Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Zirrikituetatik begira

Hegazkinak

Rikardo Arregi - 2017(e)ko maiatzaren 4a, osteguna - 11:44etan eguneratua

Izugarrizko zalaparta sortu berri du United Airlines hegazkin konpaniako abioi batetik nola atera zuten, kolpeka eta arrastaka, bidaiarietako bat overbooking arazoak zirela eta. Bidaiaria lurrean gelditu zen ubeldurez beterik eta garuneko traumatismo batekin, hegazkinetik atera zutenen leuntasunari esker (ni dardaka hasten naiz garuneko traumatismo hitzak entzuten ditudanean). Lagun batzuen artean albistea hizpide izan zen, guztiok eskandalizaturik geunden, baina lagunak are gehiago eskandalizatu ziren, esan nienean United Airlinesekoa hegazkin konpaniekin azken garaietan gertatzen ari denaren ondorio ezin naturalagoa iruditzen zitzaidala. Aspaldian bukatu ziren hegazkinez bidaiatzea aberats gutxi batzuen eskuetan zegoen abantailaren egun haiek, eta hori poztekoa da inoiz aberatsak izango ez garenontzat;aspaldian bukatu ziren eslerleku erosoak eta jan-edan oparoak;aspaldian bukatu ziren zerbitzari irribarretsuak eta piloto lerdenharroak. Hegazkin txartelak merketu dira, eserlekuak estutu, jan-edanak desagertu, irribarreak urritu, pilotoak ate blindatuen atzean ezkutatu. Munduko edozein txokora joatea inoiz baino merkeagoa da gaur egun. Badirudi petrolioaren prezioen gorabeherek ez dutela inolako eraginik hegazkin konpainietan, gas kutsatzaileak isurtzearen gaineko zergek (egon badaude, ezta?) ez dietela konpainia horien etekinei minik egiten. Bide batez, ekologista amorratuenari ere ahanzten zaio hegazkin batek zenbat kutsatzen duen, enteratzen denean Los Angelesera 100 euro ordainduta joan daitekeela. Azienda bezala tratatzen gaituztelako kexatzen gara bidaiariok, baina zer nahi dugu? Merketzearen ondorioa da dena, edo terrorismoaren errua (terrorismoaren aitzakiak edozertarako balio du), eta gauzak ez dira hobera joango. Diruz ordaintzen ez dena beste modu batez ordainduko dugu, zalantzarik gabe. Aireportuetako duty freeetako pasabide amaigabeetan zehar lurrin (niretzat) nazkagarrien artean kilometroak egingo ditugu pozik, dena bere orduan (hori bai miraria) doalako eta umiliazioa gordinegia izan ez delako oraingoan.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902