Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
‘Iñigito’ (Txapelpunk)

“Eskizofrenia musikala daukat, melodiak entzuten ditut nire buruan”

Labetik atera berria da Txapelpunk taldearen zortzigarren diskoa, ‘Betty Rockanroll’ (Baga-Biga), rock-zaleei egindako omenaldi punkia eta bizia

Amaia Santana - 2017(e)ko otsailaren 27a, astelehena - 11:47etan eguneratua

Martxoan zuzeneko kontzertuekin hasiko da Txapelpunk, ‘Betty Rockanroll’ diskoko kantak publikoari aurkezteko.

Martxoan zuzeneko kontzertuekin hasiko da Txapelpunk, ‘Betty Rockanroll’ diskoko kantak publikoari aurkezteko. (Alvaro Caché)

Galería Noticia

Martxoan zuzeneko kontzertuekin hasiko da Txapelpunk, ‘Betty Rockanroll’ diskoko kantak publikoari aurkezteko.

Zer doa lehenago? Melodia ala guatxu-guatxu-guey kanta mar-marra? Nor da Betty Rockanroll? Zein intentziorekin dator gurera? Galdera hauei erantzun ez ezik, bere sortze-prozesu partikularraz eta bestelako filia eta fobiez ere mintzo da Iñigito, Txapelpunk taldeko abeslari karismatikoa, azken diskoa argitaratu berritan.

Zer suposatzen du zuretzat zortzigarren disko honek?

Beste ume bat da. Urte bat pasatxo konposatzen egon ostean, estudioko lana burututa... Azkenean kalean da gure Betty Rockanroll!. Disko bakoitza bere garaiko isla da, eta kasu hau ez da ezberdina: Betty Rockanroll 2017ko disko bat da, nire bizipenak, esperientziak eta testuingurua biltzen dituena.

Nola joan da estudioko lana?

Aitortu beharra daukat: fobia diet estudioei. Zorionez, oso gustura ibili naiz Mutrikuko AME estudioetan. Axular Arizmendi laguna dut eta berak grabatu eta nahastu du lan berria. Segurtasuna transmititzen duten horietakoa da Axular. Gainera, ideia onak ditu eta ekarpen aipagarriak egin ditu. Hilabete bat eman dugu grabazioarekin, eta egia esan disko madarikatua zela pentsatzera ailegatu nintzen une batez...

Zergatik?

Axular gaixo jarri zen, barizelak jota. Benetako ezbeharra izan zen hori, egutegia moldatu behar izan genuen eta asteburuetan grabatu, denbora berreskuratu, epeetara albait ondoen moldatzeko. Zorionez, Axular guztiz osatu zen eta berehala itzuli zen estudiora, pilak kargatuta. Badirudi aingeru begirale bat daukadala, beti salbatzen nauena azken unean. Edonola ere, kuriosoa da: 10.000 metro korrika egin ondoren, helmuga bakarrik bi metrotara duzunean, badirudi dena korapilatzen dela eta hamaika traba agertzen direla bidean. Eta horrelakoetan, bertigoak, sentsazio kontrajarriak azaltzen dira, eta nire buruari esaten diot: “Kabenzotz, ezin izango dut orain azken txanpa hau menderatu ala?”. Horregatik, diskoa atera denean lasaitu ederra hartu dut;ez dakit aita izatea zer den, baina ume bat izatearen sentsazioa iruditu zait.

Kontaiguzu zertxobait diskoan agertzen diren kolaborazioei buruz.

We Are Gara abestiak En Tol Sarmiento (ETS) taldearen ekarpena jaso du -Iñigo Etxezarreta, Ruben Campiñun eta Floren Nuela (ahotsak);Ruben Terreros (tronpeta) eta Javier Lucas (tronboia)-. Ukitu berezia eman diote abestiari, oso pozik nago. Era berean, Jai honetara kantuak Trikizioko Gotzon Batikon (trikia) eta Manu 16V (musugitarra) izan ditu lagun. Banekien horrelako soinuak behar zituela, musugitarrarena puntazo bat da! Abestiak berak eskatzen zuen, eta horrek beti dauka arrazoia. Ze... badakizu? Niri kantuek hitz egiten didate.

Bai?

Bai, eskizofrenia musikala daukat: melodiak entzuten ditut nire buruan. Bat-batean, melodia bat datorkit burura eta segituan grabatu behar dut mugikorrarekin. Ondoren, forma ematen diot melodia horri. Hasieran kanta-marmarrean aritzen naiz, hau da, guatxu-guatxu-guey... Gero erantsiko dizkiot letrak. Konposatzea maite dut, gehien disfrutatzen dudan partea da. Asko idazten dut. Nire gogo-aldartearen arabera konposatzen dut. Honela bada, kantu bakoitza gogo-aldarte zehatz baten isla da. Hori bai, batzuetan abestiekin ere liskartzen naiz...

