Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Boteprontoan

Ipuin on bat

Karmele Jaio - 2017(e)ko apirilaren 28a, ostirala - 07:10etan eguneratua

Ipuin on batean elementu guztiak daude euren artean konektaturik. Ipuin on batek narrazioa osatzen duten elementu guztien arteko harremana behar du. Hala, ipuina osa-tzen duten hitzen bat, esaldiren bat, ezabatuz gero, ipuina hankamotz geratuko da. Kartekin egindako gaztelu baten antzekoa da ipuin on bat: karta bat kenduz gero, gaztelua bertan behera jausiko da. Elementu guztiek, hitz guztiek betetzen dute funtzio bat ipuin on baten barruan. Elementu batek bidea ematen dio besteari, hitz batek zentzua ematen dio ondoren datorrenari, hitz bakoitzak aurrekari edo ondorio bat izango du testuan, hari estu batek lotzen ditu denak, eta mutur batetik tenka eginez gero, beste muturrean dauden hitzek dardara moduko bat jasango dute. Eskutik helduta doaz hitzak, taldean dantzan, musika beraren erritmoa jarraituz, armonian.

Ipuin on batean bezala, mundu honetako pertsonak konektaturik gaude gure artean. Gehienetan ez gara honetaz ohartzen, baina gure inguruan sortutako harreman sareak ematen dio zentzua gure bizitzari. Gure arteko harremanak ipuineko hitzen arteko soka ikusezin horiek dira, gure arteko loturari eusten diote. Eta armonian bizi nahi duen gizarte batek, nahi eta nahi ez indartu behar ditu, edo behintzat eten ez daitezen bermatu, gure arteko sareak, harremanak, sokak. Gure arteko harremanak dira gizarte honen motorra koipeztatzen dutenak. Harremanik gabe ez dago gizarterik, ez auzorik, ez herririk, ez familiarik, ez kuadrillarik...

Indibidualismoaren garaian, askotan gizaki guztiz autonomo eta solteak garela sinesten dugu;mundua gugan hasi eta bukatzen dela. Baina ipuin on batean gertatzen den bezala, hitz bakar batek ez du zentzurik ez bada beste guztiekin harremanetan jartzen. Eta herri bati gertatu dakiokeen gauzarik onenetakoa harreman sendoko gizarte bat edukitzea da. Pertsonak euren artean konektaturik egotea, eta baten mina guztion min bezala sentitzea, baten poza edo arrakasta bezala. Hitzak ipuinean bezala, sateliteak espazioan bezala, osotasun bat eraikitzen dugulako gu guztiok. Hari ikusezinek batzen gaituzte.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902