Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Hamabostero, Urgainen

Testigu zuzenarena

Anjel Lertxundi - Domingo, 19 de Junio de 2016 - Actualizado a las 06:16h

Anjel Lertxundi

Galería Noticia

Anjel Lertxundi

Makiaveloren zahartzaroko gutunetako batek diosku ortuko lanetan entretenitzen zituela erretiroko orduak. Baina venuta la sera (arratsa iritsitakoan), etxera erretiratu eta nekazari-arropa zikin lokaztuak kendurik, etxean zituen traje dotoreenak janzten omen zituen, erregeekin-eta egoteko baliatu izan zituen arropa elegante berberak;ez, ordea, printzeren edo enbaxadoreren bat errezibitzeko, bere jauregiko liburutegian sartu, liburu dontsuren bat eskuetan hartu eta haren egileari bisitatxoa egiteko baizik:

“Dotorezia horrekin sartzen naiz ni klasikoen gortean;berek adeitasunez hartzen naute”.

Ederrak halako espiritu jantziarekin egindako orduak nork bere liburutegian! Horrela imajinatzen dut Xabier Lete ere arratsaldeko bisitariak behar bezalako pleitesiarekin errezibitzen, Gipuzkoako Aldundiak erosi berri duen liburutegiko apaletatik orain Paveseren Bizitza hizpide hartzeko, Lizardiren Biotz begietan gero, Rilkeren Orduen liburua oheratu aurretik…

Hemendik aurrera Leteren irudimena hornitu zuten liburuetara jotzeko aukera izango dute kritikariek, adituek, ikertzaileek: Leteren biografia intelektuala osatu ahal izango dute liburuen apal batetik bestera, eta euskarak hitz bera izatea -apala- bai liburuen egurrezko euskarrientzat, baita umiltasuna izendatzeko ere zuzen dator. Leteren kasuan, are zuzenago: autodidakta zen, ez zuen letren ikasketa berezirik gozatu ikasle denboran.

Hemendik aurrera aditu jendeak eskura izango du hain ibilbide pertsonal, artistiko, espiritual eraginkorraren nondik norakoen iturrietara jotzeko aukera, Letek egindako bideari jarraiki:

“Ni naiz erreka zikinen iturri garbiak aurkitu nahi dituen poeta tristea”.

Artista baten bizibidean beti izaten diren argilunak hobeto ezagutzeko aukera izango dute adituek. Poema-liburuek, nobelek, literaturari buruzko saioek asko esango digute Leteren ibilbide artistikoaz, haren interes literarioez, maite zituen poetez. Euskal Herriarekin zerikusia duten diziplina askotariko liburuak aurkituko ditugu bertan: historia, antropologia, foklorea… Bertsolariak poeta handienen ondoan daude, Letek herri literaturari eta kultura jasoari zien errespetuari esker. Filosofia zenbat interesatzen zitzaion jakingo dugu: mundua ulertu nahi zuen Letek, eta ezinbestekoa zuen filosofiara ere jotzea, gizartearen nondik norakoak ulertzeko, sistemaren logikari eta pitzadurei aurre egiteko, bere burua munduan kokatzeko, gizarte eta munduarekiko erantzukizunetan erantzule zorrotza izateko. Leteren liburutegiak esango digu Letek fedea eta zientzia uztartu nahi zituela ere, izarren hautsetatik guganainoko eboluzio materialean Jainkoaren arrastoren bat aurkitu nahi obsesiboan. Bertan daude garaian garaiko interesen eta kezken araberako liburuak, sasoi bakoitzeko joera eta gustuen fruituak bezala gehiengoaren gustutik urrutiratzen direnak ere… Leteren jarrera dialektikoa araka daiteke liburuetako azpimarretan eta in margine egindako oharretan;zein interesgarriak koaderno, gutuen eta paper-muturretan apuntatutako kezkak, zirriborroak, zuzenketak…

Idazle baten liburutegia haren ibilera intelektualen eta artistikoaren kartografia da, liburutegian daude idazlearen iturri eta norabideak;bertan ikus daitezke hutsuneak, ausentziak, zuloak ere. Bestalde, Lete bezalako artista baten liburutegia bizitzea egokitu zitzaion gizartearen testigu zuzena da, makurtu gabeko zuhaitz lerden baten proiekzioa eta itzala…

Edmundo de Amicis-ek zioenez, gizaki askoren destinoak zerikusi handia du gurasoek etxean liburutegi bat zuten ala ez. Esaldiari proiekzio soziala eman, eta erantsi liteke herriekin ere berdintsu gertatzen da: gizarte askoren destinoak zerikusi handia du liburutegiei eskaini dien garrantziarekin. Lehen Karlistada amaitu berri, kazetari katalan bat Urdazubira joan zen, bertako liburutegiaren izen onak erakarrita. “Ez dago liburutegirik -esan zion herritar batek-, liburu gehienak zaldien azpitarako erabili zituzten soldaduek”. Gehienak hitzaren atzean zer ote zen jakin nahi izen zuen kazetariak. “Arrotz batek balio omen zutenak hartu eta berakin eraman zituen”, erantzun zion urdazubitarrak. Kulturarekin erakutsi izan dugun utzikeriaren bi aurpegi dakarzkigu pasadizoak: batetik, liburuak zaldien azpitarako baliatzeko gai izateak erakusten duen baldarkeria;bestetik, bertakoen axolagabekeriaz baliatzen den arrotzen interesa. Beste garai batzuk dira gureak, egia, baina etxafuego gutxi: liberaltasun monetarista hutsaren garaiotan artista baten liburutegiaren erosketan sosak gastatzeak harritu egiten gaitu.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902