Eta nork irabazten du horrelakoetan, abestiak?

Hala da, bai. Batzuetan kantu beraren hamaika bertsio egiten ditut, edozein dela ere ordua, gaua edo eguna... Hori guztia, azkenean, lehendabiziko bertsioarekin geratzeko...

Nor da ‘Betty Rockanroll’?

Guztiok daukagu Betty Rockanroll bat gure baitan. Bera da abestiak egiten dituena, kontzertuz kontzertu joateko mugiarazten gaituena, rockanrolla gustuko dugun guztiontzat bera da... Nola esan: Rockanrolla bera. Berak mantentzen gaitu bizirik. Beti Betty, beti rockanroll!

Rock zaletasun horren harira, disko honetan ‘Rockadicto’-tzat jotzen duzu zeure burua...

Bai, hala naiz. Izan ere, musika gustuko duen edonork rockarekiko nahiz edozein generorekiko zaletasun/menpekotasun hori erakutsiko du.

Halere, maiz aldarrikatu duzu: “¡Solfeo para los feos!”.

Egia da: nik ez dakit solfeorik. Izan ere, kasik ez dut musikarik entzuten, soilik nire betiko talderik kuttunenak: Eskorbuto, Cicatriz... eta Txapelpunk, noski! Benetan pizten nauena da. Ez nago ados ideiak kanpotik hartzearekin, nahiago dut nire kriterioaz fidatu. Hala eta guztiz ere, konposizioari engantxatuta nago, eta hori da, hain zuzen, rockadictoa izatea. Musikak, edozein dela bere forma, atxikimendua eragiten du.

Orduan ez zara kontzertuetara ere joaten?

Noizean behin, bai, talentu handiko talde gazte mordoa baitugu gurean. Estilo guztietatik gainera, guztiz onuragarria dena. Rockeroek elkarri lagundu behar diogu. Gustatzen zait musikari hasiberri bat hurbiltzen zaidanean, urduri, ea nola egin duen galdetuz. Gehienetan nire erantzuna hauxe da: “Ze txarrak zareten, ene!” (barreak). Baina normalean gustatzen zait sumatzen dudan begirada bat, presentzia, jarrera. Azken finean, punkaren lau notek beti konkistatzen naute.

Punk ‘klasikoa’ da zure estiloa, beraz...

Bai, niri ez etorri punteatze birtuosoekin, e? Teknikaz haratago doan bestelako gauzak baloratzen ditut nik musikan. Esaterako, zuzenekoak. Zuzenak izan behar dute, hortik izena! Noizbait gertatu zait burua hutsik gelditu izana, publikoaren ezpainak irakurri eta berriz engantxatzea... Hori da zuzeneko bat. Indar kontrolaezin hori. Bestalde, nik beti defendatzen dudana zera da: ez zara onena izan behar.

Aldarrikapen interesgarria, egungo gizarte ezin lehiakorrago hau kontuan izanik...

Nire ustez, guztia dakien horrek ez du ezer berririk ikasten. Onena dela uste duen hori gelditasunean murgilduko da, besterik ez. Ez du esfortzurik egingo. Azkar usteko asko daude, horregatik nik nahiago dut tontoarena egin...

Birarik egingo duzu ‘Betty Rockanroll’ekin?

Izan daiteke, baina oraindik goiz da. Ikusiko dugu... Egia esan, orain lehen baino askoz zailago egiten zait publikoari aurre egitea. Fobia soziala ere badaukat, publikoak egundoko errespetua ematen du, eta ni izugarri lotsatia naiz, ez pentsa! Lehenengo egunetan, patxaran eta karajillo batzuek adore nahikoa ematen zizuten oholtzan azaltzeko. Baina orain, tira... Hirugarren abestira arte ez naiz eroso izaten. Gainera, disko hau 0,0 da. Punk Zero. Alkoholik gabeko diskoa. Bestetik, eszenatokira irten baino lehen kakati samar egoten naiz, literal. Lehen txizagura nuen, likidoa zen ezinegona, orain... Solidoa da... kar, kar...

Nerbio hori beharrezkoa da, hala ere...

Dudarik gabe. Gurean maiz esaten da: Ezinegon hori galtzen duzunean, akabo. Hobe duzu uztea.

Baina hori ez da zure kasua, momentuz...

Inola ere! Beti Betty, beti rockanroll!


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902