Diario de GipuzkoaDiario de Noticias de Gipuzkoa. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Gipuzkoa
Idazlea

Pako Aristi: “Askatasuna jasotakoa apurtzetik dator”

‘Arrotz eta eder’ (Susa) poema liburuanherentzia sozialak atzean utzi etanorbere buruaren bilaketan hausturatikeraikuntzarako bidea marraztu duegile gipuzkoarrak

JULENE LARRAÑAGA - 2016(e)ko ekainaren 15a, asteazkena - 11:32etan eguneratua

Pako Aristi

(Javier Colmenero)

Galería Noticia

Pako Aristi

ERE bosgarren poema liburuan afera existentzialetara jo du Pako Aristik (Urrestilla, 1963). Zazpi ataletan banaturiko 55 poemen bidez, bizitzaren etapa desberdinei trazoa egin die autoreak, jaiotzetik heriotzerainoko prozesua marraztuz, norbere buruaren bilaketan arrotz izatetik eder izaterainoko bidea eginez.

‘Arrotz eta eder’ liburua ‘jaso dugun herentzia kulturala baztertu eta gainditzen duen pertsona baten istorioa’ dela diozu. Zein herentziari buruz ari zara zehazki?

Irakurri berri dut Integral aldizkarian Salvador Paniker filosofoari eginiko elkarrizketa, eta hau dio: Jende asko desenfokatua dagoela dirudi, eta berriro enfokatzeko modua hau da: nork bere buruari entzutea, eta alde batera uztea ezarri dizkiguten sinismenak. Ederki laburbiltzen du liburuan agertu nahi izan dudana. Nahiko kezka unibertsala da, arazo existentzial guztien gunean dagoena mendeetan zehar. Umetan bizitzeko modu bat erakusten zaigu, gauzak baloratzeko eta epaitzeko kristalak txertatzen dizkigute: programazio bat ezartzen zaigu garunean, eta handik aurrera horren araberakoak izango dira bizitzari buruzko gure iritzi guztiak. Askatasuna hori apurtzetik dator, orduan abiatzen da pertsona batentzat bidaiarik zirraragarriena, bere burua ezagutzearena.

Ordurarte ez omen gara gu, arrotz gara, nolabait esateko?

Gure benetako nortasunari arrotz gatzaizkio, nolabait mozorro edo maskara batekin bizi garelako, komeni diren gauzak esaten eta egiten, arautuak dauden ohiturak betetzen. Une zoragarria da bizitzeko beste modu batzuk daudela deskubritzen duzunekoa, pertsona berezi asko, erabat muturrekoak zaizkizun baloreetan bizi direnak eta, hala ere, zu baino zoriontsuagoak direnak. Ulertzen duzu jaio zaren tokiko kulturak egin zaituela. Baina ez banintz hemen jaio? Ikertu dezadan nor naizen, zerk laguntzen didan bizitzen, eta zerk eragozten. Jada ez zara arrotz zeurekiko. Arriskua dago besteak hastekoa zu arrotz gisan ikusten. Seinale ona.

Pentti Saarikovski poetaren esaldi honekin bat omen zatoz: ‘Erreala naiz idazten dudanean soilik’. Idazten duzunean baino ez zara benetan zintzo?

Alderantziz, agian: zintzoa izan gabe ezingo nuke idatzi. Saarikovskiri nik ulertzen diodana da jende aurrean aktuatzen ari garela, asko edo gutxi, mozorro soziala jantzita. Baina bakarrik zaudenean, zertarako aktuatu? Orduan zaude errealitatearen aurrean. Bestela gizartearen aurrean zaude. Alde handia dago.

Liburuan konstateak dira galderak, duda existentzialak. Gauzak ezbaian jartzea, galderak egitea, beharrezkoak da aurrera egingo badugu?

Galdera teknika bat da gauzak zalantzan jartzeko, gizadiak horregatik egin du aurrera. Gainera, galderak berak dakar erantzuna askotan, gure baitan daudelako bizitzeko behar ditugun tresna psikologiko guztiak. Lurperatuak dauzkagu, sartu diguten zaborraren azpian. Askotan nahikoa da zabor hori kentzea, desikastea, klasikoek zioten moduan. Galderak dinamita kartutxoak dira, zentzu horretan, arriskutsuak jende beldurtiarentzat, baina gozada bat aldaketei irekita bizi garenontzat.

