Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Hamabostero Urgainen

Kaioak eta tortura

Anjel. Lertxundi - Domingo, 3 de Julio de 2016 - Actualizado a las 06:12h

Anjel Lertxundi

Galería Noticia

Anjel Lertxundi

Munduan dagoen sufrimendurik ankerrena da giza irudimenak asmatua, eta izena du tortura. Ez da garai joanetako ankerkeria zahar bat, ezta diktaduretan soilik ematen dena ere: torturak eraginak dira oraintxe bertan han-hemengo hainbat demokraziatan entzuten diren oihu lazgarriak ere, gerra garaian Parisko Pompe kalean zegoen Gestapoko komandantzian bertako garbitzaileak entzuten zituenak bezalakoak, hain zuzen. Gerra bukatu berri epaileek emakumeari galdetu ziotenean ez al zituen torturatuen garrasiak entzuten, ez al zitzaion bihotza lazten, Albert Camusek esaten digu garbitzaileak erantzun ziela: “Nire lana ez zen komandantziako poliziek egiten zutenaz arduratzea”. Sakonera handiko hausnarketa batekin biribiltzen du Camusek kontakizun laburra: “Bada isiltasun horiek urratzeko garaia”.

Hedabide bakan batzuek salbu, Estatuko gehienek oso hotz, konpromiso hutsez, eman dute Eusko Jaurlaritzak aditu talde bati agindutako torturei buruzko ikerketaren berri. Hedabide batzuek, ezta hori ere. 1960-2013 urteen artean gertatutako 4.009 tortura-kasu zehazten dira adituen txostenean. Bataz beste, laurogei torturatu inguru urtero. Bada esatea. Eta badago pentsatzea ere askoz gehiago gertatu zirela, hori pentsatzen ez duen gutxi egongo da Euskal Herrian.

Torturak existituko ez balu bezala da, ordea. Eta existituko ez balu bezala lasai bizi gaitezen, tortura praktikatzen dutenen arduradun politikoek edozer dute zilegi torturaren existentzia ukatzeko. Torturak salatzen dituena izateraino gaizkilea: Espainiako Barne ministroari egindako entzuketen kasuan bezala, torturen kasuetan ere torturak sufritu izana salatu duen herritarra izan ohi da kriminal susmagarria eta ez torturatzailea. Tzvetan Todorov-ek kontatua, Les abus de la memoire (Memoriaren abusuak) liburu labur gomendagarrian: Siberiako Soloverstskiye isletan kartzelariek tiroka hiltzen omen zituzten presoen pabiloietara hurbiltzen ziren kaioak, bazekitelako presoek hegaztien hanketan lotzen zituztela torturei eta era guztietako bidegabekeriei buruzko kontakizunak: Gulag-en gertatzen ari zen izugarrikeria beren hegaldien menturara zabaltzen zuten mezulariak ziren kaioak.

Gurean ere, Estatuak mezularia -hankan lotu dioten paper-mutur bat daraman kaioa- jotzen du sistematikoki erruduntzat. Horretarako, azken urteotan primeran etorri zaion aitzakia bat baliatu du Estatuak: ETAkide atxilotuek torturak salatzeko konsigna omen zuten. Libre sentitu zen torturak ez iker-tzeko, eta aitzakia horrek bide luzea egin zuen ETAren indarkeriarekin gogait eginda zegoen hainbat herritarren artean ere. Ramon Saizarbitoriak ondo jasotzen du alibi hori Martutene nobelako pertsonaia baten ikuspegitik: “Gero eta gutxiago hunkitzen zuten beste muturretik, batzuetan zinezkotasun zantzu ukaezinez, egiten ziren eskubide urratze eta tortura salaketek”. ETAk hala nahita edo nahi gabe, atea zabaldu zitzaion torturaren banalizazioari.

Bai, bada isiltasun horiek ere urra-tzeko garaia. Baina ez da batere erraza, zeren esaldi horren osagarri, aintzat hartu beharra baitago Camusek berak beste toki batean dioskuna: “Gizakiongan gauza on gehiago dago txarra baino”. Camusen hitzen oihartzuna dakar Koldo Mitxelenak idatzi zuenak ereDella Rovere jenerala filmaz ari zelarik: “ez dago gizonaz etsitzerik, zein ere galdua dirudien hondamendian barrena”.

Oso da zaila gizakiarenganako halako fede irmoa izatea. Hala ere, ez dago besterik: gure izaeraren zimentu da gizakiarenganako fedea, urratu beharra dago gaizkiaren inguruan ehundutako isiltasuna. Batek bestea dakar. Gizonaz ez etsitzeko, defendatu beharra dago moralki zuzena dena, borrokatu beharra dago moralki okerra denaren kontra, baita zeregin horretan bidesari politikoak eta pertsonalak ordaindu behar badira ere Gasteizen bezala Madrilen. Horregatik da hain zaila gizakiarenganako fedeari eustea.

Torturatuen oihu lazgarriak ziren isiltasuna urratzen zutenak komandantziako horma gotorretatik Pompe kaleraino. Baina garbitzailea, komandantzian lan egiten zutenak, kaleko jendea, entzungor. Imajina-tzen agintariek tortutatzailea kondekoratzea, eta biharamunean saritua komandantziako sotora jaistea, baina oraingoan kondekorazioa paparrean duela? Hori ere gertatu da, eta ez soilik nazien garaian.

Torturak gizartearen orden moralaren parametro guztiak urratzen ditu, eta alienazio modu bat da horren aurrean beste alde batera begiratzea. Indibidualki eta gizarte gisa gure duintasunaz beste egitea, alegia.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902