Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Jon Etxabe Arzuaga Tenore tolosarra, amsterdamen bizi da

“Ezingo nuke Euskal Herrian egin Amsterdamen egiten ari naizen ibilbidea”

Urtero legez Inauterien aitzakian Amsterdametik Tolosara egin duen ihesaldian Jon Etxabe Arzuagarekin topo egin dugu. Kantatzea du ogibide Herbeheretan dagoeneko hamabost urte daramatzan tenore tolosarrak

Marta San Sebastian - 2017(e)ko martxoaren 7a, asteartea - 06:11etan eguneratua

Jon Etxabe Arzuaga, tenore tolosarra, Amsterdamen bizi da.

Jon Etxabe Arzuaga, tenore tolosarra, Amsterdamen bizi da.

Galería Noticia

Jon Etxabe Arzuaga, tenore tolosarra, Amsterdamen bizi da.

Tolosa- Zenbat urte daramatzazu Tolosatik kanpo?

-Hamabost urte badira dagoeneko. 2002an atera nintzen Tolosatik eta geroztik Amsterdamen bizi naiz.

Nola sortu zitzaizun hara joateko aukera?

-Ez zen nik propio bilatutako gauza izan. Amsterdamera joan aurretik nazioarteko abesbatza batekin proiektu batean parte hartu nuen eta han ezagutu nuen pertsona batek aholkatu zidan Amsterdameko kontserbatorioan proba bat egitea. Astebeteko oporrak izango zirelakoan joan nintzen. Onartu egin ninduten eta bertan geratu egin nin-tzen. Gaur arte.

Inoiz pentsatu al zenuen zure ibilbide profesionala bide horretatik eramatea?

-Kantatzea gustoko nuen, noski, hamalau urterekin hasi bainintzen Tolosan abesten, Hodei abesbatzarekin. Eta Amsterdamera joan aurretik hemen zeuden talde profesional bakarretako partaide nintzen, Peñaflorida Kapera eta Kea ahots taldekoa. Pentsatu nuen urtebete behintzat egitea Amsterdameko kontserbatorioan. Azkenean lau urte egin nituen, eta azken urtean lanean ere hasi nintzen.

Lana bazegoen, beraz...

-Bai, leku bat egitea ez da hain zaila. Abesbatzako zuzendariari deitu, entzunaldi bat egin eta gustuko bazaitu, sartu egiten zara taldean. Eta gaur egun, hamalau urte pasa diren honetan, jende askok ezagu-tzen nau eta tenore bat behar badute deitu egiten naute.

Gaur egun zein taldetan zabiltza?

-Batez ere, Cappella Amsterdam izena duen talde batekin. Kamara taldea da, kide kopurua aldakorra da, baina gehienetan 24 inguru izaten gara. Errepertorio zabala lantzen dugu;errenazimentuko musika, barrokoa, erromantikoa, klasikoa eta garaikidea ere bai. Hori da nire talde finkoa eta gero baste talde txiki batzuekin ere proiektuak egiten ditut.

Herbeheretan hemen baino sustraituagoa al dago abesbatzen kultura?

-Galdera nahiko tranposoa da... Hemen kultura koral handia dagoela esatea gustatzen zaigu, abesbatza asko daudelako, baina askotan abesbatza horiek konformatu behar dute astean behin entseatu eta zortea badute urtean behin emanaldi bat eskaintzearekin. Ez dut uste abesbatzak, zuzendariak eta abeslariak hezteko kultura dagoenik eta horren adibide da Euskal Herrian ez dagoela abesbatza profesional bakar bat ere. Hemen eskaintzen den heziketa musikala penagarria da;ikastetxeetan txirula jotzen irakasten dute, besterik ez. Polita dela esaten dugu, baina ez badugu diruz lagun-tzen ez du ezertarako balio.

Zu tolosarra zara eta Tolosa bada munduan ezaguna Abesbatza Lehiaketarengatik.

