Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Zirrikituetatik begira

Epaitegira

Rikardo Arregi - 2017(e)ko martxoaren 9a, osteguna - 11:58etan eguneratua

Hezkuntza publikoan lanean hasi nin-tzenean 80. hamarkada gero eta urrunagoan (eta ez bakarrik denbora kontuetan) jarrera eta ohitura askok harritu ninduten, normala denez hasiberri batentzat, baina bazegoen bat harriduratik haserrera zuzenean eramaten ninduena: edozein arazoren aurrean, batez ere arazoa lan baldintzei zegokienean, epaitegietera jotzeko joera, konponbidea toga eta eskumuturreko parpailen artean bilatzeko. Horrela, errekurtso, administrazio isiltasun, kontentzioso eta hamaika hitz potolo antzerakoen artean galtzen ziren langileon indarrak inoiz iristen ez zen konponbidearen zain, eta itxaropen bakarra hurrengo errekurtso batean zetzan beti. Nire ustez borroka sindikal eta kolektiboa zen behar genuena, ez nuen ezer ulertzen eta galdezka nenbilen edonon ea zergatik ez genuen guztiok Zuzenbidea ikasten behingoz. Pixkanaka hasi nintzen ulertzen eta nagusiengandik ikasten ohitura frankismotik zetorrela: sindikatu bertikala, lan eskubiderik gabe, jazarpen politikoa edonon, aterabide bakarra paper bat bete eta epaitegi batera otzan eta esaneko eramatea zen gehienetan zegoen aterabide bakarra.

Adiskide batek gogoratu dit ohituraren jatorri frankista Las Palmaseko inauterietan drag queen baten inguruan gertatu dena epaitegi batean ere bukatuko dela jakin dudanean. Bide batez, ez ziren inauteriak transgresioaren festak, ezarritako ordenaren kontrako jaiak? Ala hori guztia erretolika hutsa baino ez da gaur egun, inauteriak ospakizun folkoriko bat baino ez direnean kasurik onenean eta, txarrenean, mozkor-tzeko eta hirietako erdiguneak betetzeko beste aitzakia bat? Las Palmaseko drag queen bat, Kataluniako afera politikoa, ez dakit zein autobus, Gipuzkoako erraustegia, bankuen desmasiak, ez dakit zein erakusketa, umore zalantzagarriko telebista saio bat, berdin dio zer, den-dena epaitegietara, auzitegietara, labirinto juridikoetara, dakigunean, ondo jakin ere, justizia ez dela inoiz guztiontzako berdina izan, ez dela berdina eta ez dela inoiz berdina izango. Ea ez nauten epaitegira eramaten hau idazteagatik.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902