Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa

Piarres Charritton euskaltzain emeritua hil da, 95 urte zituela

|

Sábado, 18 de Marzo de 2017 - Actualizado a las 06:15h

Piarres Charritton Zabaltzagarai.

Piarres Charritton Zabaltzagarai. (Argazkia: Euskaltzaindia)

Galería Noticia

Piarres Charritton Zabaltzagarai.

Bilbo- Piarres Charritton euskaltzain emeritua hil da, Baionan, 95 urte zituela. Hazparneko (Lapurdi) Ehulateia etxean sortu zen Charritton Zabaltzagarai, 1921eko urriaren 19an, laborari familia batean. Filosofian lizentziaduna, Teologian eta Euskal Ikasketetan doktorea, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle izateari utzi eta erretiroa hartuta zegoen, aspalditik. Euskaltzain urgazle izendatu zuten 1950eko urriaren 27an, eta euskaltzain oso 1985eko uztailaren 19an (sarrera hitzaldian Piarres Lafitteren bizitza eta lana gogoratu zituen). Euskaltzain emeritua zen 2006ko uztailaren 20tik.

Gaztea zela abiatu zituen Charrittonek apaizgai klasikoaren ikasketak Hazparnen, Uztaritzen eta Baionan, eta 1947an apaiztu zen. Erroman goi-teologia ikasketak eta filosofiakoak Parisen egin ondoren, irakaskuntzan jardun zuen hainbat postu eta mailatan, oinarrizko irakaskuntzatik unibertsitateraino. 70. hamarkadan apaiz izateari utzi zion eta familiatu zen. Jarduera intelektual bizia izan zuen gazte-gaztedanik;artikulu anitz eta hainbat obra argitaratu zituen, batez ere euskaraz, baina baita frantsesez ere. Ele indartsuko gizona;besteak beste, Jean Etxepare medikuaren eta Piarres Lartzabal idazle eta antzerkilariaren lanen biltzaile;langile harrigarria eta ekintzaile etengabea izan zen Charritton.

Ezagutu zutenek ondo gogoan dute bere izatea eta jarduna. “Euskara ezpainetan, dotorezia mintzairan, bikaintasuna idazkeran. Halakoxea zen Piarres”, esan du Andres Urrutia euskaltzainburuak. “Labayruren Ikastaroetan ezagutu nuen, urte asko direla -gogoratu du Urrutiak-, bera irakasle eta ni ikasle. Egia esan, berebiziko indarra zerion hari, Iparraldeko euskararen nondik norakoak hitzez eta letrez erakusten eta irakasten zizkigula. Euskararen klasikoak barne-barnetik maitatu eta gure eskuetan jarri zituen, min-tzaira zaindu baten bidez. Sona handiko euskal maisuen argitarazlea, erretorikak ez zeukan berarentzat ez bihurgune ezta ezkutuko lekurik. Euskararen sua eta garra, molde horretan gogoratuko dugu, gaurgero, gure euskaltzainkidea”.

Charrittonen ehorzketa astelehenean izango da, 15.00etan Hazparneko elizan. Hil-kapera gaur zabalduko da, arratsaldeko 15:00etan, Hazparneko beilatokian.- N.G.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902