Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Mikel Olano basozaina

“Basoa landa zabalari lekua jaten ari zaio. Horren ondorioz bertako espezien kopurua beheraka doa”

Mikel Olano basozaina da duela 30 urte baino gehiagotik. Animaliak oso gustuko ditu eta txorien kantuen inguruko tailerrak ere ematen ditu

M. Aranburu - 2017(e)ko maiatzaren 4a, osteguna - 06:12etan eguneratua

Mikel Olano

Mikel Olano

Galería Noticia

Mikel Olano

ormaiztegi- Lasaitasunaz gozatzea gustatzen zaion gizona da Mikel Olano. Altzoarra den arren, batik bat Goierrin aritzen da Aldundirako basozain modura lanean. Horrez gain, eskualdeko parketxeetan zentzumenen bitartez natura ezagutzeko tailerrak ematen ditu.

Basozaina zara duela 30 urte baino gehiagotik. Zein da zure lana?

-Hemen Goierri eta Aralar-Aizkorrialde horretan egiten dut lan. Gure lan motak bi zerbitzu ezberdin eskaintzen ditu: mendietakoa, alegia, basoaz arduratzen dena eta bigarrena faunaren alorrean lan egiten duena. Nik basa-faunarenean lan egiten dut eta, besteak beste, espezie ezberdinei jarraipena egiten diegu eta zaintza lanak ere egiten ditugu ehiza eta arrantza garaian.

Animaliekiko afizioa txikitatik izango duzu, beraz.

-Bai, txiki txikitatik izan dut afizioa. Etxean ere umetatik bitxo pila bat izan ditugu eta gero, oso gazte nintzela hasi nintzen lanbide honetan. Horrek eman dit aukera zaletasun hori hedatzeko eta zentzu horretan zorte handia izan dut.

Aberatsa al da Goierriko fauna?

-Fauna beti dago lotuta habitatari, eremuari. Goierriko eremua oso interesgarria da baso helduak dituelako, baina baita landa zabala ondo kontserbatuta dagoelako ere. Espezie aldetik binomio hori oso interesgarria da, izan ere, eremuz Goierri oso handia ez da baina oso dibertsoa bai.

Basoko zein landa zabaleko txori arruntak ditugu, baina arrunta izateak ez du esan nahi ez dutenik garrantzirik. Haien kopuruak esaten digu habitat horren egoera zein den. Horiez gain, oso bereziak diren espezieak ere baditugu Goierrin. Basoan okil-beltza dugu, garai batean pentsaezina zena. Baso sendoak behar dituzte, arbola handiez beteak. Landa zabalean, berriz, miru gorria dugu. Europa mailan zein penintsulan galzorian dago baina dirudienez hemengo nekazaritzak eta inguruneak eratzen duten mosaikoa dute gustuko.

Faunaz hizketan, nolatan hasi zinen txorien inguruko tailerrak ematen?

-Animalietako afizio hori beti izan dut. Lanean askotan zentsuak egiten ditugu jakiteko zein animalia dagoen zein lekutan. Azterketa horiek egiteko metodologia zehatz batzuk jarraitzen ditugu eta, esaterako, zein espezie dauden jakiteko belarria beharrezkoa da. Ohituta gaude natura begiekin ikusteaz, eta tailerretan soinuen munduarekin ezagutzen dugu natura.

Urte asko daramazkit belarriarekin funtzionatzen eta niri gauza arrunta iruditzen zitzaidana beste askorentzat harrigarria zela ohartu nin-tzen. Parketxeak sortu zirenean antolatu nahi zituzten irteerak, eta nik esan nien agian interesgarria izan zitekeela natura interpretatzeko en-tzumena erabiltzea, eta arrakasta handia duten tailerrak dira. Finean, isilik jarri eta entzun egiten dugu, baina asko kostatzen den ariketa izaten da. Ez gaude ohituta geldirik egon eta inguruan duguna entzuten jartzea, baina oso polita da benetan.

Udaberriarekin batera entzuten dira batez ere txorien kantuak. Zein da horren arrazoia?

-Elkarren artean komunikatzeko kantatzen dute txoriek, guk hitz egiten dugun bezalaxe. Udaberria garai ona izaten da bai, araldia datorrelako. Ugaltzeko garaian, harrak batik bat, kantu territoriala egiten dute bi arrazoiengatik. Batetik, haien eremua aldarrikatzeko eta bestetik, emea erakartzeko. Hori da udaberriko kantu polit guztien arrazoia. Momentu zehatz horiek aprobetxatzen ditugu guk jakiteko hemen zein espezie dauden eta kumatuko duten.

Zein garrantzia dute txoriek ekosistema batean?

-Handia, bio-indikadoreak direla esaten da. Txorien poblazio eta dentsitateak azaltzen du gure habitat horiek egoera sano batean ditugun edo ez. Adibidez, landa zabaleko espezieak beheraka doaz basoa lekua jaten ari zaiolako, azkenean, geroz eta baso gehiago izanda bertako espezie gehiago izango ditugu. Basoak ez du arazorik, baina landa zabalak baietz esango nuke. Nola edo hala mantendu beharreko zerbait da eta garrantzia eman beharra daukagu landa zabal eremu horri.

Gipuzkoatzen

Mendi bat. Zaila jarri didazu... Aralar ikaragarri gustatzen zait, baita Aizkorri ere... guztiak.

Hondartza bat. Ez naiz oso zalea, baina jende gutxi dagoen bat.

Paisaia bat. Landa zabala eta bere basotxoak. Hauxe, daukagun mosaikoa.

Festa edo ekitaldi bat. Edozein motatako festak, oso zalea naiz.

Txoko gustukoena. Asko ibiltzen naizena da Altzon dugun Otxabio mendia. Pagadi eta artadiz inguratuta dago, jende gutxi ibiltzen da eta oso kuttuna dut.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902