Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Goio Lekuona matematikako irakaslea

“Kalkulagailuarekin ondo komunikatzeko geroz eta behar handiagoa dutela ikusten dute ikasleek”

Duela hemezortzi urtetik matematikako irakaslea da Goio Lekuona ordiziarra. Casio kalkulagailuaren euskarazko bertsioaren bultzatzailea izan da

M. Aranburu - Sábado, 18 de Junio de 2016 - Actualizado a las 06:14h

Goio Lekuona

Galería Noticia

Goio Lekuona

beasain- Askorentzako buruhauste handia da matematikako irakasgaia. Zenbakiak, ekuazio eta buruketak nagusi diren arren, hizkuntzak ere badu bere garrantzia. Orain gutxi ezagutu da Casio kalkulagailuak euskarazko bertsioa atera duela, eta prozesu horretan bultzatzaileetako bat izan da Beasainen bizi den Goio Lekuona irakasle ordiziarra.

Casio kalkulagailuak euskarazko bertsioa du jada. Zaila izan da euskara hizkuntzen aukeren artean sartzea?

-Guri azaldu ziguten Casio erdarazko kalkulagailu berri bat egiten hasiko zela, eta hori entzun eta segidan hasi nintzen buruari bueltak ematen: eta zergatik euskaraz ez? Hasiera batean erdaraz, euskaraz eta katalanez izan behar zen. Baina Japonetik esan zuten euskaldunak ez zirela hainbeste eta portugaldarrak kopuruz gehiago izanik, aukera hobea zela portugesa izatea hirugarren hizkuntza, eta ez euskara. Nik hor borrokatzen jarraitu nuen, ia bi urte edo eraman ditugu borrokatzen.

Beasaingo Udalera jo zenuen laguntza eta babes bila, ezta?

-Nik argi izan dut hasieratik irakasle xume bat bakarrik naizela eta proiektuak babesa lortu beharra zeukan aurrera ateratzeko aukerak izateko. Beasaingo Udalarekin harremanetan jarri eta haien babesarekin kontua aldatu egiten da. Erakunde baten babesa lortu ondoren ia ez nintzen ni zoro bakarra, eta segituan jendea gehitzen hasi zen.

Betidanik gustatu izan zaizu matematika?

-Duela hemezortzi urtetik naiz matematikako irakaslea. Hala ere, ni berez, informatikoa naiz ikasketaz. Betidanik gustuko izan ditut teklak dituzten tramankulu eta gailu guztiak. Lehen, informatikako klaseetan irakasle gutxi sartzen ziren, ez zelako ohikoa bertako teknologiaren erabiltzea irakasleek. Niretzat izugarrizko pagotxa izaten zen, ikasleekin barrabaskeriak egitera sartzen ginen gela hartara. Orain, geroz eta irakasle gehiagok erabiltzen dituzte teknologia horiek.

Nola sartu zinen kalkulagailuen munduan?

-Duela urte dez3ente sartu nintzen kalkulagailuaren munduan. Nire arrebak beti esaten du niretzako opari hoberena tekla askodun eta ehun orritako manuala duen gailua dela. Horrek ia bakoitzaren inguruan nahikoa esaten duela uste dut (barreak). Mugikorra ere matematikako aplikazioz beteta dut.

2011. urtean sortu zen Euskadiko Matematika Irakasle Elkartea. Bertako kidea ere bazara.

-Bai, elkartea orduan sortu zen eta hasiera-hasieratik bertako kide naiz. Aurretik jendea ia ezagutzen nuen eta saltsa guztietan ibiltzen nintzen. Horrez gain, Espainia mailan badago beste talde bat, kalkulagailuen inguruan 12-20 matematika irakaslek osatzen duguna. Talde hori Espainiako Irakasleen Federazioak eramaten du. Duela urte batzuk kalkulagailuaren diseinua lantzen hasi ginen, zein gauza izan zitezkeen aproposak, ideia berriak... Urtean pare bat aldiz elkartu ohi gara.

Izango dira garrantzia asko ez diotenak ematen hizkuntzaren erabilerari kalkulagailuari dagokionean.

-Noski, batuketa sinple bat egiteko garaian hizkuntzak ez du garrantzirik, baina kalkulagailu hauek eskaintzen dutena askoz ere anitzagoa da. Nik beti esaten dut sakelako mugikorrak hasiera batean hitz egiteko bakarrik balio zutela, eta orain danerako balio dute. Ba kalkulagailuekin ere halako zerbait gertatzen da. QR kodeak ateratzen ditu, grafikoak...

Ikasleek zer iritzi dute euskarazko bertsioaren inguruan? Beharra ikusten zuten?

-Orain dela pare bat urte ikasle batekin hizketan nengoela komentatu nizkion zein berrikuntza geneuzkan buruan kalkulagailuak hobetzeko, eta haren iritzia jasotzeko. Galdetu nion ea zein gauza gehituko zizkion, azkenean ikasleen ikuspuntua oso garrantzitsua da. Hark esan zidan hizkuntza ikusten zuela, eta orduan ikusi nuen bide onetik gindoazela. Ikasleek geroz eta behar gehiago ikusten dute gailuarekin komunikatzeko, eta hizkuntza behar-beharrezkoa da. Klasean kalkulagailua erabiltzen dugu beti. Guk konprobagailua deitzen diogu, ariketak egin ostean ikusteko ea zuzena den atera zaigun emaitza edo ez. Orain, kalkulagailu berri hauekin aukera egongo da ariketa egin ostean guk ateratako emaitza sartu eta ikusteko zuzena den edo ez. Okerra bada, ikasleek akatsa non dagoen aurkitu beharko dute.

Gipuzkoako zure txoko gustukoena. Ordiziarra izanik niretzat ez da zaila galdera honen erantzuna: Ordizia guztia.

Pasaia bat. Beasaingo Igartza jauregiaren ingurua.

Hondartza bat. Zumaiako Itzurun hondartza dago gustukoenen artean.

Mendi bat. Inolako dudarik gabe, Txindoki.

Festa edo ekitaldi gogokoena. Lemniskata Goierriko zientzia sareak antolatzen duen edozein ekitaldi dago gogokoenen artean, horixe aukeratuko nuke.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902