Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Bote prontoan

Negarrak

Karmele Jaio - 2017(e)ko martxoaren 24a, ostirala - 10:48etan eguneratua

Joan zaitez ospitale bateko ama berrien sailera. Han, material gardenez egindako sehasketan ume jaio berriak ikusiko dituzu, bertan jarri dizkioten pijamekin jantzita. Denak dirudite berdinak, nahiz eta batzuk handiagoak eta beste batzuk txikiagoak izan;nahiz eta batzuk zurixkagoak, beste batzuk beltzagoak edo gorrixkagoak izan;nahiz eta batzuk burusoilak eta beste batzuk ile belzdunak izan;batzuk neska, batzuk mutil, edo sexu bakar batekin guztiz definituak ez daudenak izan Diferentziak daude euren artean, baina gure irudipenean berdinak dira: jaioberriak dira. Eta haiei begiratzean pentsatuko duzu: bizitza osoa dute aurretik. Aukera guztiak dituzte aurretik. Oraindik ez dute bide bat aukeratu eta beste bat baztertu. Oraindik zabalik dituzte aukera guztiak.

Baina nahiz eta denak biluzik jaio, nahiz eta denek ospitaleko pijama berdina jantzita eduki, nahiz eta denek egin lehen kaka beltz hori, mekonio izeneko galipot antzeko hori , hala ere, haien bideak eta aukerak ez dira berdinak hasiera hasieratik. Bideak markatuta jaio dira hein handi batean, edo inertziak bide batzuetatik eraman nahi izango ditu. Batzuk sekula liburu bat irakurtzen ez den etxe batean jaioko dira, eta ondorioz beste batzuk baino zailagoa izango dute irakurzaletasuna lantzea, adibidez;batzuk egoera ekonomiko larrian bizi diren familietan jaioko dira, eta askoz aukera gutxiago izango dute beste batzuk baino: batzuk neska jaioko dira, eta besteek baino presio handiagoa jasango dute txikitatik polit eta eder izateko, besteak beste;berdin egongo dira baldintzatuta arraza, osasuna, familiaren egonkortasuna eta iragana eta beste hainbat faktoreengatik. Mundu berdinera datoz guztiak, baina ez datoz leku beretik. Oso antzekoak gara jaioberritan, baina hor ere bakoitzak bere marka dakar, eta marka horrek hein handi batean baldintzatuko du bere bizitza.

Londreseko atentatuan hildako eta zauritutakoek jaso duten arreta mediatikoak ez dauka konparaziorik munduko beste leku batzuetan antzeko atentatu eta erasoetako biktimek jasotzen duten arretarekin. Jaioberri guztiek egiten dute negar, baina batzuen negarrek askoz oihartzun gehiago izaten dute. Negar guztiek ez dute berdin balio.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902