Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Iritzia

Erlijio-arrazoiengatiko bereizkeria gauzatzen omen da gure enpresetan?

F. Javier Arrieta Idiakez - Lunes, 1 de Mayo de 2017 - Actualizado a las 07:34h

Francisco Javier Arrieta Idiakez

Francisco Javier Arrieta Idiakez

Galería Noticia

Francisco Javier Arrieta Idiakez

Gizarte akonfesional batean bizi gara. Halaxe aitortu du Konstituzioak ere, adieraztean erlijio batek ere ez duela izango estatu-izaerarik. Alabaina, erlijio-askatasuna babestu beharreko giza eta oinarrizko eskubide ere bada, nazioarteko zuzenbideko testurik garran-tzitsuenen arabera eta, ondorenez, herrialde desberdinen barn e arautegien arabera. Baina zer-nolako agerpenak biltzen ditu bere baitara erlijio-askatasunak? Eta zein da agerpenon norainokoa? Mugarik gabekoak ote? Bada, horrek guztiorrek berebiziko garrantzia du lan-munduan ere. Horren adibide dira gai horren inguruan gero eta gehiago diren epaiak, estatuan nahiz Europan.
Aukeratutako gaiari zuzen heldu aurretik, ordea, gizartean erlijioei begira sarri askotan, eta oro har, dauden egoera kontrajarriak nabarmendu nahiko nituzke. Hurrean ere, halakoek eragina izan dezakete esparru zeha-tzagoetan jazo ohi diren gatazka edo liskarretan. Enpresetan berbarako.
Halatan, aspaldian, aipatu akonfesionaltasunaren aitzakian, gure herri askotan normaltasun osoz kendu edo erdi-ezkutuan utzi dira kristau-irudiak. Edu berean, norbai-tzuek Agur Jaunak abestiaren hitzak ere aldatu izan dituzte, erabat desitxuratuz. Eta hori legearen arabera botere publikoek kontuan hartu behar dituztela gizartearen erlijio-sinesmenak. Eta zeresanik ez, Euskal Herriari estu lotuta dago kristau-erlijioa, hori gabe ulertezina izateraino bere nortasun eta historia. Beraz, gure historia, ohiturak eta kultura zaindu eta bermatzeaz arro dihardugunean, kristau-erlijioaren agerpenak ere ez al lirateke horietara bildu beharko? Horretan gehiegi luzatu gabe, gure mendi tontor guztietan nagusi diren gurutzeak ikustea besterik ez dago, eta, batez ere, ikurrinean nagusi den gurutze zuriaren esanahia, Jainkoa, alegia.
Aitzitik, gure artean gero eta ugariago den islamiar-erlijioari erreparatzen diogunean, maizetan, halako ontasun antzeko bat antzematen da, beste erlijio batzuei eta, batez ere, kristautasunari begira antzematen ez dena. Ez islamiar-erlijioak merezi ez duelako kristau-erlijioak besteko errespetua ―erlijio desberdinen arteko elkarrizketa aberasgarri eta premiazkoa baita―, ezpada islamiar-erlijioarekin zerikusia duen guztiaren atzean musulmanen aurkako bereizkeria ikusi ohi dutelako ba-tzuek.
Bestalde, gainditu beharko lirateke erlijioak tarteko direla nonahi gertatu ohi diren indarkeria –eta inposaketa– egintza guztiak. Zoritxarrez, historian zehar, betidanik eta gaurdaino, erlijioak euren izatearekin zerikusirik ez duten helburuetarako baliatu izan dira. Erlijio orok hurkoarekiko errespetua, maitasuna eta askatasuna oinarri izanik, askotarikoak lirateke gaitzesteko moduko egintzak. Konparazio baterako, zergatik erasotzen dira gure artean dauden meskitak edo egiten dira halakoen aurkako protestak? Zergatik islamiar herrialde askotan herio-tzaraino pertsegitzen dira kristauak