Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Post-esanahia

Zirrikituetatik begira

2017(e)ko ekainaren 1a, osteguna - 11:17etan eguneratua

"Puigdemontek erreferenduma egin nahi du katalanak entzun ordez". Horrela, gaztelaniaz baina, atera zuen astelehenean PPk txio bat Twitterreko bere kontu ofizialean Soraya Séanz de Santamaríaren traolarekin, presidenteordeak goizean emandako prentsaurrea laburbiltze aldera. Badirudi hitzok ez direla zehatz-mehatz Sáenz de Santamaríak esan zituenak, baina sare sozialetan aritzen diren arduradun popularrentzat, izan langile huts, izan militante sutsu, esaldia adierazpen osoaren isla da. Esaldia guztiz absurdoa denez (zer da erreferendum bat baino hobeagoa jendearen iritzia ezagu-tzeko), txantxak eta hitz-jokoak ugaldu dira;barre algarak Moncloan ere entzungo ziren. Baina berdin dio: PPko esaldi absurdoen katalogoa luzea da, Rajoy presidente bera da adibiderik behinena (platera platera dela, alkatearena, oso espainiarrak eta asko espainiarrak eta abar). Post-edozein-gauza garai hauetan "post-" berri bati ireki da: post-esanahia, ez du axolarik hitzek zer esan nahi duten, zeintzuk diren hiztegietan edo tradizioan dituzten esanahiak, zer ulertzen dugun guztiok entzuten ditugunean;garrantzitsuena da propaganda egiteko erabilgarriak diren ala ez, eta erabilgarriak ez badira esanahia bihurritu edo desitxuratu helburua lortzeko, eta geroago, noski, behin eta berriro errepikatzea gerorik ez balego bezala. Katalan askoren desira politikoak ez dira desira, "desafio" baizik, erreferendum hitzari dagokion adjektiboa beti da "ilegala", eta ez besterik.

Sáenz de Santamaríaren jatorrizko esaldia, iturri popularren arabera, hauxe zen: "Puigdemontek, Junquerasek eta Romevak, gizarte katalana entzun ordez, hiritar guztientzako gobernatzeari uko egin diote". Itzulpena nirea da, kostatu zait, esaldi hori ere absurdoa delako, haien artean zerikusi gutxi duten bi kontzeptuak desegoki uztarturik baitaude. "Erreferendum ilegala" hitzak hortik ibiliko ziren. Testuingururik ez dut, eta kokaina sudurreratzen argazki batean harrapatu duten zinegotzi popularrak esan duenez: "Testuingurutik kanpo ezin da argazkikoa ulertu".
Rikardo Arregi


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902