Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
bertako gaia

Etxean da 1740. urteko planoa.

Duela 277 urte Ataungo barrutia banatuta zegoen: San Martin aldeko erdia Kontzejuarena zen, eta beste erdia, San Gregoriokoa, Lazkaoko markesarena. Zatiketa irudikatzen zuen planoa berreskuratu eta Ataungo Udaletxean jarri dute.

M. Aranbururen argazkia eta erreportajea - Sábado, 27 de Mayo de 2017 - Actualizado a las 06:14h

Atauniker elkarteko Jexux Aizpurua eta Joxe Ramon Munduate Ataungo Udaletxean, 1740ko obra atzean dutela.

Galería Noticia

Atauniker elkarteko Jexux Aizpurua eta Joxe Ramon Munduate Ataungo Udaletxean, 1740ko obra atzean dutela.

Ataungo Udaletxeko lehen solairuan sartu, eta bertan segituan ikus daiteke plano berezi bat koadro are handiago batean sartuta. Bertan ikus daiteke 1740. urtekoa dela lana, baina ez da plano horren adina atentzioa gehien ematen duena. Izan ere, argi ikus daiteke nola dagoen marra lodi batez Ataungo udalerria bitan banatuta. “Kontzejuarena zen San Martin aldeko erdia, eta beste erdia, San Gregorio aldekoa, Lazkaoko markesarena”, azaldu du Atauniker elkarteko Jexux Aizpuruak. “Pentsa, garai hartan zeuden etxeak ere guztiak agertzen dira marraztuta. Sinestezina dirudi garai hartan horrelako zehaztasunarekin egiteko gaitasuna izatea”, gaineratu du Joxe Ramon Munduatek. Azken hau ere Atauniker elkarteko kidea da, eta biak planoaren inguruan aritu dira.

Nahiz eta orain edonork ikusi dezakeen plano hori, ez da erraza izan obra hori berreskuratzeko bidaia. “Jakin bagenekien horrelako plano bat bazela”, nabarmendu du Aizpuruk. “Juan Arin Dorronsoro, Don Joan Txiki, apaiz eta ikertzaile ataundarrak hemengo sakristian badu Ataungo plano bat eginda, eta harrituta gelditzen ginen ea nola egin ote zuen. Enteratu ginen plano honi begira egoten zela, eta horrela lortu zuela egitea. Gainera, planoaren berri 1928an Eusko Folklore aldizkarian esan zuen, Lazkaotarren jauregian zegoela”, gehitu du Munduatek.

Planoak badu balio berezi bat ataundarrentzat. Hain zuzen, 1740. urtean Ataungo lurren jabeak zeintzuk ziren erakusten du eta bide batez, Lazkaoko markesaren eta herriaren arteko auzian mugak zehazteko ere balio du. “Markesak lur asko zituen, eta hala ditu gaur egun ere”, azaldu dute Ataunikerreko bi kideek.

Behin argi izanda egia zela planoaren existentzia, Lazkaoko markesari azaldu zioten obraren inguruan zuten ideia Atauniker elkarteko kideek, eta azkenean, markesak Lazkaon duen etxean aurkitu zuten planoa, pentsatzen zuten moduan. “Egoera nahiko kaxkarrean zegoen. Armairu handi baten atzean kokatuta zegoen, itogin baten azpian. Gainera, tamainuz ere izugarri handia zen”, agertu du Munduatek.

berreskuratzeaEgoera tamalgarria ikusita, zerbait egin behar zela erabaki zuten eta 2015 urteko lehen hilabeteetan hasi ziren prozesuarekin. Horrela, Infantaduko dukearekin tratua egin behar izan zuten Ataunikerreko kideek, izan ere, lana ez zuen saldu nahi izan, baina bestalde, konpontzearen truke erreplika bat egiten utzi zien. Beste plano berdin bat ere badago, “bitako bat Lazkaon dago, baina bestea ez genuen eskuratu”, dio Munduatek. “Iruñera eraman genuen erraberritzeko asmoz. Noski, bagenekien bere balioaz eta kontu hauek nola egiten diren galdetu genuen. Esan ziguten garraio segurua zela eta 40.000 euro ordaindu behar genituela. Ez genuen espero, horrenbesteko dirutza, baina tira, azkenean laguntzak tarteko, egin genuen”, kontatu du Munduatek. Berritzeaz Rebeca Ortega uhartearra arduratu zen, eta erreplika, berriz, Iñaki Aldatz berriozartarrak egin zuen.

Pieza lihozko oihalean dago margotua, eta beheko aldean irakur daitezke xehetasunak. “Hemen ikus daiteke nola 1740. urtean Manuel de Leon izeneko margolariak egin zuen”, esan du Aizpuruak. Noski, duela 277 urteko lana eskuratzea garrantzitsua izan da ataundarrentzat, balio berezia duelako. “Ez du logikarik hau beste leku batean egoteak”, azaldu dute biek. Ataundarrentzat du balio gehien, eta horregatik jarri dute Udaletxean. Sentimenduez gain, lehen ikusten ez ziren leku-izen batzuk agertu dira oihalean: hasiera batean 40 inguru ikusten ziren, eta eraberritu ostean, beste 20 aurkitu dituzte. Joxe Ramon Munduate: “hau izugarrizko altxorra da guretzat”.

Bide luze eta ilunaren ostean, berriz ere etxera itzuli da planoa. Orain, behintzat, merezi duen lekua ematen jakin dute ataundarrek, eta bide batez, urte askotako ondarea berreskuratzea lortu dute.

las claves

Egoera nahiko kaxkarrean aurkitu zuten obra Lazkaotarren jauregian, baina eraberritu ostean erreplika dago ikusgai


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902