Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
ostiralean hasiko da

Trafiko Zuzendaritzak udako operazio berezia abiarazi du

Estimazioen arabera, 1.795.000 ibilgailu pasako dira Euskadiko errepideetatik nazioarteko joan-etorrietan

n.g. - 2016(e)ko ekainaren 29a, asteazkena - 11:55etan eguneratua

Trafiko Zuzendaritzak udako operazio berezia abiarazi du.

Trafiko Zuzendaritzak udako operazio berezia abiarazi du.

Galería Noticia

Trafiko Zuzendaritzak udako operazio berezia abiarazi du.

Josu Zubiaga Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburuordea eta Garbiñe Sáez Molinuevo Trafikoko zuzendaria Trafikoa Kudeatzeko Zentroan izan dira. Bertan, uda honetan uztailaren 1etik (ostirala) aurrera trafikoa zuzentzeko abian jarriko den operazioaren berri eman dute.

Estimazioen arabera, 1.795.000 ibilgailu pasako dira Euskadiko errepideetatik nazioarteko joan-etorrietan. Horiei EAEtik inguruko autonomia-erkidegoetara joango diren ibilgailuak gehitu behar zaizkie. Aurreikuspenen arabera, trafikoa iaz baino % 4 handiagoa izan liteke. Segurtasun Sailak hainbat bilera egin ditu sektoreko erakunde eta eragileekin Frantziako poliziak Biriatun egiten dituen kontrolen ondorioak arintzen saiatzeko.

"Segurtasun Sailetik harremanetan izan gara garraioaren sektorearekin eta, nola ez, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Frantziako autobideen konpainiarekin, mugako kontrolen eragina aztertzeko. Bestalde, kontaktu zuzenean egon gara uneoro Frantziako polizia-indarrekin, Hendaiako Polizia eta Aduanen Koordinazio Zentroaren bitartez", esan du Segurtasuneko sailburuordeak.

"Aurreko astean bilera bat egin genuen Frantziako polizia-indarrekin guk eta Bidegik. Bertan, hainbat neurri adostu genituen, muga inguruko eragin negatiboak arintzeko, ez bakarrik autobidekoak. Hori gainera, egungo arrisku-mailak beharrezko egiten dituen segurtasun-jarduerak bertan behera utzi gabe egin daiteke", esan du Josu Zubiagak.

Prentsaurrekoan Trafikoko zuzendariak trafikoaren intentsitatearen estimazioak eman ditu eta, gainera, zaintza berezia beharko duten puntu eta egunetan aurreikusten diren jardueren berri eman du.

Euskadiko herritarrak era mailakatuan joaten dira kanpora eta berdin itzultzen dira oporretatik. Nazioarteko trafiko handienak, bestalde, uztaileko eta abuztuko azken bi asteetan espero dira, joaneko eta itzuliko bidaietarako, hurrenez hurren.

Uztaileko azken asteburuan eta abuztuko lehenengoan pilatzen dira ibilgailu-mugimendu gehienak. Dentsitate handia espero da uztailaren 22aren (ostirala) eta 23aren (larunbata) artean;are handiagoa oraindik, uztailaren 29aren (ostirala) eta uztailaren 31ren (igandea) artean. Gainera, abuztuko lehen asteburuan ere (hilak 5 eta 6) arazoak egon litezke.

Itzulerari dagokionez, ez da horren epe txikian pilatzen normalean, baina abuztuko azken hamabostaldiko asteburuetan Frantziako mugarantz doazen ibilgailuen trafikoa nabarmen handitzen da. Hori kontuan hartzen du Segurtasun Sailak muga inguruko neurriak prestatzerakoan.

Trafikoko Zuzendaritzak bost zati jarraituko ditu arreta bereziz: A-8ko Kantabriaranzko irteeran;Behobiako mugaldean;AP-8tik AP-1erako sarbidean;A-1 autobiatik AP-1 autobiderako sarbidean, Armiñonen;eta N-622 errepidetik A-1 autobiarako sarbidean, Gasteizen.

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritza Ertzaintzaren Trafikoko Lurralde Unitateekin batera lan egiten ari da. Eta dagoeneko egin ditu koordinazio-bilerak Ertzaintzarekin, Foru Aldundiekin eta Autobideekin.

Armiñongo A-1 autobiatik AP-1 autobiderako sarbideari eta Gasteizko N-622 errepidetik A-1 autobiarako sarbideei dagokienez, aurten egun gehiagotan jarriko da seinaleztapen-operatiboa, azken urteetan ikusi den nazioarteko trafikoaren gorakadari erantzuteko.

"Seinaleztapen-operatiboak areagotu ditugu trafikoa arin joan dadin;hala ere, gidarien erantzukizuna ezinbestekoa da gidatzen ordu asko eman baino lehen", esan du Trafikoko zuzendariak. "Ezinbestekoa da ibilgailuaren egoeraren azterketa egitea, pneumatikoak, frenoak, argiak eta abar ondo doazela bermatzeko. Gainera, bereziki garrantzitsua da zuhurtziaz eta pazientziaz jokatzea gidariek, Euskadiko errepideetan trafiko handia izango dugun egun hauetan", gaineratu du.

