Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa

Doluari buruzko poema “jostalari eta gardenak”

Edu Zelaieta idazleak ‘Ispilu biluziak’ izeneko liburua plazaratu du Pamielarekin

Marta Esnaola - 2016(e)ko ekainaren 28a, asteartea - 06:15etan eguneratua

Edu Zelaieta, artxiboko argazki batean.

Edu Zelaieta, artxiboko argazki batean. (Jaizki Fontaneda)

Galería Noticia

Edu Zelaieta, artxiboko argazki batean.

donostia- Ia 50 poemek osatzen dute Ispilu biluziak liburua, paradoxaz eta kontraesanez betea, doluaren inguruan mintzatzen dena. Edu Zelaietak (Gasteiz, 1973) bere azken liburua plazaratu du Pamiela argitaletxearekin eta ispiluaren gardentasuna erakusteko esfortzua egin du idazleak ahozkotasunera gehien hurbiltzen den bere lanean.

Ispilu biluziak liburuaren abiapuntua idazlearen aitaren herio-tza izan zen eta horregatik, dolua da gai nagusia. “Dolua egiteko balio izan dit liburuak, nire barrena arakatzeko eta miatzeko, eta ziur asko bertan ateratzen den dolua ez da tradiziozkoa”. Egileak adierazi zuenez, hau ez da gai bakarra, eta protagonista den arren, beste zenbait lagunen izenak ere ageri dira liburuan. “Azken finean, denok hiltzearen aurrean uste baino antzekoago jokatzen dugula da ideia”, azaldu zuen.

Bestalde, poesia bilduma honetan harridura, kontraesana eta paradoxa aurkituko ditu irakurleak. “Kontraesana naturalizatu nahi dut”, azpimarratu zuen idazleak, eta jokoa eta umorea ere badaudela gaineratu zuen. “Ez dago karikaturarik, baina jolasa badago, eta baita ironia eta autoironia ere”, esan zuen.

Idazkerari dagokionez, pixkanaka ahozko kodera gerturatzen ari dela konturatu da. “Liburu honetako poemak inoizko narratiboenak dira eta ziur asko ere ahozkotasunetik inoiz baino hurbilago daude”, adierazi zuen eta bere poema batzuk kantu bezala ere definitu dituztela gaineratu zuen. Bestalde, bere lanean gardentasuna interesatzen zaio, ispiluak gardenak baitira, baina “sinplekeria ez egotea” ere bilatu du. “Leuntasunaren eta sakontasunaren arteko bidegurutzea oso interesgarria da eta gauza zailak sinple egitea ikaragarrizkoa iruditzen zait”, esan du.

Harago joanda, liburu osoan ispilu joku bat egin du idazleak. “Simetria batzuk bilatu nahi izan ditut”. Hiru atal ditu Ispilu biluziak lanak eta atal bakoitzean 16 poema ditu idazleak, eta poesia bakoitzaren barrenean ahapaldiek lerro kopuru bera dute. “Hiru atalak ere simetriko xamarrak dira;desberdinak eta, aldi berean, berdinak”. Lehenengo zatia da Zu, eta bigarren pertsonan idatzita daude testu guztiak;bigarrena da Hura, eta hirugarren pertsonan egina da;eta azkenik, Eta nik lehenengo pertsonan idatzita dago. “Batzuetan poema batzuk elkarren artean loturik daude atal beraren barruan eta batetik bestera salto egiten dute, irakurleak nahi dituen loturak egin ahal izango ditu”, aurreratu zuen Zelaietak.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902