Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Pruden Baztarrika autobiografia idatzi duen zumarragarra

“Autobiografia idazteak zure bizitzaren azterketa sakon bat egiteko balio du”

Pruden Baztarrika zumarragarrak autobiografia idatzi du Oripavi elkarteko Miryam Galilea eta Rupa Rodriguezen laguntzarekin. Hilaren 29an, 19.00etan, esperientzia honi buruz hitz egingo du Urretxuko liburutegian

Asier Zaldua - Domingo, 19 de Junio de 2016 - Actualizado a las 06:16h

Pruden Baztarrika.

Galería Noticia

Pruden Baztarrika.

urretxu- Zumarragan jaio zinen, baina Urretxun bizi zara aspalditik.

-1939ko urtarrilaren 22an jaio nin-tzen, Zumarragako Eitzaga auzoan. 28 urte bete nituen arte, bertan bizi izan nintzen. Egunero Sarralde enpresara joaten nintzen lanera: Zumarragatik Urretxura eta Urretxutik Zumarragara. Niretzat bi herriak bat dira, batzuentzat liskar iturri izan badira ere. Bai Zumarragak eta bai Urretxuk eragina izan dute nigan.

Eitzagatik Sarraldera, paseo ederra zenuen.

-Lehenengo bizikleta 17 urterekin erosi nuen. Nolako irrikarekin erosi nuen!

Zenbat urte zenituen Urretxuko Sarralde enpresan lanean hasi zinenean?

-14 urterekin. Sarraldeko arduradun batek nire irakaslearengana jo zuen eta matematikan ondo zebilen mutiko bat behar zutela esan zion, laborategian lan egiteko. Irakasleak nitaz hitz egin zion, gurasoei baimena eskatu nien eta baiezkoa eman zidaten.

Urte asko eman al zenituen laborategian?

-24 urte eman nituen laborategi kimikoan eta fisikoan. Sarraldeko laborategiak oso ondo hornituta zeuden. Inguruko onenak ziren. Bertan, kanpotik ekarritako materiala eta bertan ekoizten genuen salda azter-tzen genituen.

Sarralde itxi zenerako erretiroa hartuta al zeunden?

-Itxi baino apur bat lehenago hartu nuen erretiroa. Ordurako, oso gaizki geunden. Ni erretiratzeko irrikaz nengoen eta errelebo-kontratuak egiten hasiak zeuden. Nik ere eskatu nien, baina jarraitu beharra nuela esan zidaten, nire ordezkoa prestatzeko urte batzuk behar zituztelako.

Bizitza osoa Sarralden lan egin zenuen. Pena emango zizun ixteak...

-Azken urteak gogorrak izan ziren eta lana utzi nuenean lasaitu handia hartu nuen. Dena den, ixtera zihoazela jakiteak pena handia ematen zidan. Produktu oso ona ekoizten genuen eta konpetentziarik ez genuen, baina kudeaketa txarra izan zen eta itxi beharra izan genuen. Altzairu bereziak ekoizten genituen, likido beroekin eta azidoekin lan egiteko egokiak. Baina azkenerako generoa erosteko dirurik ere ez genuen eta bezeroek, poliki-poliki, alde egin zuten.

Noiz hartu zenuen erretiroa?

-2002an. Beti izan dut ikasteko grina eta ordutik hori egin dut. Lanean ari nintzen bitartean, erdi mailako arduradun izateko ikasi nuen. Euskaltegira ere joan nin-tzen. Ama hizkuntza euskara dut, baina ikasketa guztiak gazteleraz egin nituen. Hori dela eta, sekula ez nuen ezer idatzi euskaraz. Arantzazuko egutegia bakarrik irakurtzen nuen euskaraz. Hori dela eta, semeak ikastolan hasi zirenean, euskaltegira joatea erabaki nuen. EGA titulua eskuratu nuen. Nire burua semeei ikasketetan laguntzeko gai ikusi nuen eta horrek asko poztu ninduen. Jubilatu nintzenean, berriz, egurra lantzeari ekin nion. Lantegian burdinarekin lan egin nuen eta egurrarekin lan egiteko gogoa nuen. Bost urte eman nituen egurra tailatzen. Esperientziaren Eskolara ere joan nintzen eta ikasle ohien elkartekoa naiz. Adineko jendeak etxetik irtetea eta ariketa egitea helburu duen Tipi-Etapa ekimenean parte har-tzen dugu, besteak beste.

Horretaz guztiaz gain, autobiografia idaztea erabaki duzu.

- Idazten hasia nengoen, Oripavikoek adinekooi autobiografia idazteko aukera eskaini zigutenerako. Lantegiko datu guztiak ordenagailuan jasotzen nituen eta semeek autobiografia idatzi beharko nukeela esaten zidaten. Duela bizpahiru urte horretan hasi nintzen eta, ondoren, Oripavikoek horretarako laguntza eskaintzen zutela ikusi nuen. Lehenengo bilerara ez nintzen joan, baina azkenean beraiekin harremanetan jartzea erabaki nuen.

Esperientzia polita izan dal da?

-Bai. Zure bizitzaren azterketa sakon bat egiteko balio du. Oso aberasgarria izan da, baina autobiografia batean ezin da dena kontatu. Gauza batzuk oso intimoak dira eta familia tartean dago. Alde horretatik, semeekin eta emaztearekin eztabaidak izan ditut. Emazteak ez zidan bere argazkiak publikatzeko baimenik eman. Hori dela eta, ez dut libururik argitaratu. Koaderno batean jaso dut eta etxekoentzat geldituko da.

Bizitza osoa aztertu duzula esan duzu. Ondorioren bat atera al duzu?

-Azken kapituluaren izenburua Atzera begira, zer? da. Atzera begiratu dudanean, nire bizitzari errepasoa eman diot eta ikusi dudana oinarri bezala hartu dut etorkizunari buruz pentsatzeko. Hemendik aurrerakoa orain artekoaren osagarria izango da. Nire bizitza proiektua ez da hemen bukatzen. Hemendik aurrera gertatuko dena, ikusteko dago.

Bizitza osoa Irimo eta Izazpi mendien magalean eman duzu. Nola ikusten dituzu Urretxu eta Zumarraga?

-Zer esango dizut ba... Oso triste. Jendea etsita ikusten dut: badirudi ez dagoela etorkizunik gure bi herri hauetan. Ez dut uste agintariak ondo ari direnik. Sarralde eta Irimorekin bueltaka dabiltza, baina urteak aurrera doaz eta ez diote irtenbiderik ematen. Denda asko itxi dira, etxebizitza asko salgai daude... eta orain, gainera, Arcelor Mittal itxi dute. Itxiera honek herriari egingo dion kaltea ikusteko dago.

Euskarari dagokionez, baikorragoa al zara?

-Bai. Zorionez, ikastetxe guztietan euskaraz irakasten dute eta gazteak euskaraz hitz egiteko gai dira. Euskara nahiko ondo ikusten dut. Erakundeen aldetik laguntza handiagoa jasoko balu, hobe, baina bide onetik goazela uste dut.

las claves

Gipuzkoako txoko kuttuna. Antio. Arantzazuk ere asko erakar-tzen nau. Skype bidez mintzalagun saioak egiten ditut Baionako emakume batekin eta harekin joan nin-tzen azkenekoz.

Paisaia idiliko bat. Argixao mendia. Gurasoak hangoak ziren.

Festa bat. Santa Isabel eguna.

Mendi bat. Izazpi.

Hondartza bat. Zumaiako Itzurun.

G

ipuzkoatzen


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902