Gipuzkoan AP-8tik mugara doan errepide-tartea izango da gatazkatsuena, espero denez. Izan ere, Frantziako ordainlekuek har dezaketen trafikoaren ondorioz auto-pilaketak egon dira aurreko urteetan, eta aurten segurtasuna dela medio jendarmeak egiten ari diren kontrolak gehitu behar zaizkio horri. Segurtasun Sailak hainbat bilera egin ditu sektoreko erakunde eta eragileekin Biriatuko kontrol horien ondorioak arintzen saiatzeko.

Horrela, Bidegirekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin adostasun bat lortu da, Biriatuko ordainlekura iritsi aurreko errepide-tartean kamioei aurreratzea debekatzeko. Gainera, AP-8ra sartu eta irteteko guneetan gelditzeko debekua seinale bidez adieraziko da, puntu horietan trafikoa arinagoa izan dadin.

Bestalde, Trafikoa Kudeatzeko Zentroak paneletako seinaleztapen-neurriak indartuko ditu, auto-ilara edo arazoei buruzko mezuak emanez, baita ibilgailu astunentzako zirkulazio-mugak gogorarazteko oharrak eginez ere. Era berean, informazioa denbora errealean emango da Twitterren, @trafikoaEJGV kontuaren bidez, mugikorrentzako APP TrafikoaEJGV aplikazioaren bidez eta 011 arreta-telefonoaren bidez (24 orduko arreta-zerbitzua).

Ertzaintzak Trafiko Unitateko 550 kide prest edukiko ditu Irteera eta Itzulera Operazioan parte hartzeko. Araban Miñoien laguntza izango dute. Gainera, egun horietako zirkulazio hazkundearen eraginpean dauden tokietako komisarietako ertzainen laguntza ere jaso ahal izango dute.

«Badugu arriskuen berri. Arduratsuak izan gaitezen»

Aste Santuko operazio bereziarekin batera, Trafiko Zuzendaritzak kontzientziazio-kanpaina bat abiarazi zuen, lelo honekin: "Badugu arriskuen berri. Arduratsuak izan gaitezen". Martxotik hona mezuak zabaldu dira gidatzerakoan arreta galtzearen edo azkarregi zirkulatzearen arriskuen inguruan gidariak sentsibilizatzeko. Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuordeak kanpaina horren jarraipena aurkeztu du gaur. Beste bi gai jorratuko ditu: alkoholaren eta drogen eraginpean gidatzeak eragindako istripuak, eta oinezkoen harrapatzeak.

"Alkohola, drogak eta kotxea. Konbinazio hilgarria. Ez gidatu" eta "Oinezko bat harrapatzerakoan, zure abiadura da bizitzaren eta heriotzaren arteko aldea" izango dira mezu nagusiak. Gaurtik aurrera eta uda amaierara arte, Segurtasun Sailaren Trafiko Zuzendaritzak bi mezu horiek zabalduko ditu irratiko eta telebistako iragarkietan eta karteletan.

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak nabarmendu nahi du oso arrisku larria dakarrela, norberaren zein besteen bizitzarentzat, alkohola edo drogak hartu ondoren autoa hartzea.

Aurtengo lehen bost hilabeteetan (maiatzaren 31ra arte), Ertzaintzak egin dituen alkoholemia-proba guztietan (bai istripu bat izan duten edo arau bat hautsi duten pertsonei egindakoetan nola kontrol prebentiboetan egindakoetan) emaitza positiboak % 3,3 izan dira. Zifra hori % 31,5ekoa da droga-proben kasuan.

Harrapatzeei dagokienez, iaz 13 lagun hil ziren ibilgailu batek harrapatuta (8 herrigunean eta 5 errepidean). Aurten, gaur arte, lau dira ibilgailu batek harrapatuta hil diren pertsonak (hiru gizon eta emakume bat).

Azken hamar urteetako datuak kontuan hartuta, hildako hamar lagunetik sei gizonak dira eta lau emakumeak. Adinaren arabera, hamar gizonetik lauk baino ez zituzten 64 urte baino gehiago. Emakumeen kasuan, ordea, hamarretik zortzi dira adin-tarte horretan daudenak. Herritik kanpoko harrapatzeetan, biktimak gizonezkoak izan dira oro har (hamarretik zazpi). Alabaina, herri barruko harrapatzeetan biktima gehienak emakumeak izan dira (hamarretik sei). Laburbilduz: herritik kanpo auto batek harrapatuta hiltzen den oinezkoaren profila 65 urtetik beherako gizonezko bat da;aldiz, herri barruan harrapatutako pertsonaren profila 65 urtetik gorako emakume bat da.

Harrapatzeetako gidariei dagokienez, aipatzekoa da hamarretik zortzi gizonezkoak direla.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902