Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Gezur hezurretik

Noiz da gehiegi?

Aitzol Elizaran - Domingo, 4 de Junio de 2017 - Actualizado a las 06:11h

Gentrifikazioa langile mailako edo diru-iturri eskaseko auzuneetan maila ekonomiko altuagoko jende eta enpresek higiezinak erosten dituztenean gertatzen da, edo hobeki esanda, erosi ostean ematen den aldaketa soziokulturala bera da gentrifikazio hau. Alegia, lehen dekadentzian egon zitekeen auzune batek ospea hartzea pixkanaka, eta bertako jatorrizko biztanleak apurka apurka baztertzea, auzunera datozen bizilagun berri horien beharretara eta prezioetara, noski, egokituz.

Londresen izan nuen lehenengo aldiz honen berri, hitzaren berri diot, fenomenoa gutxi gorabehera denok ikusi ahal izan dugulako azken urteotan inguruko auzoren batean. Ingeleseko gentryhitzetik omen dator, burgesia altua esan nahi du, eta azkenean hauek izaten dira horrelako tokietara mugitzen lehenak, edo behinik behin, hori bultzatzen lehenak, gero maila baxuxeagoa dutenak izango baitira bertan bizitzera pasako direnak, ahal bada bankuarekin zorpetuz gainera. Ez zuen gehiegi iraun gurera iritsi gabe, noski, higiezinen salerosketan abilak baikara oso.

Duela gutxi arte, turismoa erakartzea oso garrantzitsua zen, baina momentu batean gehiegizko bihurtu da

Bilbo zaharrean gertatu da, Gasteizen gertatuko denaren susmoa dago, Baiona Ttipian ere ziur igo dira prezioak azkenaldian, Iruñea San Ferminek superpopulatzen dute, eta Donostian alokairuko pisuekin eta hauek hartzen dituztenekin arazo bat dago. Azken kasu horietan turismoa bihurtu da demonio berria, sufre usaina dago, Chavezek esango lukeen bezala.

Duela gutxi arte, turismoa erakartzea oso garrantzitsua zen, ekonomiaren sostengu garrantzitsua zen, urteroko diru sarreren portzentaje altu bat, gero eta gehiago gainera. Baina momentu batean gehiegizko bihurtu da, jende andana ibiltzen da kaleetan gora eta behera, eta horrek enbarazu egiten digu bertakooi. Ezin dugu lasai korrika egitera atera, paseatzera, betiko aurpegi ezagunei ezin kasu egin kaleetatik, ilehori mordoa dagoelako eta abar. Gipuzkoako hiriburuan, adibidez, azken urtean asko zabaldu da kritika hau, baina batzuentzat txarra gerta daitekeena, besteentzat ez. Tabernariei galdetuz gero, kasu, ziur kontent direla, taxi gidariak ere kexarik ez, honengatik behintzat, eta zer esanik ez hotel eta bestelako lotarako tokientzat, inongo preziorik garestienak jarri eta hala ere bete-bete eginda egoten diren horientzat. Esaiezu horiei, edo souvenir dendakoei, ezetz, orain ez dugula gure herria Venezia berria izaterik nahi, eta turismoak behera egin behar duela.

Kontrako aldean izango dira, aldiz, bizitzeko etxe bila dabiltzanak. Esaiozu, adibidez, ikasketak bukatu eta etxetik alde egiteko gogoa duen langile hasi berri horri, horrelakorik balego, ezin duela alokairu duin bat ordaindu, alokatzeko asmoa zuen etxe hori asteka alokatuz gero, jabeak askoz diru gehiago aterako duelako. Esaiozu gurasoen etxean gelditu behar duela bizitzen beste hamar bat urtez, banketxeari hipoteka bat eskatzeko adina diru bildu arte, baina hori bai, diru gehiago izango duela oporretan Londres, Venezia edo Baiona ttipira joateko.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902