Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Ziritik

Zer gara gu?

Xabier. Euzkitze - Domingo, 19 de Junio de 2016 - Actualizado a las 06:15h

Inaugurazioak, desfileak, ospakizunak...horiek dira Espainiako eta beste edonongo errege-erreginen eguneroko lana. Lehendik antolatuta dauden ekitaldietara joan, tokian tokiko agintariei banan banan eskua eman, irribarre zabal edo murritzagoa eskaini, ikusleak eskuaz agurtu eta ospa. Espainiakoek azken lan hori egin beharrik ere ez dute izaten Euskal Herrira etortzen direnean. Izan ere, gehiago izaten dira aurkako oihuak -edo zarata-tsuagoak- aldekoak baino. Halere, zenbait bisita egiten dizkigute urtearen buruan. Ezer onik eskaintzen al diete Felipe eta Letiziari horrelako egoerek? Bost axola zait. Ezer onik eskaintzen al dio haien bisitak erakusketa baten inaugurazioari? Ezezkoan nago. Arbuioan bat eginik ere, ez du batere funtsik testuinguruan kokatu ezean. Donostiak, Europako Kultura Hiriburu hautatua izan zedin, espainiar estatuko hiriekin lehiatu behar izan zuen, aurten estatu horri baitzegokion hiriburutza bat. Bestetik, kultura ministeritza D2016ko patronatuko kide da, diru asko jarri du, eta errege-erreginen bisita ordaindu beharreko bide-saria zen. Desatsegina, noski, testuinguruaren edo legeriaren araberako bide-sari denak izaten diren moduan. Donostiako balkoian, edo Hernani eta Errezilgoetan, Espainiako bandera jartzea egokitu zitzaien alkateena bezain gogoz kontrakoa. Bitxia da ostiraleko bisitan protestan aritu zirenak piper potoaren bortxazko ezarpenaren aurrean mutu geratu izana.

Bi aldiz jarraian irabazi du Espainiak Eurokopa. Hirugarrenaren bidean, bi garaipen baditu jada. La Rojaren garaipenetan publikoki ezkutatu beharreko poza sumatzen dut inguruan. Gure bizilagunek, hormaren beste aldean ditugun bakarrek, garrasika ospatzen dituzte Nolito edo Morataren golak, baina badakit ziur poltsikoan ukabilak potortzearekin konformatuko liratekeela etxe ondoko tabernan baleude. Espainiako selekzioak final handi bat irabazten duen bakoitzean sortzen den espainiartasun leherketak nagikeria latza eragin arren, sinetsita nago gehienok haren alde gaudela. Gogoan dut oraindik duela zenbait urteko euskarazko saio batean euskal selekzioaren kamisetarekin agertu zen mutiko bat: “lapurtu egin digute” esan zuen. Espainiako selekzioaz ari zen. Oroimenean itsasita geratu zait Egin egunkariaren lerroburu bat ere: “la selección empata”. Hura ere Espainiakoaz ari zen. Zer gara gu, nor gara gu...


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902