Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Zirrikituetatik begira

Intimitatea

Rikardo Arregi - 2017(e)ko martxoaren 30a, osteguna - 11:41etan eguneratua

Gasteiztik Bilbora noa autobusez. Atzeko eserlekuan doan gizon gazteak berehala atera du sakelakoa. Nik eta autobus erdiak berehala jakin dugu autobus (ziztrin) batean doala (putaseme) batzuek puntuak kendu eta gidabaimenik gabe gelditu delako. Ezinezkoa zait lokuluxka egitea, atzeko eserlekuan doana eten gabe eta ozen, ozenegi, hitz egiten ari delako. Afaria antolatzen ari da lagunekin etxean, helbide osoa (kalea, zenbakia, solairua), Bilboko auzo arras berri batean, errezitatu dio lagunetako batek pisu berria oraindik ezagutzen ez duelako. Afalduko dutena, jakiak eta edatekoak, zehaztu dizikie lagunei eta autobusean gaudenoi. Afalosteko planak ere aletu ditu barrez itota: hartuko dituzten drogak, bisitatuko dituzten tabernak eta, bukatzeko, merezi (merezi esan du, bai) duten putetxea. Bilbora iristean telefonoz hitz egiten atera da autobusetik. Bidaiariok ez dugu ezer esan, begiradak egon dira, bai (gorrotozkoak, harridurazkoak), baina zer esan diezaiokezu bere intimitatea lau haizetara zabaltzen duen bati? WikiLeaks-ekoek salatu berri dute CIAk sakeleko telefonoak edo telebistak kontrolatu eta dena entzun ahal izateko programa berria zuela. Albisteak ez zuen oihartzun gehiegirik izan. Uste dut gaur egun, sare asozialen garaian, askok eta askok gure nahiak edo iritziak, gure argazkiak edo pasadizoak edonon jartzen ditugunean, edozein txokotan ondokoari bizitza pribatuaren zertzelada ñimiñoenak entzun ahal dizkiogunean, intimitatea deitzen dugun (genuen) hori betiko zentzua galtzen ari dela. Agian horregatik ere literaturan autofikzioa gero eta leku handiagoa hartzen ari da. Inozokeria galanta iruditu zitzaidan aurreko egun batean ikasle batzuek Letretako Fakultateko kamarak apurtzea Gasteizen.

Bilbotik Gasteizerako autobusean emakume gazte bat ari da telefonoz hitz egiten ozen, autobus guztiak entzuteko moduan, ordubete, gelditu barik. Gasteizera iritsi eta bidaiarietako bat berarengana hurbildu eta zera esan dio ironiaz baina gizalegetsu: “Eskerrik asko zure bizitza autobusarekin konpartitzeagatik”. Neska mutu gelditu zen behintzat.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902