Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Nadia Reghif marokoar jatorriko euskaltzale legazpiarra

“Aitona-amonak zaintzen lan egiten dut eta asko eskertzen didate euskaraz egiten diedanean”

Nadia Reghifek Korrikan parte hartu zuen. Seme-alabekin atera zen, nahiz eta 2.00etan pasa zen eta hurrengo goizean lanera joan beharra zuen

Asier Zaldua - 2017(e)ko maiatzaren 6a, larunbata - 06:13etan eguneratua

Nadia Reghif

Galería Noticia

Nadia Reghif

urretxu- Marokoar jatorrikoa zara.

-Gurasoak marokoarrak dira. Hemen jaio ginen anaia-arreben artean, bigarrena naiz. Bi zaharrenak Marokon jaio ziren eta hurrengo lauak hemen.

Zertan lan egiten zuen zure aitak?

-Hasieran obretan lan egin zuen, ondoren Patrizio Etxeberria lantegian eta azken urteetan azoketan. Arropa saltzen zuen.

Zu jaio zinen garaian ez zineten marokoar asko egongo Legazpin.

-Gu bakarrik geunden, baina oso ondo hartu gintuzten. Haurtzaroko oso oroitzapen onak ditut.

Primeran hitz egiten duzu euskaraz.

-Ikasketak Legazpiko Domingo Agirre ikastetxean hasi nituen. Han, 1. eta 2. maila egin nuen. Ondoren, Ormaiztegira joan ginen bizitzera. 3. mailatik aurrera, Beasaingo Loinazpe ikastetxean ikasi nuen.

Zure anai-arrebek ere euskaraz hitz egiten al dute?

-Gazteenak, bai. Zaharrenek, ez, eta beste biek euskara ulertzen dute, baina hitz egitea kosta egiten zaie.

Euskara jakiteak lagundu zaituela esango al zenuke?

-Bai. Garbitzaile bezala eta aitona-amonak zaintzen lan egiten dut eta aitona-amonek asko eskertzen didate euskaraz egiten diedanean. Zapiarekin ikusten naute eta meritu handia dudala esaten didate.

Zure seme-alabek ere euskaraz jakingo dute.

-Hala da. Bost seme-alaba ditut eta bostek euskaraz hitz egiten dute. Bi zaharrenek La Salle-Legazpin ikasi dute. Hirugarrenak ere bertan ikasi zuen, 5. maila arte. Ondoren, Urretxu-Zumarraga ikastolara joan zen. Bi gazteenek ikastolan ikasten dute.

Seme-alabek euskara ikastea nahi al zenuen?

-Bai, etxean gazteleraz egiten baitugu gehienbat. Dena den, txikiarekin euskaraz egiten dut askotan. 5 urte ditu. Ikastolan euskaraz egiten du eta nik ere euskaraz dakidanez, euskaraz hitz egiten dit. Arabieraz oso gutxi egiten dugu. Umetan gazteleraz hitz egiten nuen eta arabieraz hitz egitea kosta egiten zait. Seme-alabek nire moduan hitz egiten dute arabieraz.

Korrikan parte hartu zenuen.

-Zaharrena txikia zaintzen gelditu zen, bigarrena lagunekin irten zen Korrikan parte hartzera eta ni beste biekin atera nintzen. Ikastolako lagunekin gelditu ziren eta ez zeuden etxean egoteko! Oso gustura ibili ginen. Ipeñarrietatik Eitzara joan ginen. Hurrengo egunean, lanean, nekatu samar nengoen. Baina pasa zen.

Askotan parte hartu al duzu Korrikan?

-Bai. Umetan eskolako lagunekin parte hartzen nuen. Azken urte hauetan ez dut parte hartu, seme-alabekin gelditu beharra bainuen. Duela bi urtekoa balkoitik ikusi nuen, orduan 11 urte zituen alabarekin.

Legazpin jaio zinen, ondoren Ormaiztegin bizi izan zinen eta egun Urretxun bizi zara. Nongotzat duzu zure burua?

-9 urterekin joan nintzen Legazpitik, baina legazpiartzat dut nire burua. Legazpitik Ormaiztegira joatea asko kosta zitzaidan eta oporren zain egoten nintzen, Legazpiko lagunengana joateko. Ostiralean eskolan jai banuen, aitarekin Legazpiko azokara joaten nintzen, lagunak ikusi ahal izateko.

Gipuzkoatzen

Gipuzkoako txoko kuttuna. Donostia. Duela gutxi Igeldon egon ginen.

Paisaia idiliko bat. Irimo menditik ikusten dena. Oso mendizalea nintzen. Umetan ez ginen oporretara joaten eta anai-arrebok uda mendian eta igerilekuan ematen genuen.

Festa edo kultur ekitaldi bat. Santa Lutzi feria.

Hondartza bat. Hondartza arratsaldeko azken orduan gusta-tzen zait. Jende gutxi dagoenean.

Mendi bat. Txindoki. Garai batean askotan igo nintzen.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902