Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa

Herritarrek jai giroan erabaki zuten

Atzoko egun “garrantzitsua” pozez eta ilusioz bizi zuten eskualdeko herritarrek eta hauteslekuen inguruan festa giroa izan zen nagusi

Erreportaia Ane Roteta Argazkia Iker Azurmendi - 2017(e)ko maiatzaren 8a, astelehena - 06:12etan eguneratua

Gure Esku Dagok bultzatutako herri galdeketarekin bat egin eta hitza hartu zuten atzo Urola Kostako herritarrek. Euskal Herriko estatus politikoaren inguruan erabakitzeko eskubidea gauzatu zuten milaka herritarrek eta jai giroa izan zen nagusi Zarautz, Zumaia, Orio, Zestoa, Getaria, Aizarnazabal, Errezil eta Azkoitian.

Hauteslekuak goizeko 9.00etan zabaldu zituztenetik, Urola bailarako herri guztietan haur nahiz helduentzako egitarau oparoa izan zen bozkatzeko guneen inguruan, besteak beste, musika eta dantza emanaldiak, bertsolariak, ipuin kontalariak eta haurrentzako jolasak. Nahi al duzu izan euskal estatu burujabe bateko herritarra? galderari erantzun behar zioten herritarrek, eta bozka eman ondoren, festa giro apartaz gozatzeko aukera izan zuten. Ilusioa nabari zen txoko guztietan, atzoko eguna garrantzitsua baitzen euskal herritarrentzat eta festarako aitzakia ez zen edonolakoa. Gainera, eguraldia ere lagun izan zen egun osoan zehar eta hautestontzien inguruan giro ezinhobea nagusitu zen egun osoan zehar.

Nerea Azkoaga donostiarra Zarau-tzen bizi da duela urtebete eta goizeko 11.00ak aldera inguratu zen Zarauzko Lege Zaharren enparantzara bere bozka ematera. Bere iritziz, herri kontsultarekin ekimena “garrantzitsua eta beharrezkoa” da: “Horrelako praktikak egitea oso osasuntsua iruditzen zait eta herri guztietan egin beharko litzateke. Azken finean, herritarrak gara gizartearen partaide eta guk erabaki behar dugu gure etorkizuna. Beraz, zalantzarik gabe, gaurko eguna (atzogatik) oso garrantzitsua iruditzen zait”.

Oihan Iribar zumaiarra ere “gustura” zegoen bere botoa eman ondoren. “Nik uste dut horrelako ekimen bat beharrezkoa zela. Ez dakit zenbat kaso egingo diguten baina behintzat iritzia emateko aukera edukitzea primeran iruditzen zait. Euskaldunen-tzat egun garrantzitsua da, desberdina eta polita”, adierazi zion zumaiarrak egunkari honi. Jose Antonio Olano getariarrak bat egin zuen iritzi horrekin eta “egun oso garrantzitsua” dela iritzi zuen. Getariako Berdura plazara pozik joan zen bere bozka ematera eta atzoko kontsulta “aurrerapauso handia” dela uste du: “Euskaldunen eskaera edo ilusio bat da herri galdeketa egitea eta pixkanaka gauzatzen ari da. Jende asko aspalditik dago egun honen zain eta ilusio handia dago tartean, eta zorionez, jende askoren nahi hori gauzatzen ari da”.

Herritarren artean nabaria zen, beraz, ilusioa eta poza atzoko herri galdeketaren aurrean eta Urola Kostako Gure Esku Dagotik ere balorazio “oso positiboa” egin zuten hauteslekuak itxi baino ordu bete lehenago. “Espero genuena baino askoz hobeto doa eguna, dena primeran atera da eta ez dugu inolako arazorik izan. Bozka kopurua oso ona da eta batezbesteko datua ere uste genuena baino hobea da. Herri batzuen datuak, gainera, harritu egin digute eta onerako. Herritar asko joan dira bozka ematera eta oso gustura gaude jendearen erantzunarekin”, azaldu zion egunkari honi Iker Aizpuruak, Urola Kostako Gure Esku Dagoko komunikazio arduradunak. Bestalde, eskerrak eman zizkien atzoko egunean bozkatu zuten guztiei eta bolondres bezala eskualde osoan lanean ibili ziren 700 herritarrei. “Eskualde mailan jende pila batek egin du lana borondatez eta eskerrak eman behar ditugu”, esan zuen Aizpuruak amaitzeko.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902