikituetatik begira

Txistorra

Rikardo Arregi - 2017(e)ko ekainaren 8a, osteguna - 11:52etan eguneratua

Pasa den larunbatean, ekainaren, 3an Iruñeako kaleetan ibili zen manifestaziotik irudi bat, bideo bat, gelditu zitzaidan begietan iltzaturik min eman arte: emakume batek, Nafarroako banderan bilduta, borrokalari mexikarrek eramaten duten antzerako maskara jantzirik, txistorra bat zeraman eskuan, zartailu moduan erabiltzen zuena bere bizkarra noizbehinka zigortzeko. Aitortu behar dut hedabide batzuetan bilatu nituela irudiok, zera faltsu bat, fake bat, ez zela egiaztatzeko, manifestazioaren helburuen kontrako aire burlatia aurkitu niolako gauzari. Geroago hasi nintzen pentsatzen hiri guztietan dagoen ohiko xelebrea izango zela agian pertsonaia, batez ere jakin nuenean emakumeak Capitán Txistorra deitzen ziola bere buruari. Misterioa ikertuz, deskubritu dut txistorra astintzen zuenaren izena Asun Requena dela: blog bat du, bere zeregina sormen artistikoa omen da eta manifestazioan egin zuen hori performance bat da, berak dionaren arabera, izenburua eta guzti: The Flag, ingelesarekin (flag: bandera) eta gaztelaniarekin (flagelación) jolastuz, suposatzen dut.

Eskuin nafarra eta arte kontzeptuala edo performanceak: ez dakit bietatik zeini diodan beldur handiagoa, egia esan, baina biak uztarturik (eta uztarketa posible dela dirudi) lasterka egiteko gogoa pizten zait berehala. Asun Requenak blogean azaltzen ditu performancearen nondik-norakoak, arrazoiak eta interpretazioak (ezaguna da arte kontzeptualak eta performanceek azalpen luze eta nahasiak behar dituztela zerbait ulertu nahi bada) akatsez beteriko testu batean (Goodbye Lenning bitxi bat agertzen da, adibidez), idazketa arras kontzeptuala (izan gaitezen eskuzabal) erabiltzen duelarik. Eskuin nafarra eta arte kontzeptuala edo performanceak: ez dakit bietatik zein dagoen gainbeheran, zein desagertuko den azkarrago, zein itoko den azkarrago erridikuluaren itsaso sakonetan. Ez bata eta ez bestea: pesimismoak bizi-tza arinago eramaten laguntzen du batzuetan. Bide batez, txistorrik goxoena, nire ustez, Arbizukoa da.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902