Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Mirarte

“Herriarentzat eta herriarekin kantatzen zuen Pete Seegerrek”

Musikari estatubatuar ikonikoaren “mundua” islatu du Lou Topet taldeak iraupen laburreko diskoan

Juan G. Andrés - Sábado, 4 de Marzo de 2017 - Actualizado a las 06:15h

Oihan Larrañaga, Rafa Rueda eta Oier Aranzabal Lou Topet taldeko kideak, asteartean, Garateko atarian.

Oihan Larrañaga, Rafa Rueda eta Oier Aranzabal Lou Topet taldeko kideak, asteartean, Garateko atarian.

Galería Noticia

Oihan Larrañaga, Rafa Rueda eta Oier Aranzabal Lou Topet taldeko kideak, asteartean, Garateko atarian.

Andoain- Pasa den asteleheneko goizeko 9.00etan sartu eta astearte gauerdira arte izan dira Garate estudioetan Lou Topet taldeko kideak eta lagunak. 48 ordu baino gutxiago behar izan dituzte iraupen laburreko folk-rock disko fina grabatzeko. Pete Seeger gogoan du izena EPak, eta musikari estatubatuar ikonikoa inguratzen zuen “munduaren” isla izatea du xede. Hark ezagun bihurtu zituen bost kanta euskaratu dituzte Harkaitz Canoren laguntzarekin. Abesti bat gutxiago(2015) disko-liburutik berreskuratutako Loreak non dira kantuaz gain, beste lau moldaketa grabatu dituzte Martxel Arkarazo soinu teknikariaren agindupean.

Astearte goiza da eta euria gogotik ari du Garateko ingurune berdeetan. Aitzitik, etxearen beroan, goxo-goxoa da giroa. Ander Zulaika bateria-joleak izan ezik, guztiek igaro dute gaua Andoaingo estudioan: Oier Aranzabal kantariak, Oihan Larrañaga baxu-joleak eta Rafa Rueda gitarristak. Musikarien aurpegietan igerri daiteke bezperako lanaren ajea. Lo gutxi egin dutela ageria da begizuloei erreparatuta. Hala ere, banjoaren soinua entzun orduko, irribarre ezin handiagoa marraztu zaie aurpegian. Joseba Irazoki dago kristalaren bestaldean, diskoaren azken zertzeladak grabatzen. Izan ere, luxuzko kolaboratzaileen laguntza izan dute;Irazokiz gain, Joserra Senperena pianojolea eta Golvan Marin Valdivia abeslari misteriotsuarekin, esaterako.

“Banjoa segituan identifikatzen duzu Pete Seegerren espirituarekin”, dio Aranzabalek, poz-pozik. Norekin hago (Which Side Are You On jatorrizkoan) eta Gabon, Ailin (Goodnight, Irene) abestietan sartu dute AEBetan jaiotako folk instrumentua. Lehena, singlea, meatzari sindikalista baten emazteak idatzi zuen 1930eko hamarkadan eta bestea, hamaika bertsio ezagun dituen doinu zaharra da. Sehaska kanta den arren, zaila izango da inor lokartzea Lou Topet-ek eman dion zoramen ikutu dibertigarriarekin. Su hau (Swing Low, Sweet Chariot) ereserkian aldiz, ahots armoniek hartzen dute protagonismoa, eta horregatik bere horretan uztea erabaki dute. Amai-tzeko, banjoa alde batera utzita, Woody Guthrieren Lur hau zurea (This Land Is Your Land) klasikoan lap steel kitarra sartu du Irazokik. Soka bat hautsi zaio grabatzera zihoan une berean. Tarte aproposa dirudi Aranzabalekin, kafe hutsa tarteko, diskoaren xehetasunez hitz egiteko.

PETE MAISUAEzin gusturago dabil zarauztarra proiektu honekin. Izan ere, Lou Topet 2012an sortu baino lehen, Garabi aurreko taldearekin Pete Seegerri omenezko kantaldia antolatzeko zorian egon baitziren, oraindik bizirik zegoenean. Ez zen posible izan baina bost urte geroago, moldaketekin trebeak direla ikusita, musikari estatubatuarra omentzeko saioa egiteko eskatu die Bilboko Loraldia jaialdiak (Arriaga Antzokian hilaren 26an). Aitzakia probestu dute estudiora itzuli eta Abesti bat gutxiago diskoaren “epilogo” moduko bat grabatzeko -disko hartan Jeff Tweedy, Cass McCombs, Damien Jurado eta Seeger bera ekarri zituzten euskarara, besteak beste-.

