Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Gezur hezurretik

Besaulki eta haize aldaketak

Aitzol Elizaran - Domingo, 21 de Mayo de 2017 - Actualizado a las 06:13h

Lider bat behar dugula dio liderra izan nahi duenak dio Berri Txarrak-en abestiak, eta agudo baino lehen etorri zitzaidan burura Manuel Valls-ek bere burua eskaini zuenean Macron-en eskutik berriz postu bat lortzeko. Sei hilabete bete berri ziren Frantziako lehen ministro bezala dimisioa eman zuenetik, presidentegai izateko, baina Hamon-en aurka galdu zuen sozialisten arteko gudu hori, eta heldutasun politikoaren adierazle gisa, ez zuen alderdiko kidearen aldeko hautua hartu, ordura arte etsai politiko zen Errepublika Martxan alderdiaren alde baizik.

Narrastitzat har genezake mugimendu hau, edo mugimendu-segida hau hobeki esanda. Ipurdia eserleku batean bermatuta izateko beharra, gaztelaniazko poltronero hitzarekin ederki definitzen da, besaulkizale, euskara jatorragoan. Nire herrian ere bada horrelako pintadarik pareta batean: “ezdakitnor poltronero” jartzen du, badakitnor. Kontua da alde batetik bestera dabilela Valls, eta toki guztietan lagunak uzten, Frantziako alderdi sozialista hilda dagoela esanez adibidez, hilabete gutxi direlarik bertako hautagai izan nahi zuela. Argia ikusiko zuen bide amaieran, egun batetik bestera.

Ez zaizkit sekula gustatu horrelako tipoak, beren tokia bermatu beharra dutenak, edozeren edo edozeinen gainetik. Anbizioa gaizki ikusia dago bereziki gure gizartean, handinahikeriarekin nahasten da maiz, eta itzalpean egotea asko baloratzen dugu, eta ez hainbeste bere burua nabarmenarazi nahi duen hori. Beste alde batetik ordea, datorkigun munduan norberekeria gero eta preziatuagoa da, bakoitzak bere ametsak bilatu eta aurkitzea, gure esku dagoen guztia horren alde jar-tzea, lortu beharrekoak lortzeko. Gizartea amerikanizatu zaigu, berekoitu, liberalismoa errotik sartu eta sortu. Erronka ederra datorkigu bi joera hauek uztartzen.

Politikariekin bereziki fintzen dugu usaimena. Gehiegizko asmoa leporatzen diegu, ez hainbeste bando aldaketa hauek maila xumeago batean gertatzen direnean ordea. Adibide bat jartzearren: gure lagun Joxe nazkatuta dago bere lanarekin. Ez ditu lankideak gustuko, soldata ez da nahiko lukeena, eta ondoko lantegira joan da lanera. Baldintza hobeak eskaini dizkiote. Zer egin behar zuen ba? Martin, aldiz, alderdi politiko bateko kide izan da urteetan zehar, baina ez zetorren bat azkeneko erabakiekin, eta gainera bere barnean sentitzen hasia zen ondoko alderdiko ideiekin ados zetorrela. Bere diputatu akta utzi, eta pareko eserlekura pasa da. Alarma guztiak piztu dira. Ez gaizki ulertu, ongi bereizten ditut bi planoak eta bakoitzaren ardura morala,bat horretarako aukeratua izan dela eta bestea ez, baina batzuk sekula alda-tzen ez diren moduan, beste batzuk bai, eta azken batzuk maizegi.

Senak eskatzen digu idealei eustea, ezin atzean utzi beti defendatu dugun hori, traizio hitza ere badatorkigu burura, eta hori larria da. Beste batzuei aldiz senak ez omen die horrelakorik eskatzen, beren burua salbatzea baizik, edonola kategoria ez galtzea, sutondotik gertu mantentzea, negua baitator.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902