Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Boteprontoan

'Cry baby'

Karmele Jaio - 2017(e)ko otsailaren 17a, ostirala - 07:01etan eguneratua

Janis Joplinen ahotsa entzun dut telebistan. Pantailari begiratu diot, artista handia Cry baby abesten ikusiko dudalakoan, eta, hara, banku baten iragarkia da. Hau da marka. Ezin dut sinetsi. Janis ere ez dute errespetatzen jada... Ai ene.

Antzeko sentipena izan dut beste inoiz ere, norbait abestien, irudien, hitzen esanahia etengabe hustuz ariko balitz bezala. Izan ere, gure gizarte eta garai honen ezaugarri bat baita gauzen azalean geratzea: hainbat hitz erabiltzen ditugu haien benetako esanahiaz gehiegi pentsatu gabe, eta berdin, ulertzen ez ditugun esaldiak serigrafiatuta dauzkaten kamisetak janzten ditugu poz pozik.

Berdin da, gaur egun aise erabili dezakezu kanta bat bere testuingurutik kanpo banku baten iragarki bat egiteko, Sex Pistolsen God Save the Queen abestia zure mugikorreko politono bihurtu dezakezun moduan. Jada ez da iraultzailea, nota batzuk eta inora ez doazen hitz batzuk dira, besterik ez. Zure gazte garaiko kanta iraultzaile bat gaur egun kanpaina instituzional baten soinu banda izan daiteke, edo auto baten iragarki baten leloa. Janisen kanta banku baten iragarkia egiteko erabiltzen bada, dena da posible.

Janisen abestia testuinguru horretan entzutean, Evaristok abesten zuen "Punky de postal, punk de escaparate. Moda punk en Galerías..." hura gogoratu dut. Eta bai, arrazoi zuen Evaristok, postala eta erakusleihoa da neurri handi batean gure egungo gizartea. Garai batean marjinala zena, gaur oso cool izan daiteke, eta joan zaitezke lasai asko gala batera, sari entrega batera, prakak urratuta eta punk estiloko orrazkerarekin. Berdin da, estilismoaz ari gara besterik ez, itxuraz. Kontu estetiko batez ari gara soilik, ez daukana zerikusirik orrazkera hark bere garaian erakusten zuen mundua begiratzeko modu konkretu batekin.

Hustu egin ditugu hitz asko, hustu egin ditugu irudi asko, eta kanta asko. Azalean askoz erosoago gabiltza eta, gaien sakontasun latz eta deserosoan sartuta baino. Abestu dezagun bada denek batera Cry baby, gure munduan negar gurea eragiten duten arrazoiez hitz bakarra esan gabe.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902