eta elizak erre-tzen dira? Zergatik islamiar herrialde askotan euren sinesmenekin bat ez datozen emakumeak ere behartzen dira zapi islamiarra erabiltzera? Zergatik sortzen dira arazoak jantzi islamiarrekin mendebaldeko herrialdeetako hainbat tokitan, hala nola, eskola eta hondar-tzetan? Zergatik zenbait herrialde islamiarretan derrigortzen dira atzerriko kirol-klub ba-tzuk euren armarrietatik gurutze edo kristau-ikurrak kentzera, klub horiek bertan jokatu behar dutenean edo euren kirol-soinekoekin merchandising-a gauzatu nahi dutenean? Zinez, amaigabeak dira elkarrekiko erasoak, eta horrek elkarbizitza baketsua arriskuan jar dezake, giroa zeharo gaiztotuz.
Bada, behin gaiaren testuingurua azalduta, elkarbizitza nonahi gauza daitekeenez, enpresa edota lantokien esparru zehatzari erreparatuko diogu.
Printzipioz, uztailaren 5eko 7/1980 Lege Organikoak, Erlijio Askatasunari Buruzkoak, ezarri du ezin direla erlijio-arrazoiak alegatu, inori edozein lan zein jarduera egitea eragozteko, edo kargu zein funtzio publikoak bete-tzea eragozteko. Halaber, Langileen Estatutuak jaso du langileek eskubidea dutela, batetik, enplegurako, edo behin enplegatuta, zuzeneko nahiz zeharkako bereizkeriarik ez izateko, hala nola, erlijioarengatik nahiz sinesmenengatik, eta, bestetik, euren intimitatea errespetatua izan dadin eta euren duintasuna behar den moduan kontuan har dadin;areago, azken eskubide horretara biltzen da, besteak beste, erlijioaren edo sinesmenaren ondoriozko jazarpenaren aurkako babesa. Gainera, erregelamendu-manuak, hitzarmen kolektiboetako klausulak, banakako itunak eta enpresaburuak alde bakarrez hartutako erabakiak deusezak eta ondorerik gabeak izango dira, baldin eta enpleguari nahiz ordainsari, lanaldi eta gainerako lan-baldin-tzei begira sortzen badituzte, dela zuzeneko nahiz zeharkako bereizkeria-egoerak, mesedegarri ez direnak, besteak beste, erlijioarengatik nahiz sinesmenengatik.
Hala ere, lanean erlijio –edo sinesmen– arrazoiengatiko bereizkeria gauzatzeko debekuaren salbuespen gisa, tendentzia-enpresa edo enpresa ideologiko deritzenak leudeke, non, zenbait egoeratan, posible den langileei galdatzea erlijio, sinesmen edo ideologia jakin batekin bat etortzea. Arean ere, enpresa horiek beren-beregi sortu ohi dira ideologia, erlijio edo sinesmen jakin bat zabaltzeko, halakoen artean direla, esaterako, alderdi politikoak, sindikatuak, Gobernuz Kanpoko Erakundeak, konfesio erlijiosoak, ideia jakin bateko hezkuntza-zentroak eta ideologia jakin bateko informazio-enpresak. Edonola ere, nagusi da joera murriztailea, enpresak tendentzia-enpresa edo enpresa ideologiko bezala kalifikatzeari dagokionez. Izan ere, enpresa bat hala kalifika dadin beharrezkoa da beraren jarduera jendaurrean modu nabarian agertzea ideologiko gisa. Baina orduan ere langileen ideologia- edo erlijio-askatasunerako eta adierazpen askatasunerako oinarrizko eskubideak ez lirateke erabat ezabatuko. Bada, hori gerta dadin behar-beharrezkoa litzateke langileari datxezkion oinarrizko eskubide horiek bete-betean talka egitea tendentzia-enpresa edo enpresa ideologikoaren xedeekin, hots, zabaldu beharreko ideologia, erlijio edo sinesmenarekin. Eta horretarako