Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Boteprontoan

Bestaldean

Karmele Jaio - Jueves, 23 de Junio de 2016 - Actualizado a las 06:52h

Aste honetan 13 Rue del Percebe komiki hura gogoratu duzu, Francisco Ibañezena. Ikusgai zegoen han eraikin bateko pisu bakoitzaren barnean gertatzen zen guztia. Begirada bakar batean adineko emakume baten edo begietan une oro antifaza zeraman lapur baten egunerokoa ikus zenezakeen, edo zorrak ordaintzetik libratzeko edozer trikimailu erabiltzen zuen gizonarena... Tebeoak irakur-tzen zenituen garai hartan askotan saiatzen zinen imajinatzen nor bizi zen eraikin haien barrukaldean. Denborak, baina, dena atrofiatzen du, imajinatzeko ahalmena bereziki, eta gaur egun, etxebizitzen albotik igarotzen zarenean ez duzu une batez ere pentsatzen leiho, gortina eta pertsiana bakoitzaren atzean bizimodu ezberdin asko ezkutatzen direla, jende asko, bakoitza nobela bat idazteko moduko istorio batekin.

Aste honetan emakume bat hil dute bortizki Gasteizko etxebizitza batean. Eta emakume horren bizi-tza zelakoa izan den imajinatzen saiatu zarenean pentsatu duzu hiri berean bizi diren biztanleen bizi-tzak ez dutela zerikusirik. Hiri bateko biztanleak urrun gaude batzuen besteengandik, eta ez dira bakarrik pladurrezko hormak bereziten gaituztenak. Askotan mundu bat dago batzuen eta beste batzuen artean. Negu honetan batzuek ezin izan dute berogailua piztu, adibidez, edo zentimoka kalkulatu dute supermerkatuan zer erosi dezaketen eta zer ez, eta beste batzuek dena izan arren gehiago izatearekin egin dute amets;horma batzuen bestaldean batzuek indarkeria bizi dute, beraien etxean bertan, edo diskriminazio anitzak pairatzen dituzte;badago baita ez duenik etxerik non etorkizun bat amestu.
Denborak dena atrofiatzen du, bereziki imajinazioa, eta kosta egiten zaizu etxe bakoitzeko bizitza imajinatzea. Zaila egiten zaizu zure hirian bertan dagoen aniztasuna ikustea. Eta pentsatu duzu aurrerantzean edozein iritzi eman baino lehen edo zure gizartean eragina izan ahal duen edozein erabaki hartu baino lehen, txikitako begirada hura berreskuratzen saiatuko zarela, eta etxe bakoitzaren barruko bizitza imajinatuko duzula. Horrela komiki hartan bezala, argi ikusi ahal izango duzu zenbat bizitza ezberdin dauden, zenbat aniztasun, zure hirian bertan. Zure bizitzaz edo bizimoduaz gain, badaudela beste hamaika egoera eta modu bizitzeko.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902