Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa

Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalistak, lehiarako prest

Julio Soto, Xabi Maia, Eneko Fernandez, Eneko Lazkoz, Aimar Karrika, Ander Fuentes, Xabier Terreros eta Julen Zelaieta arituko dira Anaitasunako oholtzan, larunbatean 17.00etan hasiko da finala

Miren Mindegia / Foto: Unai Beroiz - 2017(e)ko apirilaren 5a, asteazkena - 06:14etan eguneratua

Nafarroako Bertsolari Txapelketako zortzi finalistak, herenegun Iruñean.

Galería Noticia

Nafarroako Bertsolari Txapelketako zortzi finalistak, herenegun Iruñean.

iruñea- Otsailaren 18an abiatu zen Nafarroako Bertsolari Txapelketa bere amaierara iritsiko da larunbat honetan, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. Herenegun bildu ziren txapelketaren 43. edizio honetako finala jokatuko duten zortzi bertsolariak: Julio Soto (egungo txapelduna), Eneko Fernandez, Xabi Maia, Xabier Terreros, Eneko Lazkoz, Julen Zelaieta eta Aimar Karrika. Dudarik gabe final berezia izanen da, besteak beste, datorren udazkenean abiatuko den Euskal Herriko Bertsolari Txapelketarako pasea lortuko baitute saioko lehenengo bost sailkatuek. Finala arratsaldeko 17.00etan hasiko da eta sarrerak dagoeneko salgai aurkitu daitezke.

Zortzi bertsolarien artean, bakarra da final batean lehen aldiz parte hartuko duena: Xabi Maia elizondarra. Gainerakoek eskarmentu handia dute Nafarroako txapelketako finaletan: Zelaieta, beteranoena, hamargarrenez goitituko da finaleko oholtzara;zortzigarrena izanen du Julio Sotok;bosgarrena Xabier Terrerosek eta Eneko Lazkozek;eta hirugarrena Ander Fuentes Itturrik, Eneko Fernandezek eta Aimar Karrikak. Finalisten artean txapeldunak izandakoak ere badira: Soto (hirutan) eta Zelaieta (behin). 2015ean Elizondon jokatutako finalean gorritiarrak jantzi zuen txapela.

“35 bertsolarik eman dute aurten txapelketan izena, inoizko kopuru handiena”, gogoratu zuen astelehenean Alaitz Rekondo Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakariak. “Txapelketa, urtean zehar egiten den lan isilaren fruitua da. Aurtengo parte-hartzaile kopuruak erakusten duen sasoi ona estuki lotuta dago azken urteotan Nafarroako Bertsozale Elkarteak transmisio arloan egin duen lanarekin. Hezkuntza arautuko programaren eta herriz herri eta bailaraz bailarako bertso eskolen bitartez, gazte eta helduek bertsolaritza ezagutzea lortzeaz gain, horretan aritzeko aukerak ere ematen zaizkie”. Anaitasunako finala, hartara, “bertsogintzaren transmisio eta sustapenaren urrats berri bat emateaz gain, festa handia ere izango da”.

Transmisio eta lan isil horren erakusle, aurten Luzia Goñi izanen da irabazleari txapela jantziko diona. Rekondok azaldu moduan, duela 89 urte Aizarotzen (Basaburua) sortutako emakume honek “bizi osoan zehar mantendu du bertsogintzarako afizio eta sorkuntza”. Ogibidez sukaldaria, ehunka bertso idatzien egile da, “eta atzoko eta gaurko askotariko gai eta gertakarien kronika ederrak dira haren lanak. Bere garaiko emakume gehienen an- tzera, ordea, plaza publikoan jarduteko aukerarik ez du izan”, gogoratu zuen lehendakariak. “Luzia Goñiri egindako omenaldi txiki honek, beraz, hamarkadetan zehar bertsogintzaren alde lan isilean aritu diren emakume guztientzako aitortza ere izan nahi du”.

Finala arratsaldeko 17.00etan abiatuko da eta bi atal izango ditu. Lehen atala zortzi bertsolariek jokatuko dute, bost ariketa osatuz. Puntu gehien bilduko dituzten bi bertsolariak izanen dira bigarren atalera igaroko direnak eta bi atalak batuta puntuaziorik altuena lortzen duen bertsolariak jantziko du txapela, azkenik. Gai-jartzaile lanetan, Alaitz Rekondo bera eta Fernando Anbustegi arituko dira, eta Nerea Bruñok, Arkaitz Goikoetxeak, Izaro Mitxelenak, Saioa Mitxelenak, Jon Abrilek eta Mikel Beaumontek osatuko dute epaimahaia. Anaitasuna kiroldegiko ateak 16.00etan irekiko dira. Nafarroako Bertsozale Elkarteak denborarekin joateko gomendioa luzatu du jende aunitz bilduko denaren aurreikuspenarekin, “azken orduko trabarik egon ez daitezen”.

Edizio jendetsuenaTxapelketaren 43. edizio hau egundaino egindako jendetsuena izan da, zentzu guztietan. Lorea Arburua Nafarroako Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak gogoratu bezala, 35 bertsolarirekin abiatu zen lehia, iazko abenduan. Lehen aldiz parte hartzen zuten bederatziek kanporaketa jokatu zuten orduan Iruñean, eta lauk egin zuten han aurrera. Ondorioz, 30 izan dira azkenean txapelketan parte hartu dutenak. Behin final-laurdenak eta finalaurrekoak jokatuta, zortzi dira finalean izango diren bertsolariak, txapelaren lehian.

Otsailaren 18an abiatu zen txapelketaren bigarren fasea Tafallan, eta ordutik, zortzi plazatan gelditu da: Tafalla, Auritz, Lakuntza, Irurita, Uharte, Bera, Antsoain eta Agoitz. Denetara, 1.500 entzule inguru bildu ditu txapelketak saio horietan, Nafarroako euskalgintzaren eta kulturgintzaren hitzordu nagusienetako batean bilakatuz. “Ipar, hego, mendebalde eta ekialde, bertsolaritza Nafarroako bazter ugaritara eramateko apustua egin du aurten Nafarroako Bertsozale Elkarteak, arrakastaz. Hori guztia ez litzateke posible bertsolaritzaren inguruan lanean ari diren gai-jartzaile, epaile, eta hamarnaka bolondresen ekarpenarik gabe”, azpimarratu zuen Rekondok.

Nafarroako Bertsolari Txapelketaren finala 2013an ospatu zen azkenekoz Iruñean. Iaz Elizondora salto egin zuen eta, aurten, erakunde publikoen eta Iruñeko Udalaren babesari esker, Nafarroako hiriburura itzuli da. “Euskal kulturaren transmisioa bultzatzen duen ekitaldi nagusietako bat da hau”, azpimarratu zuen atzo Maitena Muruzabal Iruñeko Udaleko kultura alorreko zuzendariak.

finaleko zortzikotea

Julio Soto. Gorriti, 1987.

Xabi Maia Etxeberria. Elizondo, 1981.

Eneko Fernandez Maritxalar. Lesaka, 1977.

Eneko Lazkoz Martinez. Etxarri-Aranatz, 1983.

Aimar Karrika Iribarren. Auritz, 1988.

Ander Fuentes Mujika, ‘Itturri’. Zubieta, 1979.

Xabier Terreros Gartzia, ‘Terre’. Lesaka, 1981.

Julen Zelaieta. Bera, 1980.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902