nahitaezkoa litzateke langileak jendaurrean agertzea, hitzez edo jardunez, enpresaren ideiekin talka egiten dituzten jarrerak, ulerbidez, ideologiaren ikuspuntutik enpresari nolabaiteko lehia desleiala egitea. Zinez, halako enpresetan enpresaburuaren zuzendaritza-ahalmenera biltzen dira ezaugarri teknikoak ez ezik, langileak gauzatu beharreko jarduerari estu lotutako ezaugarri ideologikoak ere. Horrenbestez, beharbada, halako enpresetako lanpostu guztiak ez dute zertan ideologizatuta egon. Bestela esanda, posible da lanpostu batzuetako zereginak neutroak izatea, ezelako loturarik ez izateagatik enpresaren ideiekin. Hala bada, halako lanpostuetako langileen oinarrizko eskubideak oso-osoan errespetatu beharko lirateke, horiei begira inolako murrizketarik eragin gabe.
Baina tendentzia-enpresa edo enpresa ideologikoetatik kanpo, enpresa arruntetan ere gerta daitezke erlijio-askatasunarekin arazoak. Erlijio-askatasunari buruzko lege organikoaren esanetan, erlijio-askatasunak bere baitara biltzen dituen agerpenen artean daude nork bere erlijio-sinesmenak izatea askatasunez agertzea, bere erlijioko kultu-jardunak gauzatzea eta bere erlijioko jaiak ospatzea.
Halatan, arazoak sor daitezke erabakitzeko orduan langileek erlijio-askatasunera bildutako eskubideak egikari ditzaketen ala ez, betiere, eskubideok egikaritzeak ukitzen badu langile horien lan-jarduera eta, ondorioz, enpresaburuak lana antolatzeko duen ahalmena. Esangura horretan, oinarri hartu behar da Erlijioan edo Sinesmenetan oinarritutako intolerantzia eta bereizkeria modu guztiak ezabatzeari buruzko Adierazpena, Nazio Batuen Biltzar Orokorrak aldarrikatutakoa, 1981eko azaroaren 25ean. Horrela, Adierazpen horren arabera, norberaren erlijio eta sinesmenak agertzeko askatasunaren muga bakarrak dira legeak ezarritakoak, halakoak beharrezkoak direnean segurtasuna, ordena, osasuna edo moral publikoak edo gainon-tzekoen oinarrizko eskubide eta askatasunak babesteko. Orobat, ildo beretik doaz Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak babesteko Europako Hitzarmena eta erlijio-askatasunari buruz arestian aipatu lege organikoa.
Nolanahi ere, kasuistika handia izan daitekeenez, badirudi enpresak ahalegin guztiak egin behar dituela, onustez jardun eta interes kontrajarriak orekatzeko, hau da, ahal den neurrian, erlijio-askatasunera bildutako eskubideak egikaritzeko aukera modu arrazoitsu batean egokitzeko lan-antolaketara. Hori berori gerta daiteke asteko atsedenekin edo zenbait jaiegunekin, adibidez, kristauen igandearekin, juduen Sabbatarekin edo musulmanen ostiralarekin nahiz Ramadanarekin.
Haatik, batzuetan, laneko segurtasun eta osasunarengatik debekatu daiteke lanorduetan zenbait erlijio-ikur erabiltzea, hala nola, zamatik dingilizka eramandako gurutzea edo zapi islamiarra.
Bestalde, enpresa antolatzeko askatasunaren baitan, posible da enpresaburuak neutraltasun-politika ezartzea, eta langile guztiei, salbuespenik gabe, debekatzea edozelako erlijio, politikaedo ideologia-ikur erabiltzea, betiere, langile horiek jendaurreko zereginak gauza-tzen badituzte. l
Deustuko Unibertsitateko lan-zuzenbideko irakaslea


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902