Liburuko ahotsak arlo indibidualetik heltzen dio transzendentziaren eremuari, baina bere herriaren aurrean ere kokatzen du bere burua. Beste ikuspegi bat dago hor, soziala, politikoa… Kolektiboa, azken finean.

Ezinbestekoa da bere egia propioaren bila abiatu denak bere herriaren aurrean ere erantzuna ematea, iruzurra litzateke bestela, halako eskapismo bat, edo kalkulu soziala, poeta izena merezi duen inork praktikatu ez duena munduan. W. B. Yeats dut eredu, independentista irlandarra, Nobel sariduna. Hiru gunetan bildu zuen bere poesia: gai irlandarrak, bere psikearen miaketa eta bere bilaketa espiritualaren kontakizuna. Baina guztia biltzen zuen asmo gorena: Britainia Handiaren menderaketa enpiriko eta inperialetik ateratzea literatura irlandarra, nahiz eta ingelesez idatzi zuen. Herri baten historiaren kontakizun hegemoniko interesatua puskatzera dator poesia iraultzaile oro, herri horretatik idatzia izan bada, eta nirea hala da.

Pertsonaia konketu gutxi ageri dira liburuan, baina badaude ikuspegi ezberdinak, bizitzaren etapa desberdinei dagozkien ataletan banatuta. Zer dela eta egitura hori?

Guregan daude, azken batean, bizitzako etapa guztiak: ume izan gara, nerabe, heldu, mozolo, distiratsu, zikoitz, bihotz-zabal, eta izango garen agure ere bagara;eta heriotza ere bai, gurekin dago jaio ginenetik haren aukera. Gainera bizitza ez da lineala, zirkularra baizik, ume edo gazte bihurtzen gara edozein unetan, edo maiteminduak gaude bat-batean, eta zerbait ikasi badugu une guztiak gozatuko ditugu. Sufrimendua ikasi ez izanaren sintoma da.

Aipatzen duzun norberaren bilaketa horretan poesiak lagundu dizu? Hala izan bada, zer eman dizu?

Poesiak neurriko hitzetara ekarrerazten dizu pentsamendua, ezin duzu gehiegi idatzi, ezta gutxiegi ere, gaiari funtsa kenduko baitiozu. Neurri horren bilaketa abentura apasionantea da benetan, gunea bilatu behar duzulako, eta azalekoak ziren sentsazioak baztertu. Hargatik da generoetan zailena, badu hizkuntza magiko baten traza. Zazpi aldiz idatzi behar da poema bat ongi geratuko bada, eta bidaia horretan gauza asko deskubritzen duzu.

‘Urari ostutako poemak’ aurreko poesia liburua idazteko 10 urte behar izan zenituen. Orain, urtebetean ondu duzu ‘Arrotz eta eder’. Lan bakoitzak bere tenpoa omen, baina badirudi zerbait aldatu dela…

Urari ostutako poemak halako omenaldi bat zen azken hogei urteotan nire begia aldatzen erakutsi didaten maisu literario eta espiritualei, eskatu egingo balidate bezala. Hura idatzita, zorra aitortu ondoren, nire baitako jario propioa da abiatu dena, nire ahotsa aurkitu banu bezala izan da, horrek esplikatzen du denbora aldetik egon den aldaketa.


COMENTARIOS:Condiciones de uso

  • No están permitidos los comentarios no acordes a la temática o que atenten contra el derecho al honor e intimidad de terceros, puedan resultar injuriosos, calumniadores, infrinjan cualquier normativa o derecho de terceros.
  • El usuario es el único responsable de sus comentarios.
  • Noticias de Gipuzkoa se reserva el derecho a eliminarlos.
  • Avda. Tolosa 23 20018 Donostia
  • Tel 943 319 200 Fax Administración 943 223 900 Fax Redacción 943 223 902