-Bai, eta hori luxu bat da. Tolosari izena eman dio, ni harrituta gera-tzen naiz norbaiti tolosarra naizela esaten dudanean eta ezagutzen dutela esaten didatenean. Amsterdamera joan aurretik kolaboratu egiten nuen lehiaketarekin eta ondoren ere jarraitu nuen. Eta behin lehiaketan ere parte hartu dut Herbeheretako talde batekin. Oso sentsazio berezia izan zen.

Euskal Herrian posible zenuke Herbeheretan egiten ari zaren ibilbidea egitea?

-Ezinezkoa litzateke, beste zerbait egin beharko nuke Tolosan. Eta ez da iritzi bat: hemen abesbatza batean profesionalki kantatzea ez da posible ez daudelako talde profesionalak.

Erdi Herbeheretarra sentituko zara dagoeneko...

-Hori esatea gehiegi esatea da, baina egia da Tolosan nagoenean geroz eta gehiago sentitzen dudala ez naizela hemen bizi. Egunerokoa galtzen dut eta horrek urrundu egiten zaitu, baina Herbeheretan etorkina naiz, nahiz eta asko laguntzen duen herbeheretarra hitz egiteak.

Nolakoa da zure egunerokoa?

-Errutina ez da existitzen. Aste batzuetan ez dut lanik izaten, baina proiektu batean murgilduta nagoenean hiru orduko entseguak izaten ditut edo bikoitzak, sei ordukoak. Badira egunak kontzertu edo entsegurik ez dugunik, baina ikasi egin behar dugu.

Zer da Herbeheretatik gehien gustatzen zaizuna?

-Amsterdamek aukera ematen du nahi duzuna egiteko eta hori gogoko dut. Gainera, kultur eskaintza oso oso zabala da;musika klasikoko kontzertu bat baino gehiago dago egunero Amsterdamen. Eta prezio guztietakoak.

Nolakoa da jendea?

-Denborarekin frogatzen zoaz klixeek arrazoi zati bat badutela... Nahiko praktikoak dira;babesteko janzten dira, elikatzeko jaten dute... eta pragmatikoak dira oso. Era berean, kostatu egiten zaie unean unekoa egitea, uneaz disfrutatzea. Hemen ez zaigu batere kostatzen ardo batzuk hartzera joatea eta han, berriz, zerbait berezia da.

Zer botatzen duzu faltan?

-Batez ere jendea, nire jendea. Antolatu gabe sozializatzea, egun batean pintxo bat eta ardo bat hartzea zailagoa da han, eta gustuko dut. Mendira joatea ere faltan botatzen dut eta janaria, esate baterako, kokotxak eta gatzik gabeko bakailaoa. Eta ardo ona prezio onean ere bai!

Sarri etortzen zara Tolosara?

-Bai, askotan, Gabonetan, Inauterietan, San Joanetan batzuetan, udan hilabete, eta udazkenean ere bai ba-tzuetan.

Inauterietan ezin hutsik egin?

-Hamabost urte hauetan behin huts egin dut eta oso gaizki pasa nuen. Gaur egun beharrezkoa egiten zait, Inauteriek balio terapeutikoa dute eta hori norbere buruaz barre egitea behar-beharrezkoa da. Denbora osoa kalean pasatzen dut lagunekin eta zoragarria iruditzen zait.

Gipuzkoatzen

Gipuzkoako txokoa. Nahiz eta aspaldi ez naizen egon, Hondarribiako alde zaharra asko gustatzen zait.

Paisaia idilikoa. Orendain eta Abaltzisketa arteko errepidean badago leku bat aran laua ikusten dena. Zoragarria da bista hori.

Festa edo ospakizuna. Dudarik gabe, Tolosako Inauteria, behar-beharrezkoa den katarsi ludikoa delako.

Mendia. Uzturre. Tolosan nagoenean egunero igotzen saia-tzen naiz.

Hondartza. Zumaiako Itzurun. Hemen ez dago aukera asko biluzik egoteko eta gustuko dut.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902