“Pete Seeger zergatik? Gaztetan ezagutu nuen osabari esker. Musikazale eta countryzalea da oso eta une oro jartzen zizkidan bere kantak. Hasieran ez nion kasu handirik egiten, baina pixkanaka joan nintzen bere mundua deskubritzen”, dio. Imanol Urbieta kantagile zarauztarrarekin alderatzen du Aranzabalek joan den mendean folk musika eta konpromisoaren ikono bihurtu zen artista: “Herriarentzat eta herriarekin kantatzen zuen Pete Seegerrek. Abestiak hark idatziak ala herrikoiak ziren, bost axola zion. Pete Seegerrek, Urbietak bezala, ez zuen abestirik eta, era berean, denak ziren bereak. Ez zieten garrantziarik ematen euren buruei, euren egoari eta era didaktikoan jokatzen zuten: jendeari kantarazten zioten, abestien eta abestearen balioa erakutsiz”, gaineratu du Aranzabalek.

Halaber, Seeger belaunaldi askoren “maisua” izan da. Nabaria da hastapenetako Bob Dylanengan izan zuen eragina eta “ezin dira ulertu Springsteen, Wilco eta ikuspegi konprometitu eta progresistari eutsi dioten beste hainbeste musikari maisuaren kantagin-tzari errepaso bat eman gabe”. Ez Dok Amairu taldean ere sekulako indarra eduki zuen New Yorkeko kantariak, “gauzak planteatzeko modua eta filosofiagatik”. Benito Lertxundi, Gari eta Mursego bezalako musikariek ere haien moldaketak egin dituzte.

Bestalde, Estatu Batuak “liluragarriak” direla deritzo Aranzabalek, betiere “klixetatik kanpo”. “Dena oso sinpleki ikusteko joera handia dugu. Euskal Herria oso sinpleki ikusten dute Espainiatik eta guk hemendik oso sinpleki ikusten ditugu Espainia zein Estatu Batuak, Donald Trumpen garaiotan are gehiago. Baina, zentzu askotan oso aurrerakoiak dira AEBak”, dio. “Ahaztu arazten digute mugimendu ezkertiarra beti egon dela, komunistak jazarri zituztela Hollywooden, Pete Seeger, Woody Guthrie eta horiek guztiak militante sutsuak izan zirela… Egun ere, ezkerreko mugimendu hori Alderdi Demokrataren barruan diluituta dago, eta bere burua sozialistatzat duen Bernie Sanders hautagaiak argi erakutsi du hori. Bat-batean, milaka lagun agertu dira bere burua ezkertiartzat dutenak, konplexurik gabe. Zaila da geure atzamarretik harago ikustea, baina AEBetan ezker mugimendu indartsua dago. Ez da erreza horrelako herri handia ulertzea, baina Pete Seeger bada gako garrantzitsu bat: izebergaren punta”, bukatu du.

300 kopiaGitarraren soka aldatu eta berriz ere ekin dio grabazioari Irazokik. Abestiak oso ondo ikasita ekarri eta aitaren batean bukatu du grabatu behar zuten azken kanta. “Orain nire txanda da”, dio Arkarazok, gehien gustatzen zaion lana baita nahastea. Instrumentu bakoitzari dagokion esparrua ematea jolas bat da teknikariarentzat. Azkar jarri da edizio lanetan, egunari ez baitzaio asko geratzen. Hamar ordu eta gero masterra dute eskuartean, gauerdi aldera, eta hurrengo eguneko, asteazkeneko, lehen orduan diskoa sarean dabil bolo-bolo. Seeger.loutopet.com webgunean izena eman dutenek goizeko 9.00etan sarrera ontzian jaso dute oparia. Horrez gain, eskuz egindako 300 kopia kaleratuko dituzte Arriagako emanaldian saltzeko, eta baliteke ondoren bost kantuok Bandcamp orrian eskuragarri izatea.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902